Aniztasun funtzionalari ateak zabalik

Aniztasun funtzionala duten pertsonak kirolera hurbildu eta haiengan jarduera fisikoa, aisia eta osasuna sustatzea da Mindara elkartearen helburua. Errenteriako Morrongilleta kalean du egoitza, eta Gipuzkoa mailan eragiteko asmoa du; hilaren 5ean aurkeztu zuten jendaurrean, Errenteriako Fanderia kiroldegian antolatu zuten II. Pilota Egokituko Nazioarteko Txapelketaren barruan. Aurkeztu berri badute ere, urte eta erdiko ibilbidea egin du, eta gogotsu ari da lanean hasieratik. “Kirola, errehabilitazioa eta gizarteratzea lantzeko modu ezin hobea da, eta hori helarazi nahi diegu bereziki aniztasun funtzionala duten pertsonei”, azaldu du Mikel Eizagirre elkarteko kideak.

Bi egiteko zehaztu zituen Mindarak hasieran, pilota eskola egokitu bat sortzea eta aldizkari bat argitaratzea. Pilota eskola martxan da: “Lau pilotari ari dira une honetan taldean; Fanderiako pilotalekuan entrenatzen dira, eta prestatzailea dute horretarako”, azaldu du Eizagirrek; horrez gain, Mindy aldizkariaren lehen zenbakia argitaratu dute. Biak sendotu nahi dituzte orain Mindara elkarteko kideek.

Elbarritasun intelektuala duten lagunei pilota munduaren ateak zabaltzea izango da elkartearen hurrengo urratsa: “Badakigu halako elbarritasuna duten pertsonek frontoietan gozatu egiten dutela; primeran moldatzen dira gainera. Gurpil aulkian daudenentzat ere zoragarria da pilota, beharrezkoak dituzten aulkiak garestiak badira ere”. Izan ere, pilota egokituan jokatu ahal izateko gurpil aulkiek 3.000 euro balio dute.

Pilota eskolarekin batera, jarduera aniztuneko proiektu bat dute buruan oraintxe Mindaran lanean diharduten sei lagunek. Menpekotasun handia duten haur eta gazteei begirako egitasmoa da azken hori: “Ikastetxeetan kirol jarduerak egin ezin dituztenentzat litzateke; eskubaloia, saskibaloia, futbola eta halakoak praktikatzen dituzte eskoletan, baina elbarritasuna duten haur edo gazte batzuek ezin dute bertan parte hartu. Haiei erantzutea izango litzateke jarduera aniztuneko proiektuaren helburua”.

Oarsoaldean jarri nahi dute martxan Mindarakoek haur eta gazteentzako egitasmo hori: “Talde aitzindari bat osatu nahi dugu bertan, nahiz eta gure herrialdean ez den berria. Izan ere, Gipuzkoan badira halako jarduerak egiteko aukera ematen duten hainbat herri: Zarautz, Eibar, Tolosa…”.

Jarduera aniztuneko taldea osatzeko, Oarsoaldeko udaletako kirol arduradunekin bildu dira Mindarako kideak. Datuak ere bildu dituzte, eta, Eizagirrek azaldu duenez, Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Lezoko herritarren %9k dute elbarritasunen bat. Kirol Egokituen Federazioaren laguntzarekin taldea martxan jarri eta Gipuzkoako beste eskualdeetara zabaltzea da asmoa.

Kirola, gizarteratzeko tresna

Zailtasunak ere topatu dituzte bidean Mindara elkartekoek. “Elkarteko kideen artean osasun arazoak izan ditugu, eta horrek atzeratu egin du gure martxa. Baliabideak lortzeko bidea ere zaila da, eta izugarri luzatzen da lehen kontaktuak egin eta erantzunen bat jasotzen duzunera arte”, esan du Eizagirrek.

Elkarteak behar zehatzak ditu. Lehenik eta behin, aniztasun funtzionala duten eta kirola egin nahi duten pertsonei dei egin die Eizagirrek elkartearekin harremanetan jarri eta “amets hori egia bihurtzeko”. Giza taldea ere osatu nahi dute, “datozen horiei kalitatez erantzun ahal izateko”. Laguntza eskatu dute azkenik, eguneroko jarduna ziurtatu ahal izateko bitarteko ekonomikoak behar dituztelako.

Manuel Quesada elkarteko kidea da, baita pilota egokituko taldeko partaideetako bat ere. Pilotan hasi aurretik, esgrima egiten ere aritua da Quesada. Kirolaren bidez bere egoera pertsonala gainditu eta autonomia maila handiagoa lortu duela esan du. Pilota taldearen esperientziarekin “gogobeterik” sentitzen da: batetik, aniztasun funtzionala duten beste pertsonak ezagutu eta elkarrekin harremanetan jartzea lortzen dutelako, eta, bestetik, horrek bere burua indartzen laguntzen diolako: “Kalera irteten zara, beste pertsonekin harremanetan jartzen zara eta duzun hori gainditzen laguntzen du, edo hobeto eramaten behintzat. Gure egoera gizartaratzeko balio du”.

Horren harira, ezinbesteko “tresna” iritzi dio Mindarari: “Gure egoera berean dagoen jende askok ez daki nora jo. Kirola egiten hasi nahi du, baina ez daki zer egin, nora jo horretarako edo non aurkitu laguntza. Horretarako sortu dugu zehazki Mindara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.