Ordizia ere, lehen mailan

Eibar eta Reala, futbolean. Ampo Ordizia, errugbian. Baina horiek bakarrik ez. Areto futboleko maila gorenean ere talde bat izango du Gipuzkoak datorren sasoian, Estanda Ordizia taldeak Espainiako ligako lehen mailara igotzea lortu baitu estreinakoz. Mugarria jarri dute ordiziarrek futbol modalitate horretan, baita emakumezkoen kirolean ere.

Estanda Ordiziak hainbat urte daramatza lehiaketako lehen postuetan jokatzen. Espainiako ligako bigarren mailan sei urte egin dituzte, igoerako play off-ean hiru aldiz jokatu dute, eta aukera baliatu zuten duela bi aste, goraino iristeko. Bilbo FS talde bizkaitarra eta Gurpea-Orbina nafarra ere ordiziarrekin batera ariko dira maila gorenean.

Bartzelonako Rubi taldearen aurka jokatu zuten azken kanporaketa: etxeko Majori kiroldegian 3 eta 1 irabazi ostean joan ziren Kataluniara, baina partida bukatzeko lau minutu falta zirela, 5-0 galtzen ari ziren ordiziarrak. Hiru minutuan beste horrenbeste gol sartu zituzten, ordea, eta egundoko garaipena lortu.

“Lan handia dauka honek atzetik”, aitortu du taldeko entrenatzaile Iñaki Herasek. Lana futbol aretoan, baina baita bulegoetan ere: “Lehenik eta behin, dirua bilatu beharra dago. Diru asko behar da, baina eskerrak laguntzak dauzkagun: Gipuzkoako Aldunditik, Beasaingo Estanda enpresatik…”. Baina, diruaren gainetik, kirolarien sakrifizioa dago: “Neskek ez dute ezer kobratzen, konpromiso guztiarekin ari dira. Askotan, dirua galdu ere egiten dute, bidaietan edo entrenatzera etortzeko”

Areto futboleko nesken taldea 1988an sortu zuten. Emilio Ortiz izan zen bultzatzaile nagusia, eta oraindik ere bada, bigarren entrenatzaile lanetan baitabil. 2007-2008ko denboraldian hasi zen garapen ikusgarria: Gipuzkoako Txapelketa, Gipuzkoako Kopa eta Euskadiko Txapelketa irabazi zituzten. Euskadikoa irabazteak lehen mailara igotzeko kanporaketa jokatzeko aukera eman zien, Torre-Pachecon (Murtzia, Espainia). “Lineako autobusean joan ginen, dirurik ez genuen eta. Gure helburua ez zen igotzea, esperientziarekin gozatzea baizik. Euskadiko Txapelketa irabaztea jada ez genuen espero; egun-pasa joan ginen”, azaldu du Ortizek. Aurtengo kanporaketa ezberdina izan da. Urte asko daramatzate jokalariek, eta kirol lorpen handi baten parte izateko irrikan zeuden. Hain zuzen, giltzarrietako bat jokalarien multzoa dela dio Herasek. Maite Gonzalez kapitainak, adibidez, hamasei urte daramatza taldean jokatzen, 14 urte zituenetik.

Oraindik “ametsetan” jarraitzen du Gonzalezek: “Urte asko daramatzagu bigarren mailan borrokan, eta igoera betiko ametsa da. Badakigu lortu dugula, baina partidak hasten diren arte, amestsetan arituko gara”. Hamabi jokalari inguruk osatzen dute Estanda Ordizia, baina horietatik Gonzalez da ordiziar bakarra gaur egun. Gipuzkoa osoko jokalariak biltzen ditu taldeak: Lazkaoko bi jokalari, Beasaingo bat, Tolosako bi, Orendaingo bat, Donostiako bost eta Gasteizko bat. Entrenatzaile, berriz, Heras eta Ortiz; ezinbestekoak direnak, jokalariek sare sozial batean adierazi dutenez: “Haiek ez baleude ezingo genukeen aurrera egin. Kanpoko jendeak, agian, ez du ikusiko egiten duten lana, duten ilusioa eta gogoa. Guretzat, ordea, bi horiek dira zuzendaritza, talde teknikoa eta gainontzeko guztia. Eurak bakarrik. Aparteko bi pertsona dira, eta den-denaz arduratzen dira”.

Igoera lortuta, Heras eta Ortiz hasiak dira dagoeneko datorren denboraldia antolatzen. “Jauzi handia da, eta aurrekontua ia hirukoiztu egingo zaigu. Askoz bidaia gehiago izango ditugu, eta urrunagora egin beharrekoak. Hamar bat partida gehiago jokatu beharko ditugu”, azaldu du Herasek. Oinarrizko multzoak segituko duen arren, bizpahiru jokalari gehiago ekarri nahi dituzte taldera, indartzeko. Diruari dagokionez, 65.000 eta 75.000 euro artean bildu beharko dutela kalkulatu dute. Taldekideek sosik jaso gabe segituko dute, baina lehen mailan izanda, futbola diru iturri duten zenbait jokalariri aurre egin beharko diete.

Laguntza gehiago gizonei

Orain, enpresei eta erakundeei proiektua aurkezteko lanean dabiltza bi entrenatzaileak, babes ekonomikoa bermatze aldera. Heras kexu da mutilen kirolak laguntza gehiago jasotzen duelako: “Nesken kirolean, atzera egiten du jende askok. Badago matxismo pixka bat. Egia esan, gu ezin gara kexatu, laguntza jaso dugulako, baina mutilen kiroletan dirua lortzea errazagoa da”.

Gonzalezek ere zailtasun hori ikusten du:”Betiko kontua da. Gainera, areto futbola bera jarraitzaile urriko kirola da. Hala ere, badirudi jendea konturatzen hasi dela non egon garen eta zer lortu dugun. Harrituta daude asko, noraino igo garen ikusita”. Irailetik aurrera ere, kiroldegian sumatu nahi dute babesa: “Ea jendea animatzen diren partidak ikustera”.

Kapitainaren hitzetan, lana ere ugarituko zaie jokalari eta entrenatzaileei: “Entrenamendu gehiago egin beharko ditugu, eta gogorragoak izango dira”. Ilusioari dagokionez, ordea, lehen mailako onenen gainetik ibiliko dira, eta talde izaerari ere eusteko asmoa dute. “Garrantzitsuena azken urteotako multzoa mantendu izana da. Talde horrekin lehen mailara igotzea, nire ibilbide profesionalaren bukaeran eta ni gainera Ordiziakoa izanda, izugarria da”.

Olatz Ibarguren, Ane Izagirre Intxausti, Ane Garmendia, Itsaso Galarraga, Maddi Izagirre, Irati Landa, Maite Gonzalez, Sarah Ugarte, Ainara Balerdi, Ane Izagirre Arruabarrena, Itziar Lopez eta Irati Esteban. Horiek dira, Heras eta Ortiz entrenatzaileekin batera, Ordizian, areto futbolean eta emakumezkoen kirolean historia egin dutenak. Eta balentria erdietsita, datorren sasoian ere gailurrean idatziko dute Estanda Ordizia taldekoek Gipuzkoako kirolaren historiarako hurrengo orrialdea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.