“Arbitratzean ez dut klubik ikusten, barku batzuk bakarrik”

“Arbitratzean ez dut klubik ikusten, barku batzuk bakarrik”

Nekane Zinkunegi Barandiaran

“Izan ditzakegu faboritoak, baina koloreak etxean utzita joan beharra dugu estropadara”. Haizea Fernandezek (Donostia, 1985) hala joan beharko du datorren igandean ere Kontxako Banderako bigarren saiora epaile lanak egitera: “Guztiz inpartzialak izatera behartuta gaude; ni arbitratzen ari naizenean ez ditut ezta klubak ere bereizten, barku batzuk ikusten ditut, eta listo”.

Baina bera ere arraun talde batekoa izana da, eta haurra zenetik ezagutzen du estropaden mundua: “Umetatik gertutik bizi izan dut arraun mundua, aitarengatik, gehienbat. Arraunean ibilitakoa da, eta txikitan anaia eta biok beti eramaten gintuen batera eta bestera. 10-11 urte nituela, neu hasi nintzen arraunean, eta tarte bat utzita egon ondoren, duela sei denboraldi epaile lanetan hasi nintzen”. Gaur egun, Gipuzkoako Gipuzkoako Arraun Federazioko Epaileen Kolegioko presidentea da.

Kontxako Banderako sailkapen estropadan, epaimahaiko presidentea izatea egokitu zitzaion: “Epaimahai bateko presidenteari dagokio azken hitza, nahiz eta erabakiak ez dituen berak bakarrik hartzen; zortzi bat epaile egoten gara estropada bakoitzean, eta denon artean erabakitzen saiatzen gara”. Baina presidentearen lana izaten da epaile guztien koordinazioa egitea, bakoitza dagokion postura bidalita, adibidez. Horrez gain, estropadan parte hartuko duten klubetako ordezkariekin ere berak izaten du harremana.

Irailaren 6ko Kontxako saioan, uretako epailea izan zen, eta datorren igandekoan ere hala izan beharko du. Beraz, uretan gertatzen dena epaitu beharko du. Estropadak iraun bitartean, beste epaile batek esaten die GPSan zer ikusten duen: traineru bakoitza zein kaletatik joaten ari den, zein distantzia dagoen traineruen artean… “Informazio hori geure buruan gordetzen goaz uretako epaileak, eta horren arabera ikusten dugu tartean sartu beharrik ba ote dugun, hurrengo 100-200 metroetan arazorik sor ote daitekeen aurreikusita. Noiz utziko diegun libre eurek nahi dutena egiten edo noiz sartuko garen erdian gehiegi elkartu ez daitezen. Uretako beste epaileak gauza bera egin behar du, baina irteera emateko ardura hori gabe”. Postu horretan arituko da etzi.

Arraunean ibili izana abantailatzat du bere arbitro lanerako: “Hobeto uler dezakegu epaileek nola jokatu behar duten. Uste dut arraunlari izan ez banintz orain dudan lana ez nukeela egiten dudan bezala egingo. Inork baino hobeto ulertzen dut arraunlariei zer ari zaien pasatzen burutik, eta epaile izateko hori garrantzitsua dela uste dut”. Kontxan arbitratzen aritzeak presio pixka bat baduela aitortzen du, baina estropada guztietan modu berean jokatzen ahalegintzen da: “Joan den asteko KE ligan, edo neguko Gipuzkoako batelen ligan ere berdin jokatu behar dut. Badakit Kontxan ondorioak handiagoak direla, batel ligan egin dezakedana ez dela inon agertuko baina Kontxako erabakiez jende guztiak hitz egingo duela”.

Poza eragiten dio arraun munduan emakumeek geroz eta presentzia handiagoa izateak, eta uste du joan den igandeko estropadan traineruen artean egon zen diferentzia txikia arraunlarien kalitatearen erakusle dela: “Ikusten da espektakulua dagoela; geroz eta tarte gutxiagora geratzen dira traineruak euren artean”. Epaileen artean ere ez dira asko emakumezkoak, Bizkaia eta Gipuzkoa artean lauzpabost neska soilik daude, baina denborarekin merezitako errespetua irabazi dute: “Hasiera batean, emakumea nintzelako edo gaztea nintzelako, baina uste dut errespetatua izatea kosta zitzaidala. Gero, ikusten badute badakizula zer egiten ari zaren, irabazten duzu errespetu hori”.

Ez du ikasketa berezirik egin, edo titulaziorik atera beharrik izan bere lanerako: “Normalean estropada batean epaile izateko badaude pisu ezberdineko postuak; zenbaitetan ez dira oso erabaki garrantzitsuak hartu behar”. Beraz, arrauna pixka bat ezagutuz gero, eta gogoarekin hartuta, nahikoa izaten da epaile lanean aritzeko. “Hasiera batean, araudiak-eta irakurrita edonor izan daiteke epaile; gero, baloratu egin behar da zer-nolako bilakaera izaten duen. Norberak bere kabuz ikasten du ahal duen gehiena; niri, behintzat, esperientziak irakatsi dit”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.