“Turistek lasai egoteko tartea hartzen dute barkuan”

“Turistek lasai egoteko tartea hartzen dute barkuan”

Nekane Zinkunegi Barandiaran

Turistak Donostiako kaitik Santa Klara uhartera garraiatzeko zerbait egitea pentsatu zuen Julian Isturizek 1936ko gerraren ostean, eta 1943an jarri zuen martxan Motoras de la Isla enpresa. Uharteko joan-etorriak egiteko txartelak saltzen dituzten leihatilan Lorea Moar (Lezo, 1981) egoten da orain. “Gaur egun, nire senarra [Borja Isturiz], haren anai-arrebak [Julian eta Monika Isturiz] eta ni gara enpresako kideak. Baina sortu zuena nire senarraren aitona Julian izan zen, eta, ondoren, haren seme Anjelek jarraitu zuen. Duela bi hilabete utzi gintuen Anjel aitaginarrebak, baina guk enpresarekin jarraitzen dugu”.

Familia negozioa izanik, haiek arduratzen dira lan guztiaz: “Langileren batzuk baditugun arren, barkuen mantentze lana, patroi lanak… denak gure esku geratzen dira; niri harrera gunean egotea tokatzen zait”. Martxoan hil zen Anjel, eta Moarrek oso gogoan du hark itsasorako zuen pasioa: “Uda garaia etortzen zenean, aktibatu bezala egiten zen. Azken urteetan ez zen horrenbeste arduratzen bertako lanaz, baina egunero etortzen zen ikustera, jendeak txartela erosten zuen edo ez kontrolatzera, eskaileretan kontuz ibiltzeko aholkatzera… Aurtengo udan nabarituko dugu falta dela; guk, eta etorriko den jendeak ere bai, ziurrenik”.

1943an hasi zenean, Belmonte izeneko txalupa egokitu zuen Julian Isturizek bidaiariak uhartera eta badiara garraiatzeko. Lau tonako pisua eta hogei lagun eramateko prestatu zuen. 1962. urtean, Belmonte 2 txalupak ordezkatu zuen hura, zaharkiturik baitzegoen. Handik bost urtera, hamabi metro luze eta hamabost tonako zama garraiatzeko gai zen ontzi batek ekin zion zerbitzuari: Alkartasuna-k. Garai hartan, turistez gain, bidaiari bitxi bat ere igotzen zen txalupara: “Orain, taberna behean dago, baina lehen goiko aldean zegoen. Tabernariak Masiel astoa zuen hara eraman behar zituen produktuak garraiatzeko, eta hura ere txalupan eraman behar izaten zuten uhartera. Baina bere borondatez sartu nahi izaten ez zuenez, garabi txiki batekin sartzen omen zuten”.

Kendu berri duten txalupa bat Anjelek egin zuen, egurrez, bere aitaren omenez, eta Aitona Julian izena jarri zion. “Horren ordez, berri bat ekarri dugu orain, eta hari Aitona Julian II deitzen diogu; Antxeta izeneko bat ere badugu; eta 2010ean ekarri genuen beste bat, Aitona Anjel izena duena”. Azken hori hamalau metro luze da, eta zoruan dituen bi kristaletatik itsas hondoa ikus daiteke. Horrela, bidaiariek arrokak ikusten dituzte hankapean, badiako txangoaz gozatzen duten bitartean.

Bi motatako joan-etorriak eskaintzen dituzte: zuzenekoa, 4 euroren trukean, eta itsas hondoa zerbitzua deiturikoa, 6 euroren trukean. “Linea gorria da zuzenekoa, eta uhartera joan eta itzuli egiten da. Goizeko hamarretan hasten da martxan, eta arratsaldeko zortzietan irteten da uhartetik itzultzeko azkena. Urte garai honetan, orduan behin ibiltzen da txalupa, baina ikastetxeetako ikasturtea amaitzen denean edo, ordu erdian behingo zerbitzua eskaintzen hasten gara”. Linea urdina da badia osoa ikusteko aukera ematen duen itzulia, nahiz eta uhartetik kairako bidea zuzenean egiten duen: “Lehenik Kontxako hondartzatik pasatzen da; gero, Ondarretakotik. Arroken parean itsas hondoa ikusi, eta irlan geratzen da. Itsasgora dagoenean, Haizearen Orrazia primeran ikusten da, gainera”.

Uhartera iritsita, nahi adina denbora egon daiteke jendea bertan, itzultzeko azken txalupa hartzeko kontua edukiz gero betiere. “Batzuetan, azken txalupa itzuli arren, geratu izan da jendea uhartean, eta tokatu izan zaigu bila joan behar izatea. Eguraldi onarekin, ez zaigu axola, baina, duela bi urte, modan jarri zen, eta bi astean hamar aldiz joan behar izan genuen jendearen bila”.

Joaten direnei asko gustatzen zaie, bidaia lasaia delako, eta denetarik ikusteko aukera ematen duelako. Turistentzat erlaxatzeko unea ere izaten dela uste du Moarrek: “Gauza asko ikusteko gogoz etortzen dira Donostiara; hara eta hona joan nahi izaten dute. Barkuan sartu eta esertzen direnean, lasai egoteko tartea hartzen dute; eta, uhartera helduta, kai muturraren beste aldeko tabernan bazkaldu edo zerbait hartzeko ohitura dago”. Galerna etortzen den uneak mugituxeagoak izaten omen dira: “Jendeak, galerna datorrela ikusten duenean, berehala itzuli nahi izaten du lehorrera, eta asko urduri jartzen dira. Halakoetan, badakigu zer dagoen: galerna baino ez da, eta pasatu zain egon behar izaten da”.

Denetariko jendea ibiltzen da Santa Klarako joan-etorriko txalupetan: “Egunak daude. Batzuetan, gazteak joaten dira gehien; ematen du denak ados jartzen direla, badaude-eta egunak kuadrillak eta kuadrillak joaten direnak. Igandeetan, berriz, familia planak egiten dituztenak etortzen dira”.

Turistek ere badute ohitura uharterako txangoa egiteko, eta ikastetxeetatik bidaia antolatuak ere izaten dituzte ikasturteak irauten duen bitartean. Tarteka, gidaren bat ere joan izan da txalupan, baina normalean ez dute halako zerbitzurik eskaintzen: “Jendeari berdin zaio hori, bere kasa ikustea gustuko du eta lasai egotea ere bai. Gainera, edozer galdetuz gero, txalupan doazen patroiek badakite erantzuten; badakite non dabiltzan”.

Diru askorik gastatu gabe hondartzaz eta mendiaz aldi berean gozatzeko aukera ematen du Santa Klara uharteak: “Goiko aldea oso berdea da; zuhaitzek itzal handia egiten dute, eta bidexka mordoa daude, baita piknik mahaiak ere”. Itsaso aldera ematen duen aurpegia, berriz, oso labartsua da, baina itsasbeherarekin hondartzatxoa ere badu: “Beti esaten da Donostian hiru hondartza daudela, baina Santa Klaran marea baxuarekin agertzen dena laugarrena izango litzateke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.