Beste zutabe eskas bat

Aitziber Garmendiaren txanda ez denean txoko honetara hurbiltzen zareten laurok ez duzue jakingo, baina zutabe hau astebeteko aurrerapenarekin helarazi ohi dugu Andoaingo erredakziora. Oraintxe idazten ari naizela, adibidez, ez dakit komunikabideek datorren ostiralera arte ditxosozko hotzaldiarekin matraka ematen jarraituko duten. Ziurxeagotzat daukat bere lana ondo samar egin dutela. Ibaialde ikastolaren festaz gozatzeko Sartagudara egitekoak ginen osteratxoa igandera arte duda-mudan egongo da, elurra dela-eta Gorriti aldean betirako bizitzera geratu beharko ote dugun beldurra barru-barruraino sartu baitigute. Baina, Oihana, Iñaxio eta hirurok joan ala ez joan, apartekoa izango da eguna, eta Lodosa inguruko haurrek euskaraz ikasten jarraitu ahal izango dute, bai edo bai.

Apartekoa eta galanta, halere, Nafarroako Gobernuaren amorrazioa Gipuzkoako aldundiarekiko, ikastola diruz laguntzeagatik. Che Guevara eta kubatar zoro kuadrilla Angolako iraultzaileei laguntzera joaten zirenekoa gogorarazi dit niri Martin Garitanoren operazio geoestrategikoak. Eta ausarta, bidezkoa eta aproposa iruditu zait, Yolanda Barcinak aurrerantzean Ultzamako perretxikoak txarrantxarekin defendatuko badizkigu ere.

Betiko biolentzia traketsa alde batera utzi eta halako ezkutuko jokaldi burutsuetan indarrak jartzea aurrerapauso itzela delakoan nago. Nazioarteko lagun taldea osatzen, sukalde lana egiten edo elkarrizketa bila ahitzen ditugun indarrak ere CIA koxkor bat antolatzen jarriko bagenitu, laster asko genuke Mikel Markez Eurovisionen euskal herritar askeon ohorea defendatzen. Diplomazia pitokeria konpletoa baita, aspaldi esan zigun Joseba Ariznabarretak; balio duena arerioa zur eta lur lagako duen indar erakustaldi sorta da.

Horrela, gure futbol selekzioak balentria handirik egiteko moduan ez dirudienez, onena arreta espioitzan ipintzea. Erriberako txerokiak munizioz hornitzea hasiera bikaina izan da, baina James Bond-ak ere beharko ditugu, misio benetan arriskutsuetarako. Madrilera eta Parisera dry-martini-ak edatera joan, neska-mutil sexyen eskaintza tentagarriak albo batera utzi… Azal berezia eskatzen du eliteko espioia izateak. Asisko Urmeneta hautagai nabaria da, adibidez. Arerio nagusiak ezin hobeto ezagutzen ditu —Iruñean jaio eta Nafarroa Beherean bizi da—, irudimena eta adorea ditu eta begi bistakoa da klabean hitz egiten badakiela, nik behintzat ez baitiot sekula ezer ulertzen.

Azkenik, behin giza baliabideetakoek lanak bukatuta, ezin edukiko dugu inteligentzia atal itxurazko bat glamour-a duen izenik gabe. Horra proposamena: Espioitza Sustatzeko Kristoren Agentzia Sekretua (ESKAS; nire gaurko zutabea bezala, alegia).