“Eskolan dugun egunerokoaren berri ematea da asmoa”

Gustatzen jata, jaku leloa hartuta, Euskal Eskola Publikoaren 24. Jaia ospatuko dute igandean, Elgoibarren. EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak antolatzen du, eta aurtengoa Elgoibarko Herri Eskolako Kalamua guraso elkartearen eskutik antolatu dute. Kalamuko kide dira Ainhoa Aduriz (Elgoibar, 1980) eta Nerea Gorostiza (Elgoibar, 1976). Iaz, Balmasedan hartu zuten jaia antolatzeko lekukoa, eta ordutik lanean ari dira. Guraso elkartea eskolan oso presente dagoela diote: “Gure eskola oso irekia da, eta eskolarekin batera, elkarlanean, gauza asko antolatzen ditugu. Azken batean, guk gure seme-alaben heziketan parte hartu nahi dugulako, eta hori delako bidea”.

Aurten Elgoibarren zer arrazoirekin antolatuko duzue Euskal Eskola Publikoaren jaia?

NEREA GOROSTIZA: Gure seme-alaben eskola Elgoibarren dagoen altxor ezezagun bat dela sentitzen dugu, eta jende askok ez duela ezagutzen. Beraz, eskolaren balioak eta han dugun egunerokoa herriari ezagutzera ematea da gure asmoa. Gu oso harro sentitzen gara gure eskolaz, eta uste dugu gaur egun dauden ikastetxeen artean alternatiba aproposa dela Euskal Eskola Publikoa. Hori kaleratu nahi dugu, eta Euskal Herri guztiak jakin dezala, haurrak eskolaratzeko, bai Elgoibarko herri eskola eta bai euskal eskola publikoa aukera on bat direla.

Noiz hasi zineten jaiegun hau antolatzeko lanean?

AINHOA ADURIZ: Iazko ekainean, eskolako ikasturte bukaerako jaialdian, Jata maskota aurkeztu genuen. Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren logoan agertzen den erlea da; Jata izena ipini eta bizia eman diogu.

GOROSTIZA: Balmasedan hartu genuen jaia antolatzeko lekukoa, iazko ekainean, eta segidan Jata erlea sortu genuen. Erle koloretsua da, gure eskola bezalaxe, bizi-bizia.

Beraz, urtebeteko lanaren emaitza da igandeko jaia, ezta?

ADURIZ: Gure nahia izan da ez izatea egun bakar bateko jaia. Horregatik, urte osoko jaia izatea nahi izan dugu, eta hilabetero hainbat ekintza antolatu ditugu: eskubaloi partidak, Realekoekin Emakumea eta Kirola erakusketa…

GOROSTIZA: Arlo desberdinak jorratuz, ekintzak egin ditugu urte osoan. Eskolaren balioak kaleratzen jardun dugu horien bidez: kirola, berdintasuna, kultura… Gure balioak eta eskolaren balioak bultzatzeko egin ditugu. Urte osoan hor egonez, herriari ekintzak eskainiz, eta herriko taldeekin elkarlanean antolatzen saiatuz.

Elkarteak duen berezko lanari aurten jai handi honen antolaketa gehituko zitzaion. Nola egin duzue aurreko lana?

GOROSTIZA: Jaiari begira lau batzorde antolatu ditugu, eta Kalamuko, eskolako eta herriko beste ikastetxe publikoetako gurasoei eta irakasleei batzordeetan parte hartzeko aukera zabaldu diegu. Batzorde horien artean antolatu dugu festa. Gero, iganderako boluntario asko behar ditugu, eta jaso dugun erantzuna oso ona izan da.

Jaieguna bera nola dago antolatuta?

ADURIZ: Jaiaren hasiera ekitaldia eskolan da, baina gero jai guztia herrian izango da. Sei gune egongo dira, eta kale animazioa. Familientzako festa bat da, familia giroan egiteko jai bat.

Nondik dator Gustatzen jata, jaku leloa?

ADURIZ: Hainbat buelta eman ondoren erabaki genuen. Baina herriarekin lotura edukitzea nahi genuen, eta horregatik Elgoibarko hizkeran.

GOROSTIZA: Adierazi nahi dugu gustatzen jatala-jakula daukagun eskola, eta harro gaudela. Lelo hori gero arlo guztietarako eta gure balioekin lotuta erabili dugu: kirola gustatzen jaku, berdintasuna gustatzen jata, gustatzen jaku… Joko asko eman digu, gure eskolak dauzkan balio horiek zabaldu ahal izateko.

ADURIZ: Singularrean eta pluralean erabiltzeko aukera ematen digu: niri eta denoi. Gure eskola oso aniztuna delako eta jende mota asko dagoelako, eta hori aberastasuna delako. Erabiltzen den metodologia asko gustatzen zaigulako eta familiekiko tratua eta hurbiltasuna dagoelako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.