Udaletan hegemonia garbirik ez

Udal hauteskundeen osteko mapak kolore bakarrekoa zirudien duela lau urte. Bilduk nagusitasunez irabazi zuen Gipuzkoan, eta udaletan ere inoizko udal kopuru handiena lortu zuen Sortu, Alternatiba eta EAren arteko koalizioak. Hegemonia. Horixe Bilduk 2011ko udal hauteskundeen ostean lortutakoa definitzen zuen hitza. Hegemonia hori galdu egin du oraingoan EH Bilduk, eta mapa berriak kolore gehiago ditu, 2011 aurretik egindako beste hauteskundeekin antza handiagoa duena.

EH Bildu 39 udalerritan izan da lehen indarra —gaur egun 58 alkatetza ditu—, eta horietako 34tan gehiengo osoarekin irabazi ditu hauteskundeak. Beste bost udaletan (Errenteria, Andoain, Astigarraga, Soraluze eta Mutriku) gehiengo soilarekin irabazi du koalizioak, eta ikusi beharko da hauteskunde osteko itunetan zer gerta litekeen udal horiekin.

Zenbakietan dirudiena baino handiagoa da galera, ordea. Izan ere, galdutako hemeretzi udal horien zerrendan herri handi ugari daude, hiriburutik hasita: Donostia, Zarautz, Arrasate, Bergara, Tolosa, Beasain, Lasarte…

Herri horietako gehienak EAJren esku geldituko dira. Izan ere, hauteskundeotan inork igoerarik izan badu, EAJk izan du. Foru gobernua eskuratuko du, eta udal gobernuetan ere nabarmena izango da haren igoera. Izan ere, soilik lau alkatetza ditu egun, eta hauteskundeotan 23 udaletan izan da lehen indarra. Hamar udaletan gobernatuko dute gehiengo osoarekin, baina litekeena da beste hamahiru udaletan ere udal gobernua eskuratzea, batzuetan inoren babesik behar izan gabe, eta bestetzuetan PSE-EEren botoekin.

PSE-EEk hiru alkatetza ditu egun Gipuzkoan (Irun, Eibar eta Zumarraga); horietan gehiengoa sendotu egin dute sozialistek, eta hiru herri gehiagotan irabazi dituzte hauteskundeak: Lasarte, Pasaia eta Albiztur. Gehiengo osoarekin gobernatuko du PSE-EEk Zumarragan, eta Albizturren ere sozialistek soilik dute ordezkaritza udalean.

Gainerako alderdiek ez dute inolako herritan lehen indarra izaterik lortu, eta apenas izango duten eraginik udalen osaketan. Horrez gain, hemezortzi herritan hautes elkarte independenteek lortu dute lehen indarra izatea.

Udalez udal hartuta, hainbat kasu berezi eta ezohiko topa daitezke udal hauteskundeek utzitako emaitzei erreparatuz gero, bai berdinketa izan delako eta udal osaketa oraindik argi ez dagoelako, bai ezker abertzaleak urte askotako hegemonia galdu duelako, eta baita zerrenda bakarra aurkeztuta alderdi horrek udal gobernua ia babesik gabe eskuratu duelako ere. Hona hainbat adibide.

gipuzkoa

ARRASATE

Ezker abertzalearena izan da historikoki Arrasateko udal gobernua, baina EAJk eskuratu du garaipena herri horretan. 3.748 botorekin, zortzi zinegotzi izango dituzte jeltzaleek; eta zazpi zinegotzirekin geldituko da EH Bildu (3.342 boto). PSE-EEk hiru zinegotzi izango ditu, bi zinegotzi Si Se Puedek eta bat Irabazik.

HBk 1987an irabazi zituen hauteskundeak lehendabizikoz, eta ordutik parte hartu duen hauteskunde guztietan irabazi izan du ezker abertzaleak, 2003an kenduta —hauteskundeetan ezker abertzalearen zerrenda legez kanporatuta zegoen—. Beraz, 2003-2007 agintaldian izan zuten gobernua jeltzaleek, baina baita 1997tik 1999ra ere. 1995ean egin ziren hauteskundeak, eta HB izan zen boto gehien jaso zuen zerrenda. Sei zinegotzi zituen HBk, bost EAJk eta lau PSE-EEk. Xabier Zubizarretak kontrako botorik gabe hartu zuen alkatetza 1995ean, baina bi urte geroago, ETAk Miguel Angel Blanco hil zuenean, PSEk eta EAJk bat egin zuten, eta alkate jeltzalea jarri zuten.

