Etorkinak eta euskara bateragarri direlako

Nik ere Euskaraz Lanean dioen oihalez atondutako mahaiaren atzean, etorkinak euskararekin eta euskal kulturarekin lotura zuzena duten produktuak saltzen. Gipuzkoan apurka gero eta leku gehiagotan ikus daitekeen irudia da, Banaiz Bagara elkartearen eta Jatorkin etorkinen elkartearen arteko lankidetzak ahalbidetu duena.

Irailean jarri zuten abian Salmenta Euskaraz egitasmoa. Helburua, bikoitza; etorkin komunitateak lan sortzean eta lanerako prestakuntza prozesuan modu aktiboan parte hartzea, batetik; etorkinak ere euskararen normalizazioaren parte aktiboa izatea, bestetik. Halaber, proiektu zabalago baten adarra da Salmenta Euskaraz: euskara ikasteko zailtasunak dituzten pertsonei eta, batez ere, etorkinei lanaren bidez euskara ikasteko eta euskaraz lan egiteko aukera eman nahi dien NEL Nik ere Euskaraz Lanean proiektu aitzindariaren adarra, hain zuzen.

Sei euskara ikaslek eta lau begirale euskaldunek osatzen dute Salmenta Euskaraz lantaldea. Begirale horietako bat Mikel Aginagalde da (Hernani, 1986). “Hau etorkinak euskal kulturaren eta euskararen inguruan biltzeko asmoz sortu zen”, azaldu du. Eta, oraindik ekimenak hilabete gutxi batzuetako ibilbidea soilik badu ere, baikor da orain artekoarekin: “Oraindik probak egiten ari gara, herrietara joanez, potentziala non egon daitekeen ikusiz, eta abar. Leku batzuetan salmenta onak izan ditugu, eta ongi doala uste dugu”.

Irailetik Tolosako kultur etxean ikastaroa ari dira egiten, eta urrian hasi ziren Gipuzkoako herrietan salmenta postuak jartzen. Oraingoz, Tolosaldea dute salmenta gune nagusia: “Tolosaldean gabiltza gehienbat, etorkin gehienak bertakoak direlako. Aurrerago joango gara beste lekuetara zabaltzen”, argitu du Aginagaldek. Baina, “noizbehinka” Gipuzkoako beste zenbait herritara ere joaten dira, kultur ekitaldiak eta azoka bereziak direla medio.

Postu horietako mahaien atzean egoten den etorkinetako bat da Brahim Zouiga (Maroko, 1985). Duela urtebete iritsi zen Euskal Herrira, eta egun, Ibarran bizi da. Euskara maila apala du oraindik, baina, Euskal Herrian bizitzeko euskarak duen garrantzia argi eta garbi du: “Lehenik euskara ikasi behar dugu, hori garrantzitsua da jendearekin hitz egin ahal izateko. Euskaldunek atzerritarrekin euskaraz hitz egin nahi dute. Hori oso esperientzia ona da”. Harremanez harago, gainera, euskara lan munduan sartzeko ere garrantzitsua dela uste du.

“Proiektu honekin etorkinak eta euskara bateragarriak direla ere erakutsi nahi dugu”, azaldu du Aginagaldek. Horretarako, Salmenta Euskaraz egitasmoarekin uztartu dituzte euskarazko klaseak ere. “Alde batetik, aspektu teorikoa dago eta, bestetik, postuak elkarlanean jartzea, eta elkarlan horretan euskaraz egiten saiatzea”. Eta noski, bezeroekin ere ahal den neurrian euskaraz komunikatzea.

Ahalegin hori bezeroek eskertzen dutelakoan da Zouiga: “Jendea gugana hurbiltzen denean euskaraz hitz egiten saiatzen gara, eta ezin dugunean pasatzen gara gaztelerara. Baina, apurka ari gara ikasten. Gainera, postuetara hurbiltzen direnek eskertzen dute euskaraz hitz egiteko egiten dugun ahalegina”.

Besteak beste, Katxiporreta kultur elkartearen eta Irrien Lagunak taldeen produktuak saltzen dituzte; azken CDak, DVDak, aldizkariak, arropak eta baita Pirritx, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren panpinak ere. Euskalgintzako beste hainbat enpresa eta elkarteren materiala ere saltzen dute, BERRIAren, Euskal Herriko Plazaren eta Kontseiluaren produktuak, esaterako. Eta, nola ez, baita Banaiz Bagara elkartearen produktuak ere.

Abenduan, indar gehiagoz

Eguberriak hurbil eta, egitasmoko kideak ahalegin berezia ari dira egiten abenduan, Gipuzkoako hainbat herritan postuak jartzeko. Tolosaldean, Ibarra, Aduna, Zizurkil, Berastegi, Amezketa, Anoeta, Irura eta Larraulen postua jarriko dute datozen asteotan. Ohiko zirkuitutik kanpo, datorren asteartean, hilak 13, Urretxun izango dira, Santa Lutzi azokaren harira. Hilaren 18an, berriz, Lasarte-Orian jarriko dute postua, Euskal Jaien aitzakian. Ohiko legez, asteartero Villabonan eta larunbatero Tolosako Euskal Herria plazan jartzen duten postuarekin ere jarraituko dute.