Legorreta, babes truke azpiratuta

Legorretaren lehen aipamena 1227koa da. Sebastian de Legorretazarra Lope de Haroren gudarostean borrokatu zen, Gaztelako errege Fernando III.aren zerbitzura, Baeza hiria (Jaen, Espainia) hartzeko guduan. Hurrengo ia bi mendeetan, herrixka modura osatu zen Legorreta, garai hartako hiru zutabeen gainean: kleroa, noblezia eta nekazariak.

Toki estrategikoan kokatua zegoen Legorreta: Oria ibaiaren ertzean, Ordiziako eta Tolosako hiri gotortuen erdibidean. XIV. mendeko ahaide nagusien oldarraldiek Ordiziako hiribildura inguratu zuten herrixka —ez zuten onartzen beren eraginpetik aldentzen ari ziren herrixkak izatea, hiribilduen eta errege babesaren hegalpean—.

“Herrixka” gisa lotu zitzaion Legorreta Ordiziari, Antxon Agirre Sorondok 2004an idatzitako eta Pello Iturriotzek euskaratutako —hilak dira biak— Legorreta, bizitza ibaiaren biragune batean liburuak dioenez: “Etxe multzo txiki bat, eta, akaso, eliza txiki edo ermita zuen toki gisa”, deskribatu zuen Agirre Sorondok. 1399ko apirilaren 8an izenpetu zuten batasun ituna, Gipuzkoako Ermandadea sortu eta bi urtera.

Ataungo eta Ordiziako eskribau banak egin zuten agiria, eta Juan de Arriaga izan zen legorretarren lekuko. Herriko ordezkaritza zabala joan zen izenpetze ekitaldira: Martin Perez zinpekoa eta auzo eskubidea zuten hemeretzi bizilagun. Garai hartan Legorretan zer etxe zeuden jakiteko balio dute, haien abizenek jatorria adierazten dutelako.

Babes premiak uztartuta

Legorretan otsailetik apirilera bitartean gogoratu dute hiribildu titulua 1615ean eskuratu zuteneko laugarren mendeurrena. Felipe III.a erregeak emandako herri gutunaren kopia udaletxean zintzilikatu zuten, koadro batean. Joxe Mari Allur historiazale legorretarrak hitzaldi bat ere egin zuen; hark dioenez, komenentziazko ezkontza izan zen Legorretaren eta Ordiziaren artekoa.

Ezkontza baino gehiago, azpiratzea. “Babesa lortu zuen Legorretak Ordiziari batuta, baina baita menpekotasuna ere. 1399ko itunean garbi dio Legorreta Villafrancako [Ordiziaren garai hartako izena] jurisdikzioaren azpian geratuko dela —sometido aditza darabilte—. Ordiziako harresia zaindu, berritu, zubi berriak eraiki, kaleak berritu… bertan bizi balira bezalaxe egitera behartuta zeuden legorretarrak, auzolanean. Errotaren errentetan ere parte hartzen zuten”.

Ordaina, berriz, segurtasuna zen. Gipuzkoan artean ez zegoen diputaziorik, herrien arteko ermandadeak bakarrik. Ahaide nagusiek kontrolatzen zuten hiribilduetatik kanpoko guztia, nahierara. “1439an eman zieten azken kolpea ermandadeek ahaide nagusiei: jauntxoak Andaluziara deserriratu zituzten urte batzuetarako, eta haien dorretxeak moztu zituzten”. Legorretan Ibarbia eta Oriar ziren oinetxeak.

Herrixka txikiak hiribilduen gonapera biltzearen arrazoia, hau da, ahaide nagusien tirania desagertu zenean, egoera “asko” lasaitu zen. “Eta orduan hasi ziren menpekotasuna nabaritzen eta Ordiziaren kontrako jarrera pizten. Liskarrak hasi ziren, ordu arte, babesaren izenean, irentsi izan zituzten gauzengatik”.

Bereizketa, ezkutuan prest

Morrontzaren zioak desagertu ziren, baina ezin izan zuen Legorretak erraz askatu Ordiziarekin lotzen zuen morroiloa. Indarra irabazi zuen metropoliak, gainera: 1512ko martxoan Villafranca erabat kiskali zuen suak, eta maiatzerako astero feria egiteko baimena eman zion erregeak. “Azokari esker izugarrizko indarra hartu zuen Ordiziak”.

“Burujabetzaren bidean”, erabaki guztiak hiribilduaren esku zeudenez —herrixkek administraziorako gaitasunik ez zeukatela argudiatzen zuen—, Legorreta isilpeko bidea ibiltzen hasi zen. Ordiziako notarioak baztertu, eta Areriako alkatetzakoa hartu zuten: askapenerako pausoak aurrera ematen hasi ziren hala.

Legorretak “hiru aingeru guardako” ere izan zituen, joko politiko-ekonomiko eta burokratiko hartan laguntzeko: Juan de Oriar, Filipe III.aren idazkaria; Juan Iriarte Ganboa, erregearen Ogasun kontseiluko kidea; eta Juan Otxoa de Ibarbia Zunzunegi, Ordiziako notarioa. Legorretarrak ziren hirurak.

Gaztelako errege Filipe III.ak 1615eko urtarrilaren 26an hartu zuen erabakia herriak hiribilduetatik aske uzteko, eta bederatzi egun geroago —otsailaren 4an— izenpetu zuen hiri titulua.

Pedro de Aulia izendatu zuten Legorretako lehen alkate. Bonaetxean hartu zuen aginte makila —plazan dago oraindik etxe hori—. Errege zedulan dio Legorretan 148 familiak zutela auzo eskubidea, eta beste hamahiru zalantzazkoak zirela. 25na dukat ordaindu zuten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.