Iragan igandean galera handia izan zuen, ordea, EH Bilduk. Bilduren eta Aralarren botoak batuta, 5.497 boto jaso zituzten aurreko hauteskundeetan, ezker abertzaleak inoiz jasotako boto kopururik handiena, baina igandean 2.000tik gora boto galdu zituzten. EAJren gorakada, berriz, nabarmena izan da Arrasaten; izan ere, aurreko agintaldian 2.114 herritarren babesa lortu zuen, eta 3.748 boto jaso ditu orain.

Hala ere, Maria Ubarretxenak gidatzen duen zerrendak ez du gehiengo osorik lortu, eta, gobernua eskuratu arren, hitzarmenen bidez atera beharko ditu aurrera bere proposamen eta ekinbideak. PSE-EE, “udal egonkortasuna” lortzeko bidean, jeltzaleak babesteko prest dagoen udaletako bat da Arrasatekoa.

Debagoienean, Arrasate ez ezik, Bergara, Eskoriatza eta Aretxabaleta ere galdu ditu EH Bilduk; eta Antzuola, Elgeta eta Oñatin eutsi egingo die udal gobernuei. Leintz Gatzagan independenteak izango dira gobernuan.

ORDIZIA

Zinegotzi kopuruan parekatuta daude EAJ eta EH Bildu Ordizian, hauteskundeak jeltzaleek irabazi dituzten arren. Botoetan tarte txikia dago bien artean —1.754 boto eskuratu dituzte jeltzaleek, eta 1.672 boto EH Bilduk—, baina litekeena da gobernua EAJk eskuratzea.

Beste hiru zinegotzi izango dira udaletxean, bi Orain Ordiziarenak eta bat PSE-EErena. Buruzagi jeltzale eta sozialistek elkarri egindako keinu eta eskaintzei erreparatuz gero, EAJk arazorik gabe eskuratu beharko luke PSE-EEkoaren babesa, eta Orain Ordiziak izan dezake giltza. Ordiziarrek, ordea, zigortu egin dute EH Bilduren kudeaketa, 2011tik ia 500 boto galdu baititu —Aralarren botoak ere barne hartuta—, eta ez dirudi erraza sortu berri den alderdiak herritarrek babestu ez duten zerrendaburua alkatetzara eramatea. Igor Eguren Bilduko alkateak, ordea, “alderdi guztiekin hitz egiteko irekita” daudela iragarri du, nahiz eta adierazi duen EAJri dagokiola lehen urratsa egitea, berak irabazi dituelako hauteskundeak.

Hondakinen kudeaketak eta atez ateko bilketa sistema jarri izanak hauteskundeetan izan duen eraginaren adibideetako bat izan liteke Ordizia.

1995etik 2011ra arteko hauteskunde guztietan EAJren zerrenda izan da gehien bozkatua Ordizian. EAJ eta EAren eszisioaren ondoren, 1987an eta 1991n irabazi zituen hauteskundeak HBk Ordizian, baina ondoren EAJren aroa ireki zen. 2011ko udal hauteskundeetan, ordea, 2003ko eta 2007ko legez kanporatzeak gaindituta, Bilduk udal gobernua berreskuratu zuen, inoizko babesik handiena lortuta, gainera. Bilduk 1.949 boto lortu zituen, eta horri EH Bildu koalizioan dagoen Aralarren 219 botoak gehitu behar zaizkio.

Goierrin, Beasain, Ordizia, Lazkao eta Ormaiztegin utzi dio EH Bilduk lehen indarra izateari. Ormaiztegin ez besteetan, EAJ gailendu zaio koalizioari. Legorreta, Itsasondo, Zaldibia, Ataun, Segura eta Zerainen, berriz, EH Bilduk berriro irabazi ditu hauteskundeak. Goierriko gainerako herrietan independenteek irabazi dute.

