Azokan, etxekoen omenaldia

Kontzezio Azoka bizi-bizi dator aurten Mendarora. Biharko azokaren egitarauan, omenaldi bat egingo du udalak, eta apustu bitxi baten lekuko izango dira bertan biltzen direnak. Omenduak Esteban Elorza Kortaberri eta Agustin Larrañaga Agarretxiki izango dira. 74 urte ditu aurrenak, eta 59 bigarrenak. Hainbat trontza txapelketa irabaziak dira elkarrekin, 1980eko hamarkadan hasita.

Trontzalariei ezin omenaldirik egin herri kirol jaialdirik egin gabe, eta horixe antolatu du Mendaroko Udalak: aizkolariak, harri-jasotzaileak, lokotx biltzaileak eta trontzalariak ariko dira lanean, nor baino nor hobeto. Ekitaldiko saiorik deigarriena, ordea, apustua da. Izan ere, trontzan lehian aritu beharko dute bi bertsolarik, jatetxe bateko arduradunak eta politikari batek. Izenak jakinda, bat baino gehiago zur eta lur geldituko da: Andoni Egaña bertsolariak eta Nerea Arebalo Mendaroko Toki-alai jatetxeko arduradunak osatuko dute bikoteetako bat; aurrez aurre izango dituzte Sebastian Lizaso bertsolaria eta Sonia Garcia Mendaroko alkatea. Jokoan, bazkari bat. Irabazi nahiz galdu, Arebalori egokituko zaio otordua prestatzea.

Badirudi balantza Lizaso-Garcia bikotearen alde dagoela. Izan ere, alkatea trontzan ibilia da lehen ere, eta Lizasok ere gertuagotik ezagutzen omen du lan hori beste bikoteak baino. Hala ere, Arebalok serio heldu dio lanari; izan ere, bi hilabete daramatza ahal duenetan Agustin Larrañagaren baserrira igotzen, entrenatzeko. Elorzari eta Larrañagari galdetuta, haiek ere Lizasoren eta Garciaren alde egingo lukete, bietako baten alde apustu egitekotan.

Kontuak kontu, zaleen arreta erakarri du apustuak, eta “jende asko joatea” espero du Garciak: “Omenduek merezi dute”.

Euskadiko txapeldun

Elorza eta Larrañaga “hunkituta” daude omenaldiaren aurreko egunetan. Hitzik ere ez zaie ateratzen ia, udalaren omenaldiari buruz galdetutakoan: “Ez dut uste merezi dugunik halako omenaldirik, baina egingo digutenez, gustura gaude, noski”, dio Larrañagak.

Udalak, berriz, argi du merezi dutena: 1982. urtean lortu zuen bikoteak lehen txapela, Gipuzkoako txapeldun izan baitziren; urte hartan bertan hasiak ziren lehiatzen. Hurrengo urtean Euskadiko txapela irabazi zuten, eta 1984an, Gipuzkoakoa eta Euskadikoa, biak. Ordutik, hainbat urtez aritu dira plazaz plaza, zaleen begiradak eta txaloak jasotzen.

Gaur egun, txapelketetatik erretiratuta egon arren, ikusle gisa alde batetik bestera ibiltzen dira herri kirolez eta apustuez gozatzen. Eta, oraindik ere, ez dute arazorik noizbehinka trontzan aritzeko: baten bati irakasteko, argazkietan azaltzeko… Edozein aitzakia nahikoa da, kirol horrek erakarri egiten baititu biak. Orain, omenaldirako prestatzen dabiltza. “Geure omenaldian trontzan aritu beharko dugu, denbora gutxian bada ere”, dio Elorzak. Bertsolariak trontzan jarrita, norbaitek esan du larunbatean haiek ere bertsoren bat bota beharko dutela: “Ideia ona litzateke hori!”, dio Arebalok. Baina trontzalariek ezetz, buruarekin, ziur.