Emaitza bakarra: hamarra

Zaila. Bera Bera eskubaloi taldeak hitz horrekin definitu du lehen kolpean aurtengo denboraldia. Eta polita, gelditu zaien sentsazioa.

Kirolean zein pertsonalki izan dituzte zailtasunak zein momentu gogoangarriak. Espainiako Liga hirugarren urtez jarraian irabazi dute, horrek dakarren sekulako lanaren zamarekin, baina, era berean, ereindako fruituez gozatzeko sentsazio gozoarekin. Entrenatzailea aldatu aurretik momentu zailak izan dituzte, eta aldaketa horrek berak zer ekarriko zuen, tentsio hori ere egon da. Taldekide baten heriotzak ere denboraldia belztu du.

Guztiaren gainetik, ordea, hamar borobil bat eman dio denboraldiari Tati Garmendia Bera Berako kirol zuzendariak: “Oso konplikatua eta zaila da hiru urtez jarraian liga irabaztea. Gainera, liga oso estu egoten da; lau talde daude goian, eta ez da hain erraza garaipenak eskuratzea, are gehiago denboraldi honetan izan ditugun zailtasunak kontuan hartuta. Nahiz eta Erreginaren Kopa ez irabazi, hamar bat ematen diot denboraldiari”.

Lortutakoa lortzeko sekretu gutxi: lana gogotik egitea. “Talde honetako jendeak kalitate handia du, eta, horrez gain, oso-oso lehiakorrak dira. Kalitatea, lana eta lehiakortasuna elkartzen badira, hori oso positiboa da, eta lorpenak etortzen dira”.

Jokalariek ere bat egin dute kirol zuzendariaren iritziarekin. Zailtasunei aurre egiten jakin dutela nabarmendu dute Esther Arrojeriak, Nagore Arizagak eta Uxue Ezkurdiak. “Ondo egokitu gara, eta lan asko egin dugu”, adierazi du Ezkurdiak. “Bai, konplikatua izan da, baina, oso lotuta gaudenez, aurrera atera gara, eta bukaera polita eman diogu”, gehitu du Arrojeriak.

Ondorio nagusi bat atera du Garmendiak denboralditik: denboraldi berean gauza askori aurre egin behar izaten dietela eta ikusi dutela taldeak zailtasunei aurre egin diezaiekeela. Entrenatzailea aldatzea gakoetako bat izan da. Aitor Etxaburu izan dute entrenatzaile denboraldi hasieran, baina taldea ongi ez zegoela jakinarazi zioten jokalariek kirol teknikariari, eta zirt edo zart egin beharra zegoen: “Apustu arriskutsua izan da, nire postua galtzear egongo litzateke gauzak gaizki ateraz gero. Lider zihoan talde bateko entrenatzaile bat ordezkatu genuen, eta hori arriskutsua zen. Baina taldea ez zegoen ongi, eta horrela jakinarazi zidaten. Askotan zeure buruari ez diozu garrantzirik eman behar eta guztiaren gainetik taldea jarri behar duzu”. Montse Putse kataluniarra aritu da entrenatzaile lanetan.

Babeslearen esperoan

Zailtasun ekonomikoen gainean ere hitz egin du Garmendiak: “Zor bat dugu, eta pixkanaka tapatzen ari gara; helburua hemendik hiruzpalau urtera zorrik ez edukitzea da. Egia da ez dagoela arazo ekonomiko larri bat, baina beti gehiago nahi duzu, eta bide horretatik taldekideen egoera hobetu”. Taldekideen kontratuak hobetzea, esaterako: “Kirolari bati kontratua hobetu nahi diozu errendimendu ona duelako, baina ezinezkoa da aurrekontu bati lotuta zaudelako”.

Orain urte batzuk denak profesionalak ziren taldean, eta duela lau urte eta bi urte murrizketa “oso handiak” egon ziren —200.000 euroko murrizketa aurrekontuan—. Hori horrela, talde guztia profesionala izatea “ezinezkoa” da, eta gaur egun semiprofesionala da. “Hori bai, talde osoak Gizarte Segurantzan kotizatzen du. Gurea talde bakarra da, edo bakarrenetakoa, Gizarte Segurantzan kotizatzen duena, taldekide guztiak esan nahi dut. Kirolari ordu asko eskaintzen dizkiozu, eta zure lan moduan azaltzea oso garrantzitsua iruditzen zait”. Jendearen konpromisoa ere bide beretik doala adierazi du, “profesionala”. Emakumeek ere kirol bat edukitzeko eta horretara dedikatzeko “eskubidea” dutela iritzi dio.

Zailtasun handiena finantzaketa pribatua aurkitzea da. Erakundeek babesten dute, baina argi du diruak finantzaketa pribatutik etorri behar duela: “Ezin gara soilik publikotik bizi”. Aurten bi babesle atera zaizkie, baina babesle indartsu baten esperoan daude. “Hori da behar duguna”. Iritsiko dela ziur dago: “Bera Berara batzea proiektu indartsu eta sendotu bati batzea da. Balio garrantzitsu batzuk ordezkatzen ditugu, garaipenez aparte. Nik uste garaipenek ez dutela beti egon behar babesle bati lotuak, eta hala izan ohi da askotan, gainera”.

