Irunen euskarak toki “duina” izatea aldarrikatu du Xirimirik

“Gure herrian eskubide asko urratzen dituzte; besteak beste, euskaldunon hizkuntz eskubideak”. Hala uste du Irungo Xirimiri Aparta Euskararen Aldeko Taldeak. Izan ere, salatu dute erakunde publikoek, merkataritza eta ostalaritzakoek, alderdi politikoek eta gizarte eragileek hizkuntz eskubideak urratzen dituztela; bide horretatik, adierazi dute euskarak toki “duin” bat izan behar duela herrian.

Euskararen aldeko taldeak dionez, Irungo Udalean gaztelania da gobernu taldearen lehentasunezko hizkuntza, “eta batzuetan bakarra”: “Hamar langiletik hiruren ama hizkuntza euskara da. Langileen %61 elebidunak dira, baina eguneroko lanean %21 inguruk erabiltzen dute gure hizkuntza”.

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, Irungo epaitegian paper guztiak “gaztelania hutsez” egiten dituztela salatu du taldeak.

Euskara,”txikikerietarako”

PSE-EEren jarrera gaitzetsi du taldeak: “PSE-EEren ustez, euskara txikikerietan soilik erabiltzeko da, eta gai garrantzitsuak gaztelaniaz landu behar dira”. Gainera, Xirimiriren arabera, beste hainbat taldek ere “gaztelania hutsez” ateratzen dituzte iragarki guztiak, hala nola CCOO sindikatuak, Irungo Gurutze Gorriak, Irungo auzo elkarteek, PP eta UPD alderdiek eta Alkoholiko Anonimoak elkarteak.

Ohartarazi dute euskara bigarren mailan geratzen dela horren guztiaren eraginez: “Hori dela eta, hizkuntz paisaia euskaldun bat aldarrikatu nahi dugu. Errotuluetan, karteletan eta plaketan euskara ez dugu ikusi nahi letra txikian, edo irakurtezin diren tokietan”.