Pepe Artola, XIX. mendeko saltseroa

Pepe Artola donostiarra (1864-1929) jaio zenetik 150 urte bete ziren urtarrilean. Idazlea izan zen. Antzerki obra batzuk idatzi zituen. Bertso asko ere bai. Horrez gain, aktorea ere bazen. Komediantea. Kantaria. Musikaria. Saltseroa, hitzaren zentzu onenean, saltsa askotan parte hartzen zuen pertsona baitzen. Donostian kultura ekintzarik antolatzen bazen, ez zen urruti ibiliko Artola. Haren jaiotzaren 150. urteurrena dela eta, Liburuaren Nazioarteko Egunean omenaldia egin zioten, lehengo astean.

Pepe Artola 150 urte. Donostiar xelebrea. Antzezlea, bertsolaria eta saltseroa deitu zuten ekitaldia. Artolaren testu batzuen irakurketa dramatizatua egin zuten Ramon Agirrek, Hasier Hernandezek, Jose Ignazio Ansorenak eta Eneko Olasagastik. Batez ere, “komediantearen alderdia” erakutsi zuten ikuskizunean.Olasagastiren esanetan, beste askoren artean hori baitzen donostiarraren alderdi “nabarmenetakoa”. Antonio Zabalak Auspoa bilduman argitaratutako Ustez laguna detan ta beste bertso asko liburuko biografiaren zati batzuk irakurri zituzten lehenik, Artola nolako gizona zen erakusteko. Haren bi bakarrizketa antzeztu zituzten gero.

Olasagastiren arabera, Artolaren omenezko ekitaldiak bi helburu nagusi zituen. Batetik, artistaren irudia eta lana jendeari ezagutaraztea. Eta, bestetik, “uste oker” batzuk zuzentzea: “Askotan uste dugu mundua gurekin jaio dela eta tabernetan bakarrizketak egitea gaur goizeko kontua dela”. Bada, erakutsi nahi izan dute XIX.mendean dagoeneko egiten zituztela bakarrizketak euskaraz, Donostiako kafetegietan.

Garai hartako kronikek kontatzen dutenez, Artolaren ikuskizunek ospe handia izaten zuten. Donostiarrak zain egoten ziren artistak bakarrizketa bat noiz egin. Gutxi behar izaten zuen guztiak barrezka jartzeko. Hari bati heldu, eta inprobisatu egiten zuen Artolak. Olasagastiren ustez, horrek erakusten du haren komediante sena: “Komediante batek ez du testu askorik behar”.

Ofizio askotako pertsona

Lanbidez etxe apaintzailea izan arren, gazte-gazterik hasi zen idazten. Bertsoak, antzerki obrak eta ipuinak idatzi zituen,bereziki. Zortzi antzerki obra argitaratu zituen: Legorreko arrantzalia (1898), Bixente (1901), Praishku (1902), Sabiroya (1903), Pello Kirten (1906), Joxepa eta Bittori (1909), Mocha erriyan (1923) eta Mari Iñaxi nerea (1921). Haren bertsoak, berriz, Auspoa bilduman argitaratuta daude, bi liburutan: Ustez laguna detan eta beste bertso asko (1961) eta Ustez laguna detan (2006). Idazle eta aktore izateaz gain, Donostiako Orfeoieko kide izan zen Artola, eta leku askotan kantatu zuen: Bilbon, Bartzelonan, Okzitaniako Tolosan… Musika jotzeko ere esku ona zuen donostiarrak. Donostiako Bandan kontrabaxua jotzen zuen. Antonio Zabalak haren biografian kontatzen duen honek laburbiltzen du Artolaren izaera: “Galdetzen zioten: ‘Zer moduz Pepe?’ Ta berak erantzuna: ‘Beti con trabajo'”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.