Emakumeen eskubaloiak publizitatean eta gizartean erakargarritasuna baduela iruditzen zaio kirol zuzendariari, eta komunikabideetan toki gehiago duela ere bai. “Telebistan, hala ere, oraindik pauso bat dago emateko. Jendeak eskubidea du eskubaloi femeninoa telebistan ikusteko”.

Aitorpen horretan Espainiako Eskubaloi Selekzioak lortutako garaipenek zerikusia dute Garmendiaren irudikoz. Harmailetan ikusle gehiago daudela nabaritu dute Bera Berako kideek, “eta hori pozgarria da benetan”. Eskubaloian emakume eta gizonen desberdintasunez hitz egitean, Garmendiak uste du gaur egun ezin dela horretaz hitz egin, “krisiak gizonen eskubaloia ere jo duelako”.

Desberdintasunak zeuden garaian, beraz, ekonomikoak ziren batik bat. Bere jokalari garaiak gogoratu ditu horri erreferentzia eginez: “Garai batean desberdintasunak handiak ziren. Selekzioan ere emakumeek lan bera egiteagatik gutxiago kobratzen zuten. Nire garaian, kopuru bera kobratzen zuten neska onenak eta aulkian jokatu gabe egoten zen mutilak”.

Zehaztapenak ere egin ditu: “Egia da garai hartan neskek ez zituztela gizonek adina garaipen lortzen, baina lortzen hasi zirenean ere ez zen inon islatuta azaldu. Aitzakia bezala garaipenak erabiltzen ziren lehen”. Hala ere, alderaketak egitea ez zaio gustatzen, “agian gizonek gehiago sortzen dutelako”, baina argi du bakoitzak berea aldarrikatu behar duela, eta desberdintasunak baldin badaude gutxitu egin behar direla.

Kirola, lana eta ikasketak

Esther Arrojeria eta Uxue Ezkurdia ikasleak dira goi mailako kirolariak izateaz gain. Arrojeria Erizaintza ikasten ari da, eta Ezkurdia, Enpresaritza. Euren denbora hobeto antolatzea dute erronka, bi gauza uztartu ahal izateko. Biek ala biek goizez dituzte klaseak, eta, entrenamenduak arratsaldez direnez, nahiko ongi moldatzen dira. Gainera, goi mailako kirolariak izanik, unibertsitatean erraztasunak ematen dizkietela adierazi dute: azterketen datak aldatzeko, klaseak galduz gero irakasleen laguntza dute… Kirola eta ikasketak uztargarriak direla diote.

Zaila dena eskubaloitik soilik bizitzea da, eta horren adibide da Nagore Arizagaren erabakia: taldea utziko du. Erizain lanetan dabil, eta bere kasuan zailtasunak egon badaude: “Bi gauzak aldi berean egiten saiatu naiz, baina zaila da goi mailako kirol bat eginez bi gauzak uztartzea. Egunero entrenatzen gara, eta asteburuetan partidak ditugu. Denbora asko kentzen dizu”. Ikasten zebilen bitartean, eskubaloian izaten zuten bi hilabeteko atsedenaldia aprobetxatzen zuen praktikak egiteko.

Asko pentsatutako erabakia izan da Arizagarentzat: “Hainbeste urte eskubaloian ibilita, nire egunerokoan zegoen”. Aurrerantzean harmailetatik ikusiko ditu partidak: “Ea zenbateko inbidia pasatzen dudan!”. Bere ibilbidea gogora ekarriz, hasierako garaiak “gogorrak” izan zirela gogoratu du. Ikastetxetik atera eta entrenatzera joaten zen. Lehenengo bi urteetan gazte mailan bere taldearekin entrenatu eta gero, egun batzuetan Bera Berara joaten zen, entrenamentu saio bikoitza egitera. Handik atera eta etxera joaten zen ikastera. Sentsazio ezin hobearekin bukatu du, ordea, bere goi mailako kirol ibilbidea: “Ezagutu ditudan pertsonak geratuko zaizkit gogoan. Hainbeste bidaia, ordu… lagun handiak egin ditut. Kiroletik harago, pertsona moduan asko ikasi dut”.

Arizaga ez da taldea utziko duen bakarra; beste hiru ez dira hurrengo denboraldian Bera Beraren parte izango. Patri Elorza eta Maria Nuñez Frantziako Ligara doaz, eta Amaia Azanzari ez diote kontratua berritu. Garmendia kirol zuzendariak dioenez, normalak dira jokalarien joan-etorriak, baina baikorra da hurrengo denboraldiari begira: “Ez dut inongo zalantzarik talde lehiakor bat osatuko dugula”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.