Elkartasunaren fruitua biltzen

TS_Fundiciones Poza. Itxaropena. Ilusioa. Urduritasuna. Harrotasuna. Hainbat sentipen dituzte barruan TS Fundicionesen Arroako (Zestoa) plantako langile(ohi)ek, baina bat gailentzen zaie, eta agerikoa da haiekin hitz egitean: harrotasuna. Egindako borrokarengatik. Bat eginda jarduteagatik. Herrikideengandik eta eskualdeko erakundeetatik jaso duten elkartasunagatik. Lorpenarengatik. Lanera itzultzeagatik. Inoiz ez burua jaisteagatik… Oso argi dute TS Fundiciones euren borrokari esker irekiko dela berriro; langileek egindako presioagatik izan ez balitz ez zutela inola ere berriro lantegia martxan ikusiko.

Bat eginda jardun dute langile guztiek. Eta horixe da, haien ustez, borrokak emaitzak eman izanaren sekretua. Bat eginda agertu dira Gipuzkoako Hitza-rekin Arroako fabrikako atean egindako hitzordura ere. Zestoan elkartu dira bost langileak, eta auto berean agertu dira Arroara, argazkiak ateratzera. Aurpegietan, poza. Gonvarrik haien fabrika erosteak azken urteetan bizkar gainean izan duten zama arindu dielako, nabarmen.

Miguel Angel Eizmendik (Azpeitia, 1964) 18 zeramatzan TSn lanean; Angel Etxabek (Zumaia, 1968), 21 urte; Luis Mari Izetak (Zestoa, 1965), 30 urte; Eladio Leturiondok (Itziar, 1954), 13 urte; eta Asier Lizasok (Zestoa, 1973), beste 20 urte. Txantxa artean eta giro onean, erreparorik gabe jarri dira argazkirako. Ondoren, solasaldian, euren bizitzako unerik txarrenetako bat gainditu izanak ematen duen lasaitasunarekin mintzo dira. “Hilabete hauetan isildu behar izan ditugun gauza asko ozen esan ditzakegu orain”, dio Lizasok.

TS_Fundiciones

Ixteko erabakia, hasieratik

Enpresako akziodun nagusien aldaketarekin batera hasi zen TS Fundicioneseko langileen borroka. Langileen arabera, akzioen gehiengoa lortzearekin batera, Sorazu familiak enpresa ixteko erabakia hartua zuen. Eta hamaika aitzakia eta jukutria erabili zituzten horretarako. “Haiek beste fundizio bat zuten Itziarren, eta enpresa honen zuzendaritzara iritsi zirenean, argi zuten itxiko zutela, beste plantak izan zezakeen konpetentzia akabatzeko”, azaldu du Izetak. “Itxurak egin dituzte, enpresari eutsi egin nahi ziotela esanez, baina dena itxura izan da; hasieratik zekiten helburua enpresa hiltzea zela”, gehitu du Leturiondok.

Etxabek dioenez, horren susmoa hasieratik beretik zuten langileek, baina, hala ere, gogor lan egin zuten hori gerta ez zedin. “Gure aldetik dena jarri dugu TS ez ixteko. Lanaldiaren %33ri uko egin genion, eta inoiz ez diogu uko egin lan egiteari. Hilabeteak batere lanik gabe eta tailerrean eserita pasatu ondoren, oporretan lan egitera joanarazi gintuzten bitan, lan batek presa zuela esanez, eta inoiz ez dugu ezetzik esan. Enpresak irautea nahi genuen guk”.

Gainerakoek buruarekin baietz egiten duten bitartean, hainbat gertaera harrigarriren lekuko izan direla gaineratu du Lizasok. “Haiek errua krisiari eta lan faltari egozten zioten, enpresa pikutara joatea langileen negoziatzeko borondate faltari leporatzen zioten, baina guk argi eta garbi ikusten genuen nolako jarrera zuten. Behin etorri zen enpresari bat kamioiarekin, pieza batzuk kargatzera; guk dena prest geneukan moldeetan salda bota eta piezak egiteko, baina esan ziguten ezetz, ez egiteko. Hark ezin zuen sinistu… Lana bazegoen, baina jabeek uko egiten zioten lanak egiteari”.

Materiala zorretan uztea ere ohiko praktika zela diote langileek, eta haien esanetan ez zen diru faltagatik. “Noski, hornitzaileak lehenengoan ekarriko dizu materiala, baina ordaintzen ez baduzu, bigarrenik ez dago. Eta, horrela, sekulako zuloak utzi dituzte. Hori bai, bitartean patrikak bete, ze guk egindako lana kobratzen zuten”, azaldu du Leturiondok.

Egoera horretan, bat eginda eta hausturarik gabe agertu izan dira langileak beti zuzendaritzaren aurrera. “Denok bat eginda egon gara, eta hala jarraitzen dugu; horrexek salbatu gaitu. Gure helburu nagusia lanpostuak ziren, eta horren alde egin genuen borroka”, dio Izetak. Leturiondok gehitu du zuzendaritzak hamaika ahalegin egin zituela langileak zatitzeko, baina ahalegin guztiak alferrikakoak izan zirela. “Ixtear ginela, beraiek nahi zuten guk greba egitea. Baina guk hain argi geneukan fabrika itxi egin nahi zutela… ‘Hau ixtera baldin badoaz, zertarako egin behar dugu guk greba?’. Eta ez genuen greba egin. Beraiek goitik jendea bidaltzen zuten batzarretara, bi edo hiru bulegari beti egon baitira beraien alde, eta haiek esaten zuten greba egin behar genuela, eta guk ezetz. Izan ere, beraien estrategia izan da errua guri botatzea, eta greba aitzakia polita izango zen errua guri botatzeko”.

