‘Lillonarios’: izango ez dena

Gogoan dut ezagun batek esan zidala nola, egun motela gurutzatzen zitzaion bakoitzean, aldartea suspertzeko bere ezkontzako erretratuei begiradatxoa botatzea nahikoa zuen. Egokia iruditu zitzaidan norberaren tristezia kontsolatzeko makina edukitze hori. Nire ezteiak argazkilaririk gabe ospatu genituenez, beste metodologia bat aurkitu behar izan dut, baina nik ere badut aspaldi dopin pertsonal hutsezina. Zimelduta nabilenean, Youtuben Juanma Lilloren pare bat prentsaurreko irenstearekin, fotosintesi emozionala egin, eta loretan altxatzen naiz aulkitik.

Lilloren eta nire arteko norabide bakarreko maitasun istorioak egunotan bete du seigarren urtemuga. Azaroko zapatu euritsua zen, Eibarren aurkako derbia. Atezainak Diaz de Cerioren tibia bere tokitik atera eta aurrelaria esku-ohean eraman zuten aldagelara. Lillok, modu zintzoan hunkituta, lur jota geratu ziren taldekideak estu besarkatu zituen lehenbizi banan-banan, eta Diaz de Cerio musu beroarekin agurtu gero. Euskal Herriko futbola bezain testuinguru oso matxoan bere sentimenduak hain modu maitagarrian erakutsi zituena txalotzen ari nintzela, harmailatik artaburu oso matxoren batek epaileari freskagarria bota zion. Lilloren kopeta odoletan utzi zuen botilak, eta arbitroak ospa egin zuen Anoetako artaburu oso matxoren batek zehaztasun gehiago azaldu baino lehen. Sekuentzia Realaren historiako penagarriena izan zen, baina laztanak oparitzen zituen, eta bere zaleen atentatua pairatu zuen idolo berriarekin irten nintzen ni trantzetik.

Neure burua Lillologo-tzat dut harrezkeroztik. Are serioago hartu nuen jarduera duela pare bat urte, Bogotako Millonariosera mugitu zenean. Iraultzaileak errealismo magikoaren lurraldean bizi izandakoaz dena jakin nahi nuen. Nabigatzaileko gogokoetan karpeta atondu nuen Kolonbiako egunkariekin. Lillok -beti gertatzen zaio- azkar hartu zuen hango azentua, eta bere hizkerari erakargarritasun estra gaineratu zion, halakorik posible bazen. Haren prentsaurrekorik erdipurdikoenak Championseko finalik beroenak baino gehiago balio du, baina Lillologia-k baditu bere arriskuak ere. Boyaca Chico taldeko Juan David Perezen dohain apartak xehatzen hain izan zitekeen sinesgarria, aurrelariaren golak ikusiz arratsaldea galtzen amaitzen nuela.

Epifania azken Gabonak pasatuta izan nuen. Zergatik ez erakutsi nik miresten dudan Lillo berbera munduari? Hiru hilabetez haren bizitzari erreparatzeko ideiari bueltak ematen hasi nintzen. Dokumentalak hasieratik zuen izen ebidentea, Lillonarios. Protagonista bakarraren konplizitate osoa beharko nuenez, klubaren prentsa bulegoari idatzi nion. Berotu horietako batean, Bogotako alokairuen prezioak ere aztertu nituen. Porrot ekonomikora eramango zidan egitasmoak, noski, baina zer arraio.

Uda iristerako puxika hustu zidaten, Lillo kargutik kentzearekin. Geroztik nora ezean nabil, nire bizitzari zentzua eman behar zion obra sekula burutzerik izango ez dudalako. Lillonarios gabe, hori bai, bide bakarreko maitasun istorioak aurrera jarraituko du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.