“Realarekin zerbait handia lortzearekin amesten dut”

Aintzane Encinas Realeko kapitainak (Donostia, 1988) ez dio askorik begiratzen taldearekin 300. norgehiagoka jokatu izanari. Taldea buru-belarri ari da lanean Espainiako Kopara sailkatzeko. Azken bost partidak irabazi ditu Realak, eta Encinasek esperantza du laster lorpen handiagoren bat ospatzeko. “Lor daitekeela uste dut. Ligan talde on asko daude, baina gu horietako bat gara”.

Duela bi aste Realaren elastikoarekin 300. partida jokatu zenuen, Sevillan. Lehia berezia izan al zen?

Bai, partida berezia izan zen. Niretzat gauza ederra da Realarekin 300 partida jokatu ahal izatea. Gainera, garaipen batekin ospatu ahal izan nuen [0-4 irabazi zuten]; horrek are bereziagoa bihurtu zuen eguna, bai niretzat eta bai taldekideentzat. Oso pozik nago zenbaki horietara iristeaz. Hala ere, ez diot eman nahi daukana baino garrantzi handiagoa.

Taldea sortu zenetik zabiltza Realean. 300 partida, guztira. Horietatik, zein hiru dituzu bereziki gogoan?

Gogoan dut Realarekin jokatutako lehenengo norgehiagoka. Tolosako txapelketa batean izan zen, taldea oraindik guztiz osatu gabe zegoela. Ligako lehenengoa, berriz, Amara Berri taldearen aurka jokatu genuen. Hala ere, guztien gainetik partida bat dut gogoan: lehen mailara igo ginenekoa. Kanariar uharteetan lortu genuen amestutako igoera.

16 urte besterik ez zenuen Realak talderako aukeratu zintuenean. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Realak lehenik entrenamendu batzuk antolatu zituen Zubietan. Jokalari askok parte hartu genuen bertan. Zoratzen nengoen entrenamendu horietara joateko aukera izatearekin bakarrik. Amets bat zen Realak nesken talde bat izatea, eta talde horretarako niri deitzea… Bada, pentsa! Ederki gogoratzen dut egun hura. Tolosako txapelketa hura jokatu berri genuen. Haren ondoren esan ziguten taldean geldituko ginen ala ez. Reality bat zirudien. Denak elkarrekin geunden, eta areto batera joan ginen entrenatzaileekin hitz egitera. Ni garai hartan lotsati samarra nintzen. Aretora sartu, eseri, eta ez nintzen gai entrenatzaileei begiratzeko. Gogoratzen dut Iñigo Domingez entrenatzaileak nola esan zidan: “Zuk inoiz ez duzu barre egiten? Hasi barre egiten, Realean jokatuko duzu eta”. Esaldi horrekin hasi zen historia.

Hamar urtean asko aldatu al da Reala?

Bai, duela hamar urteko egoera desberdina zen. Hasierakoarekin konparatuta, erakundearen aldetik dugun babesa handiagoa da. Baldintzak beste batzuk ziren orduan, taldekideak ere bai. Duela hamar urteko Realaren maila handia zen, baina ez urteekin hartu duen adinakoa. Pausoz pauso aurrera egin du taldeak. Gero eta jende gehiago etortzen da gu ikustera, komunikabideek ere jaramon gehiago egiten digute eta klubaren babesa erabatekoa da.

Jokalari on askoren aurka aritu izan zara. Zein nabarmenduko zenuke?

Jokalari on asko daude, baina bat aipatzekotan Vicky Losada aipatuko nuke. AEBetako liga profesionaleko talde batera joan berri da, eta onena opa diot. Jokalari handia da. Bestalde, Veronica Boquetek ere maila bikaina du. Gaur egun, Suedian jokatzen du.

Reala, Athletic, Bartzelona, Atletico Madril, Sevilla… Gero eta klub gehiago ari dira emakumezkoen taldeak sortzen. Horrek zein onura ekartzen dizkio emakumezkoen futbolari?

Beti da ona azpiegitura handia duten klubek emakumezko taldeak sortzea. Klub horiek dituzten azpiegiturek babes handia ematen digute hobetzen jarraitzeko.

Pentsatzen dut hamar urtean aldatuko zela aldagelan duzun rola, ezta? Lehen, 16 urte zenituen. Orain, taldeko kapitaina zara, 25 urterekin.

Egia esan, bai. Lehen, jende helduagoarekin egotea egokitzen zitzaidan. Horrek lagundu dit orain naizena izaten. Askotan esan izan dut futbolarekin egin naizela emakume. Hasieran ume bat nintzen, zaharragoekin jokatzen zuena. Orain, zaharrena ez, baina zaharrenetako bat naiz. Nabaritzen da aldea.

Realak jokalari gazte asko ditu: Nahikari Garcia, Leire Baños… Haiei begiratuta, duela hamar urteko Aintzane Encinas ikusten al duzu?

Bada, askotan bai. Niri orain ohikoa iruditzen zaidan edozer gauzak ilusio izugarria egiten die haiei. Guk dagoeneko bizi dugu garai hori. Niri ilusioa egiten dit ikusteak nola gozatzen duten denbora gehiago daramagunok askotan baliorik ematen ez diegun xehetasun txikiekin. Talde gaztea dugu, eta uste dut apurka gorantz egingo dugula. Hobetzeko tarte handia dugu, eta gogoa eta ilusioa zerbait polita egiteko.

Zerbait polita non? Espainiako Kopan, esate baterako?

Liga amaitzeko zortzi partida falta zaizkigu oraindik. Norgehiagoka horietan ahalik eta ondoen egin nahi ditugu lanak. Egia da bigarren buelta oso ona egiten ari garela eta Kopara sailkatzeko helburua gero eta gertuago dugula, baina ligan ere ahalik eta posturik onenean geratu nahi dugu. Kopara sailkatu, eta sailkatzen bagara, lan ona egin. Baina lehenengo helburua da sailkatzea, gero gerokoak.

Athleticekin gero eta lehia estuagoak jokatzen dituzue, Bartzelona liderraren etxean berdintzea lortu zenuten… Amets egiten al duzu laster tituluren bat altxatzearekin?

Realarekin zerbait handia lortzearekin amesten dut. Uste dut klubak merezi duela, baita taldetik pasatako guztiek ere. Lor daitekeela pentsatzen dut. Ez dugu gainontzeko taldeek baino maila txikiagoa. Ligan talde on asko daude, baina gu horietako bat gara. Lehenik, guk sinetsi behar dugu. Horrela hobeto joango da dena.

Aurten da urtea orduan? Kopa Realak irabaziko du?

Kar, kar, kar. Ez naiz ausartzen esatera “aurten bai” edo “irabaziko dugu”. Baina esan dezaket ahal dugun guztia egingo dugula urrutira iristeko. Gero, ikusiko dugu noraino iristen garen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.