Leon eta Kastillo Donostiako metroan

Orain dela gutxi azpiegitura proiektu handien kontra Donostian egin zen manifestaziora elkarrekin joan ziren Leon eta Kastillo. “Elkarrekin? Beharko! Txanpon bereko bi aldeak dira eta!”, hartu dit kargu aldamenetik ari zaidan batek. Arrazoi du. Beharbada, elkarrekin joan zirela idatzi beharrean, elkarrekin ondo hartuta joan zirela edo horrelako zerbait idatzi behar nuen; manifestazioan zalantzarik gabe parte hartu zutela, alegia.

Baina Leon eta Kastillo txanpon bereko aldeak direla bezain egia da elkarri bizkar emanda bizi direla eta, ondorioz, eztabaidak sarri baino sarriago izaten dituztela. Donostiako manifestazio hura ez zen salbuespena izan.

Bulebarretik euripean abiatu bezain laster, antolatzaileek banatutako esku orria irakurtzen hasi zen Leon, eta, horrekin batera, arbuiatutako proiektuak zerrendatzen: AHTa, Pasaiako kanpo portua, errauskailua, Donostialdeko metroa…. “Metroa?”, harritu plantak egin zituen Kastillok (plantak baino ez, manifestazioetara joan aurretik deialdien xehetasunak irakurri ohi dituen horietakoa baita). “Bai, metroa —berretsi zion Leonek—, zergatik harritzen haiz?”. Kastillok ez zuen erantzuteko aukera pasatzen utzi, jakina.

Haren iritziz, metroa proiektu bat baino gehiago etiketa bat da, edo nahi bada, Jaurlaritzak hainbat proiektu zaku berean sartzeko erabiltzen duen etiketa. Proiektu horietatik batzuk interesgarriak ez ezik oinarrizkoak ere izan daitezke garraio publikoa sustatuko bada. Esaterako, zenbait tartetan trenbidea ez bada bikoizten, nekez areagotuko da inoiz zerbitzuen maiztasuna.

“Eta inork ez dik ezer horren kontra —argudiatu zuen Leonek—. Baina proiektu horien guztien izarra eta, azken batean, etiketaren beraren sorburuan dagoena Donostiako pasante delakoa duk. Neurriz gaineko proiektu erraldoia duk, eta garestia, are gehiago krisi garaian”.

Kastillok ez zion arrazoi kendu, baina ez zen horregatik ñabardurak egin gabe geratu. Gipuzkoan garraio publikoa sustatzeko balizko proiektu guztiak premiaren, inbertitzeko dagoen diruaren eta, azken batean, eragingarritasunaren arabera zerrendatuko balira, pasantea seguruena azken postuan agertuko litzateke (beharbada azken aurrekoan, AHTa kontuan izanda, baina tontoenak ere badaki horrek ez duela garraio publikoaren sustapenarekin inolako zerikusirik). Beraz, ados: ikuspuntu askotatik begiratuta, metroa proiektu eztabaidagarria da. Baina balizko eztabaida hori ez da inolaz ere AHTaren, Pasaiako portuaren edo errauskailuaren inguruan egin daitezkeenen senide. Ez, behintzat, Kastilloren iritziz.

San Martinetik pasatu eta atzera berriz Bulebarrera iritsi ziren. Kioskoko ekitaldiari adi, Leonek eta Kastillok elkarren arteko eztabaidan behin-behineko etenaldia egitea adostu zuten. Metroaren inguruan egin den propaganda lotsagarria, handikeria, finantzaketa arazoak, lehentasunak… gauza asko geratzen dira pendiente. Ondoren jarraituko zuten, etxeko bidean. Topoan.