Pertsona bere bakardadean

Presaka sartu naiz farmaziara; lo egitearekin, eta hartu ezin dudan atsedenarekin pasatzen ez den buruko mina daukat eta botika, sendagai, beneno edo edozerekin erasotzea erabaki dut. Lanera joan aurretik farmaziatik sartu-atera bat egiteko asmoa ustela atera zait. Nire aurretik amonatxo bat besterik ez dago eta agudo bukatuko duelakoan atzean jarri naiz zain. Bere miseriak kontatzen ari zaio farmaziako neskari, ez dut entzun nahi baina ezinezkoa da metro bat aurrerago dudan hitz jarioa saihestea. Nahastuta eraman zuen krema bat aldatu nahi du; alabari esan omen zion izena paperean apuntatzeko baina ez omen zion kasurik egin. Farmaziakoak krema hasi gabe dagoela ikusi bezain pronto bere dirua bueltatu dio. Baina amonatxoak bere bakarrizketarekin jarraitzen du. Aho sabaian sarritan zauri txikiak izaten omen ditu eta ohera joan aurretik mantzanila limoiarekin hartzen omen du.

Atzean gaudenok pazientzia handiz itxaroten dugun bitartean, konturatu naiz intimitateak garrantzia galtzen duela bakardadeak min egiten duen unetik. Bakarrik bizi da, eta batek daki egunean zenbat ordu egiten dituen inoren konpainiarik gabe, bere kontuak norbaiti, edonori, azaltzeko desiratzen.

Jende asko bizi da bakarrik, batzuk hala nahi dutelako eta beste batzuk berriz beste erremediorik ez dutelako. Herri txiki batean ezberdina litzateke agian bakardade derrigortuan dagoenaren bizimodua, baina hirian nahiko gogorra dela iruditzen zait. Tokatu izan zait noizbait autobusean hizketan hasi zaidan gizon-emakume edadeturik, eta egia esan, nahiko dibertigarria da hain ezezagun eta urruneko duzun pertsona batekin kontu-kontari joatea (beno, sarritan bera joaten da kontu-kontari eta zu kontu-entzunlari, ze erremedio). Baina ohartu naiz ordea askotan beldurtu egiten garela ezezagun bat alboan hizketan hasten zaigunean. Zer gertatzen zaigu horrela jokatzeko? Goizeko ordubietan, kale ilun batetik ustekabean harrapatzen zaituen edonork beldurtu zaitzake, baina autobusean alboan eseri zaizun agurea hizketan hasi zaizulako halako mesfidantza sentitzea ez zait naturala iruditzen. Noiz utzi ote genion pertsonez fidatzeari? Agian pertsona helduak egin ginen unean gertatu zen, ez dut ondo gogoratzen.

Batzuetan ez dugu gogorik izaten medikuaren kontsultan zain dagoen aitonaren artrosiari buruz hitz egiteko, edo trenean doan amonak erakutsi digun bilobaren argazkia ikusteko. Baina pentsa ezazue, une batez, bere intimitatea ezezagun bati kontatzen dionak zenbateko bakardadea sentituko duen. Ez dute besterik eskatzen, entzunak izatea.

Eta hori bera da askotan gure beldurrik handiena, besteak entzutea, hizketan ari zaizun ezezagun bati begietara begiratzea. Arraza, adina, sexua, estatus soziala, eta beste hainbat faktorek baldintzatzen dute askotan bakoitzak besteenganako dugun portabidea edo konfiantza. Ez dakit zergatik egiten dugun mundua hain konplikatua.