Enpresako zuzendaritza langileak “indargabetzen” ere gogor saiatu zela dio Lizasok. “Mediatikoki jardun dira esaten guk ez genuela negoziatu nahi… Gure artean kaka nahasten ere saiatu dira, langile batzuei esanez langile batzordea gezurra esaten ari zitzaiela. Baina, alferrik, langileek beti jaso dute informazio osoa, eta beti hartu ditugu erabakiak denen artean. Herriko jendea gure kontra jartzen ere saiatu ziren, errua guri botatzen, baina, azkenean, denborak arrazoi eman digu, guk iragarritako guztia bete baita”.

Epaitegietan ere saiatu dira langileen kontra egiten. Hainbat salaketa jaso dituzte langileek protestetan parte hartzeagatik; “5.000 eurotik gora ordaindu ditugu isunetan”, dio Lizasok. Eta enpresako jabeek epaitegietan salatu dituzte hainbat langile heriotza mehatxua, indarkeria eta antzeko delituak leporatuta; “joan gara epaitegietara, behin baino gehiagotan, eta ezerezean gelditu dira salaketak”.

“Kaltea egina dago”

Orain, etorkizunak ekarriko dienarekin itxaropentsu eta ilusioz hitz egiten dute bost langileek, baina ez dute ahaztu nahi egindako kaltea eta pasatu dituzten une txarrak. “Sekulako aberia egin zuten. 150 langiletik gora kalera, ez kalte-ordainik eta ez ezer, eta, gainera, hainbat hilabete kobratu gabe eman eta gero. Fogasatik noiz kobratuko genuen ere ez genekien”.

Une latzak izan zirela azaldu du Lizasok. “Gaur da eguna horri buelta eman zaiona. Baina kaltea egina dago. Batzuk banandu egin dira familiatik, beste batzuk gurasoen etxera joan dira, depresioarekin ospitaleratuta egon denik ere bada, besteak alkoholari eman dio…”. Estutasunak ere bizi izan dituzte. “Batzuek familiarengana jo dugu, baina beste batzuek ez dute inor”, azaldu du Leturiondok. Lizasok protesta batera trenean joan ziren egun bat du gogoan. “Lau euro ziren, ez zait sekula ahaztuko. Lankide batek ez zuen dirurik tiketa ordaintzeko ere. ‘Nik utziko diat, lasai’. Eta horrela izan da beti. Elkarrekin egon gara, une txar guztietan, eta baita onetan ere”.

Izan ere, langileak ez zeuden etxean gelditzeko prest. Enpresa itxita ere kalean jarraitu zuten, borrokan. “Kalaka handia eman dugu”, dio Lizasok. “Eta ari zarenean ez du ematen, baina balio izan du”, Izetak. Eta Etxabek, segidan: “Atzo gizon batek esaten zidan Azpeitian, ‘hauek ez zuten ba lortuko, galtzontzillotan ere jarri dira eta!”. Leturiondok hiru tokitan biluzi zirela oroitarazi du: Kutxabanken aurrean, epaitegi aurrean eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Lizasok trenean batera eta bestera nola joaten ziren du gogoan, kaskoa jantzita, eta denak batera. “Polita izaten zen”. “Eta parte hartze handia izaten genuen, eta horrek asko balio du”, gehitu du Etxabek, “ez da gauza bera hamar katu azaltzea, edo 120 lagun elkartzea”.

Gonvarriren esku

Orain, borroka apur bat ahaztu eta ospakizunetan sartzeko prest dira TSko langileak. Izan ere, Gonvarri multinazionalak erosi du enpresa, eta gustura daude horrekin, Gonvarrik beti erakutsi baitu TS erosteko asmoa. “Gonvarrik bere garaian egin zuen eskaintza bat TS Fundiciones erosteko; 10 milioi euro eskaini zituen, baina sorazutarrek boikotatu egin zuten. Noski, haiek hartzen bazuten fundizioa, konpetentzia izango zen beraientzat”, azaldu du Lizasok.

Azkenean, hirugarren ahaleginean, eta administrazio konkurtsaleko epaileari gutun itxian eginiko eskaintza batean, Gonvarrik bost miloi euroren truke erosi du enpresa. “Horrek erakusten du guk arrazoi genuela, enpresa bideragarria zela. Gonvarrik bost milioi euro jarri ditu enpresa erosteko, eta beste zortzi milioiko inbertsioa agindu du, fundizioa egokitu eta martxan jartzeko. Bideragarritasun plan zehatz eta osoa egin du fabrikarentzat”, azaldu du Lizasok.

Orain, zain daude langileak. Zain, noiz hasiko diren lanean. Zain, zeintzuk sartuko diren lanean. Zain, nolako baldintzak eskainiko dizkieten. Baina, pozik, fabrika berriz martxan ikusiko dutelako; pozik, Gonvarrik agindu dielako langile ohiak hartuko dituela berriro lanerako; pozik, egindako borrokaren fruitua jasotzeko garaia heldu zaielako azkenean.

Jasotako babesa eskertzeko jaia, bihar

Eskualdean sekulako babesa eta elkartasuna jaso dutela behin eta berriro nabarmendu dute TS Fundicioneseko langileek, euren borrokak ezingo zuela iraun elkartasun hori gabe. Eskualdeko udalen aldetik jaso dute babesa, baita Gipuzkoako Foru Aldunditik ere, baina, batez ere, herritarrengandik.

Hala, bihar, jasotako berotasun hori guztia eskertzeko, herritarrekin batera ospatu nahi dute enpresa berriro irekiko dela. Borrokatzea merezi du lelopean, manifestazioa egingo dute, 12:00etan, Zestoako herriko plazatik abiatuta, eta gero bertsolari, trikitilari eta pintxo artean egingo dute festa.