Urola Garaian, Legazpi eta Urretxu galdu ditu EH Bilduk, EAJren mesedetan, eta Zumarragan gehiengo osoa lortu du PSE-EEk. Ezkio Itsason independenteak izango dira udalean.

PASAIA

EH Bilduk Pasaia ere galdu du; historikoki lehen indarra izan da koalizioa, eta hirugarren indar bihurtu da. EAJ eta PSE-EE gailendu zaizkio, bosna zinegotzirekin. Baina, 145 botoren aldearekin, sozialistek irabazi dituzte hauteskundeak, eta alkatetza lortuko dute, ez baitirudi EAJk kontra egingo dionik. EH Bilduren ordezkaritza zortzitik lau zinegotzira jaitsi da, eta, Aralarren botoak kontuan hartuta, 1.000 boto baino gehiago galdu ditu —1.834 herritarren botoa jaso du—.

Beste hainbat herritan baino gehiago, atez ateko bilketa sistemak agintaldi osoan harrotu ditu hautsak Pasaian, eta atez ateko sistemaren kontra gogorren egin duten bi alderdiek atera dute horren etekina hautetsontzietan. PSE-EEk 2.146 boto eskuratu ditu, orain dela lau urte baino mila gehiago; eta EAJk, 2.001 botorekin, 900 boto egin du gora.

Ezker abertzalearena izan da garaipena Pasaian 1987az geroztik. 2003an —legez kanporatuta zegoen zerrenda— ez beste udal hauteskunde guztietan irabazi du, eta beti gainditu izan du 2.000 botoren langa. Urte horietan guztietan, PSE-EE izan da bigarren indarra, eta EH Bilduren gainbeherak sozialistei egin die mesede gehien.

Oiartzualdean, Pasaiaz gain, EH Bilduk Lezon ere utzi dio lehen indarra izateari; EAJk irabazi ditu hauteskundeak bertan. Oiartzunen, berriz, gehiengo osoari eutsi dio koalizioak, eta Errenterian ere irabazi egin du EH Bilduk.

HONDARRIBIA

EAJk jarraituko du Hondarribian alkatetzan, eta hurrengo lau urteotan inoiz baino babes handiagoz. Gehiengo osoa lortu dute jeltzaleek, hamar zinegotzirekin, eta boto igoera ere izugarria izan da. 2.788 bototik 4.267 botora igo baitira. Bestalde, EH Bilduk jaitsiera nabarmena izan du Hondarribian; bigarren indarra izateari utzi eta hirugarren indar bihurtu da: bost zinegotzi ditu orain, eta bi izango ditu aurrerantzean.

Eszisioa izan da Hondarribiko EH Bilduren jaitsieraren arrazoi nagusia. Hainbat gai tarteko, batez ere alardearen auzian izandako ezadostasunengatik, ezker abertzaleko hainbat kidek beste hauteskunde zerrenda bat osatu zuten: Abotsanitz. EH Bildu erabat kontrako agertu da alarde tradizionalarekin, eta Abotsanitzek alarde tradizionalarekiko errespetua eskatu du, eta Sorturi egotzi dio gai hori “marra gorri” gisa hartzea eta herritarrek auziari buruz esateko zutena ez entzutea. Hala, EH Bildu soilik 867 boto bildu ditu —2.066 lortu zituen 2011n—, eta Abotsanitzek 1.443 eskuratu ditu (hiru zinegotzi).

Gauzak horrela, EAJk Gipuzkoan gehiengo osoz gobernatuko dituen hamar udaletako bat izango da Hondarribia.

Bidasoaldean aldaketa gutxi izango da, beraz, udaletan. Izan ere, Irunen ere PSE-EEk errepikatuko du udal gobernuan. Sozialistek hamar zinegotzi izango dituzte, bosna Si Se Puedek eta EAJk, hiru EH Bilduk eta bi PPk.

