Oparitu didaten lanabesik onena

Bi Euskal Herri badirela jabetu berri naiz Idurre Eskisabelen artikulu baten eta Facebookeko lagunen hauteskundeetako balantzeen bitartez. Aurrerakoia eta komunitatean errotua da bata. Berekoia, zekena eta kontserbadorea bestea. Aipatutako testuak nahiko kriptikoak ziren, eta ez zuten bloke bakoitza esplizituki identifikatzen, baina bizpahiru aztarna baliatuta arriskatzeko moduan nagoela uste dut. Herritar engaiatuak ezker abertzalekoak dira. Asozial diruzaleak, EAJkoak.

Irakurketa zuzena den ala ez ez zait askorik axola, baina kazetariontzat bi herrialderen kontzeptua mauka aproposa da. Tira, oso berritzailea ere ez da, aitortu beharra dago. Izan ere, bostehun kilometro hegoalderago bi mende daramatzate kontzeptu bera zukutzen, baina badirudi haiei oraindik ez zaiela agortu. Aspaldi bi Espainiak zirriborratu zituen Larra hura kazetaria zen. Eskuzabala oso, bere ondorengoei milioika iritzi artikulu automatikoki idatzi ahal izateko eskema perfektua oparitu zielako.

Nik ere bi Euskal Herrien eredu mailegatua aspertu arte erabiliko dut nire zutabeetan. Egongo da oso sinplistatzat hartuko nauenik, baina nire zutabeek irakurleei sinplista baino adjektibo gogorragoak dakarzkie normalean, hobera egingo dut. Hain ona da erreminta hau nire lanerako, ze topatu dizkiodan kontraesantxo batzuk ere ez ditut aintzat hartuko.

Izan ere, ezker abertzalea komunitarioa da, baina, zoritxarrez, nik ezagutzen ditut soldata penagarriak ordaintzen dituzten ezker abertzaleko enpresari dirudunak. Ezker abertzalea aurrerakoia da, baina prostituzio-etxe merkeetara sarri samar joaten den boto-emaile pare baten berri badut nik. Ezker abertzaleak egungo arazoei konponbide humano eta solidarioak eman nahi dizkie, baina tabernetan lasai ari direnean bortxatzaileentzat betirako kartzela zigorra eta Marokoko immigranteentzat berehalako kanporatzea proposatzen duten militante pare bat baditu. Hirurehun milako multzoan ardi beltz gehienak niri aurkitzea egokitu zait, besterik gabe.

Berekoia, zekena eta kontserbadorea da Euskal Herri bat. Aurrerakoia eta komunitatean errotua da beste Euskal Herria. Lehenbiziko erdiko kideek Azpeitian eta Hondarribian etxe eta denda piloa metatu nahi dituzte, diru-gose. Bigarrengo erdiko kideek Zerainen baserria erosi nahi dute, pare bat mila metroko lursail xumearekin. Aldea begi-bistakoa da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.