Bizikleta gaineko asteroko arnasaldia

Bizikleta gaineko asteroko arnasaldia

Iganderoko bizikleta buelta “derrigorra” du Jose Angel Arrotaonandia Alberdik (Zarautz, 1972). Astea lasaiago pasatzen laguntzen dio. Baina, bakarrik ezin ibili, eta Josu anaia (Zarautz, 1973) du tandemeko gidari.”Jose Angelentzat, bizikletan ibiltzeko gogorik gabeko iganderik ez dago, eta, nik huts eginez gero, haserretu egin ohi da. Nik huts egin dezaket, baina berak ere badaki horretan; orain, oporretara doa Benidormera”, dio Josuk anaiaren ondotik. Jose Angel ez da kexatzen direnetakoa, baina amak-eta etxean igartzen omen diote.

Txikitan, bizikletan ibiltzen zen Jose Angel, baina ikusmena galdu zuenean ezin izan zuen jarraitu. Gero, ONCEren bazkide egin, eta Donostiatik lehengusu baten bidez tandem bat ekarrita, Zarautzen ibiltzen hasi ziren bi anaiak. Amak bigarren eskuko bat erostera animatu zituen; hala, orain zortzi-bederatzi urte bizikleta erosi, eta astero bizikletan itzuli bat egiten hasi ziren bi anaiak. “Ni ere beti izan naiz bizikleta zalea”, dio Josuk.

Eguraldia lagun duten igandeetan ateratzen dira Arrotaonandia anaiak tandemarekin; Zarautz inguruan ibiltzen dira batik bat: “Arroa Beheko gasolindegiaren eta Zarauzkoaren artean, 60 bat kilometro dira”. Bizikletan ibiltzea “bizipoza” dela dio Jose Angelek: “Beste askatasun bat sentitzen da, kanpoko haizea hartzen da, haizea sentitzen da, eta osasuntsua da”. Hori bakarrik ez: bizikletan doanean jendearen animoak ere gustura jasotzen ditu. Hala dio Josuk: “Jendearen aupadak ere entzuten ditu, ‘aupa Jose Angel!’-eta horrelakoak. Oinez doanean horrela ez diote jarduten”. Eta, itzulia bukatu ondoren, hamaiketakoa. “Hori ere ederra izaten da”.

Gidari lanaren garrantzia

Tandemean Josu anaia izateak konfiantza handia ematen dio Jose Angeli. Gidari aritzea “ez da oso zaila”, baina ematen duen bezain erraza ere ez: “Behin abiada hartuta ondo joaten da, baina atzekoak keinu arraro bat egitea nahikoa da erortzeko. Adi joan behar da. Gure kasuan, Jose Angelek ez du batere ikusten, eta eramaten uzten da. Behin Zarautzen, ONCEk bazkideen eguna antolatu zuen, eta zikloturista batzuk gidari lana egitera animatu ziren; bi edo hiru erori egin ziren. Azkenean motoan bezala da, atzekoak aurrekoak bezala joan behar du”. Pedalkadak emateko orduan, biak batera joatea ere garrantzitsua da: “Gu horretan ondo moldatzen gara, dagoeneko denbora eta kilometro asko daramatzagulako elkarrekin bizikletan”.

Asteartetik larunbatera ONCErentzat lan egiten du Jose Angelek, Zarauzko Maxi Eroskiren aurrean, itsuen loteria saltzen. Hamabi urtean dihardu lan horretan, eta hasi berritan sari on bat ere banatu zuen. “Ordutik, beste txiki batzuk ere bai”, dio, barrez. Astelehenetan, berriz, Donostiara joaten da ONCEren egoitzara, “zerbait ikastera, ordenagailuan eta”. Hango gimnasioan ere jarduten da. Etxean bizikleta estatiko bat badu, eta han ere ia egunero ibiltzen da “irratia entzunez”, baina nahiago du tandemean ibili: “Beste gauza bat da, estatikoan haizerik ez da sentitzen”.

Iganderoko irtenaldiez gainera, zikloturismo ibilaldietan ere parte hartu izan dute tandemarekin: “Zarautz-Gernika-Zarautz hiru urtetan egin genuen, Gipuzkoako Itzulia pare bat aldiz eta Bilbo-Bilbo, zazpi urtez”. Asteburuan, txirrindularitza egokituko bi probatan parte hartuko dute, Andoainen eta Zarautzen. “Iaz, Euskadiko Txapelketan bigarren egin genuen, eta berriro ere Gipuzkoako irabazi”. Aurten, itxaropen handirik ez dute: “Jendea ongi prestatuta dago; gu parte hartzeagatik irtengo gara, honelako probak gutxi dira eta”. Txirrindularitzaren zaleak lasterketak ikustera gonbidatu dituzte, “jende gutxi izaten da-eta ikusten”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.