MUTRIKU

EAJren eta ezker abertzaleak aurkeztutako siglen arteko lehia estua izan da beti Mutrikun. Tartekatzen joan dira bateko eta besteko gobernuak urteekin, eta igandeko emaitzek parez pare utzi dituzte bi alderdiak. Botoetan EH Bilduk irabazi du (1.047 boto), baina sei boto baino ez dizkio atera EAJri (1.041 boto). Zinegotzietan, berriz, parekatuta daude biak, sei zinegotzirekin. Mutrikuko Berdeak Independenteak alderdiak izango du, beraz, giltza.

335 botorekin, zinegotzi bakarra eskuratu dute MBI taldekoek, baina haiena izango da Mutrikuko alkatea zein izango den hautatzeko erabakia. Iñigo Agirre Arrieta MBIko zinegotziak eskualdeko Hitza-ri egindako adierazpenen harira, bere taldeak aurreikusten zuen zinegotzi bat izatea; ez, ordea, udalaren osaketan erabakigarriak izango zirenik. Antza denez, oraindik ez dute erabakirik hartu. “Aurreikuspenen arabera, ez genuen uste Mutrikun horrelako egoera bat izango zenik. Egoera garrantzitsu batean gaudela jabetzen gara […] Ezer ez daukagu pentsatuta”.

AZPEITIA

Azpeitian, EH Bilduk eutsi egin dio alkatetzari, eta gehiengo osoarekin gobernatuko du hurrengo agintaldian. Azpeitia izan da Urola Kosta eskualdean mantendu duen udal handi bakarra. Izan ere, Azkoitia, Zarautz, Zestoa eta Zumaia ere galdu egin ditu koalizioak, EAJren mesedetan. EAJk Orion eta Aian ere irabazi egin du, duela lau urteko garaipena errepikatuz. EH Bilduk, berriz, Getarian eta Aizarnazabalen irabazi ditu hauteskundeak, eta baita Errezilen ere.

Ezker abertzalearen zerrenda batek 2011n lortu zuen lehen aldiz Azpeitian garaipena, eta oraingoan eutsi egin diote alkatetzari. Jeltzaleek eurenak izan diren plazak berreskuratu dituztenean ere, eutsi egin dio EH Bilduk herri horretan. Boto galera izan duen arren —4.323tik 3.760ra jaitsi da—, hamar zinegotzi izango ditu koalizioak, eta zazpi zinegotzi EAJk.

Historikoki jeltzaleena izan da Azpeitian udal gobernua, eta bigarren indarra izan da beti ezker abertzalearen zerrenda. Ilegalizazioen garaian, EAE-ANVk Azpeitian aurkeztutako zerrendak legez kanporatzeari izkin egitea lortu zuen, baina orduan ere ez zuen garaipena lortu. EAJrena izan den eta EH Bilduk mantenduko duen herri bakarrenetako bat izango da Azpeitia hurrengo lau urteotan.

Ordizian, Pasaian eta beste hainbat udaletan ez bezala, EH Bilduren udal gobernuak ez du atez ateko bilketa sistema jarri Azpeitian. Borondatezko bosgarren edukiontziak urteak daramatza bertan, eta sisteman aldaketarik ez da egin iragan berri den agintaldian. Boto galera izan den arren, Azpeitian ez da izan udal gobernua galdu arteko jaitsierarik, eta, dirudienez, hondakinen kudeaketari buruzko erabakiek izan dute eraginik horretan.

Zestoan, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri zuen Osinbeltzen hondakin geldoen biltegi bat eraikitzeko asmoa zuela hurrengo agintaldirako. Herri galdeketa egingo zuela hitzeman arren, herritarrek bozkatzean proiektu hori gogoan dutela egin dute, eta EH Bilduk botoak galdu eta EAJk irabazi egin ditu herri horretan.

ALBIZTUR

Albizturren boto zuriak ez du balio izan PSE-EEren aldeko botoa baliogabe uzteko. Herrian zerrenda bat osatzerik ez, eta sozialistek eta PPk bakarrik aurkeztu zuten zerrenda Tolosaldeko herri txiki horretan. PSE-EEk hamahiru boto nahikoa izan ditu alkatetza eta udal gobernua lortzeko. Patricia Val abokatua izango da hurrengo lau urteetan Albizturgo alkatea. Eibartarra da Val, eta Donostian bizi da. Kanpaina osoan ez da Albizturrera azaldu ere egin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.