“Gehien gustatzen zaidana egiten geratu nintzen itsu”

“Gehien gustatzen zaidana egiten geratu nintzen itsu”

Nekane Zinkunegi Barandiaran

Surfean “oso berandu” hasi bazen ere, Aitor Frantzesenak (Zarautz, 1970) 30 urtetik gora daramatza olatuak hartzearen zaletasunari lotuta. “Gure gurasoak ez ziren oraingoak bezalakoak. Gaur egun, gazteek hatz bat jasotzerako nahi dutena lortzen dute: surfeko taula bat, patinetea, edo 14 urterako munduan bidaiatzea…”. Seme-alabek nahi dutenerako gurasoek dirua inbertitzen dutela iruditzen zaio, oraingo gazteek dena eskura dutela: “Hegazkin bat, itsasontzi bat edo suziri bat gustatzen ote zaien galdetu, eta ‘ba, besterik gabe’ erantzuteko kapaz dira, gainera”.

Bere kasua ez zen horrelakoa izan; gauza bat edukitzeko asko saiatu beharra zeukan, eta garai hartan aberatsak zirenek soilik egiten omen zuten surfa. Horregatik, lehorrean hasi zen surfean, patineteekin. Horiek pixka bat merkeagoak ziren, baina patineteak ere eurek muntatutakoak izaten ziren. “Gero, taulak egiten-eta hasi ginen, surfa asko gustatzen zitzaigulako, edo surfa egiten zuen jendeari eskatzen genion taula”. 13 bat urterekin hasi zen surfean, eta, oraingo egoerarekin alderatzeko, alabaren adibidea jarri du: “2 urterako bere taula zuen, hortik kontuak atera”.

Bizitza osoa darama surfari lotuta. Hamasei bat urtez aritu zen entrenatzen, eta 23 urte inguru besteei erakusten. Gaiaren inguruko bi liburu ere idatzi ditu: Las olas contadas eta Querer es poder. Horrez gain, Aritz Aranburu, Axi Muniain, Eneko eta Kepa Acero eta beste hainbaten entrenatzailea izan da; gaur egun ez da bere lanbidea, baina laguntza eskaintzen die surflariei.

Surfa eta itsasoa bere bizitza dira: “Paseatzen arituta ere itsasoa entzuteak asko eragiten dit. Itsaso gogorra dagoela entzuten badut, urduri jartzen naiz, edo adrenalina igotzen zaidala sentitzen dut; bare badago, berriz, asko erlaxatzen nau, musika entzuten arituko banintz bezala”. Izan ere, 2012az geroztik, begiratuta ere ezin du itsasoa ikusi. Jaiotzatiko glaukoma baitu begietan: “Gaur egun horrekin jaioz gero kontrolatzea egongo litzateke, baina gure garaian ez. Ebakuntza mordoa egin zizkidaten, eta nire begiak oso kaltetuta daude”.

14 urterekin eskuineko begiko ikusmena galdu zuen, eta ezkerrekoa mantentzeko etengabe ebakuntzak egiten hasi zitzaizkion. Begiaren tentsioa kontrolpean zuenean, kornea hasi zitzaion huts egiten, eta oso ondo geratu ez zitzaizkion bi transplante egin zizkioten. “Hirugarrenaren zain nengoela, olatu batek jota begia lehertu zitzaidan, eta hala geratu nintzen itsu”. Baina bere ardurapeko kontua izan zenez, ez dio horrenbesteko tristurarik eragiten: “Neuri gehien gustatzen zaidana egiten ari nintzela gertatu zen, neure ardurapean, eta ez ebakuntza gela batean; horrek kontsolatzen nau”.

Itsu geratu izanaren ondorioz, beste era batera ikasi du itsasoaz eta surfaz gozatzen, itsasoak asko kendu badio ere gehiago eman diola sentitzen baitu: “Hutsetik berriz ikasi behar izan dut. Pixkanaka ikasten ari naiz; geroz eta hobeto sentitzen naiz, geroz eta olatu handiagoak hartzen ditut, eta jendeak ere ongi ikusten nau. Hori bai, caddy batzuk ditut, beti alboan joaten direnak niri laguntzeko”. Golfean laguntzaile lanetan aritzen direnak izaten dira caddy-ak, eta Frantzesenak halaxe deitzen die bere laguntzaileei.

Olatuak hartzeko modua aldatzeaz gain, surflariei irakasteko metodo propioa ere garatu behar izan du: “Surflariei euren entrenatzaile izaten erakusten diet”. Entrenatzaile batek hainbat arlo izan behar ditu kontuan: fisikoa, teknikoa, psikologikoa, janariarena… “Surf saioak grabatu, eta gero fotogramaz fotograma aztertzen ditugu, une bakoitzean zer egin beharko luketen ikusteko. Izan ere, surfean segundo bakoitzean egin beharrekoa eginez gero, dena perfektu geratzen da gero”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.