“Euskal kosta guztirako egin ditugu txipiroitarako ontziak”

“Euskal kosta guztirako egin ditugu txipiroitarako ontziak”

Nekane Zinkunegi Barandiaran

Erretiroa hartuta badago ere, denbora luzean ontziolari lotuta jarraitzeko asmoa du Ignacio Olaziregik (Hondarribia, 1933): “Erretiroa hartuta nago, baina ez nuke esango oraindik erretiratu naizenik. Hementxe segituko dut, ahal dudan artean semeari laguntzera etortzen. Etxean aspertu egiten naiz; zer egingo dut, ba?”.

Familia enpresa da Hondarribiko Ignacio Olaziregi ontziola. Hasieran, Lazaro aitak eraiki zuen Astilleros Olaziregi enpresa, duela 60 bat urte, eta bi semeek hartu zioten lekukoa material aldaketarekin: Ignaciok eta Ramonek. Olaziregik ondo gogoan ditu garai haiek: “1945 aldera-edo jarri zuen martxan ontziola gure aitak. Hark egurrezko barkuak egiten zituen. Gu ere egurrezkoak egiten hasi ginen, baina, duela 35 bat urte, poliesterrezkoak egiteari ekin genion”. Gaur egun, haren semeak jarraitzen du horretan; bera da enpresaren jabea, eta hiruzpalau langile ere baditu.

“Gauza guztietarako bezala, txiki-txikitatik hastea da honetarako sekretua”. Eskolara joaten zen garaian, 13 urteetarako hasi zen aitaren ondoan lanean: “Eskolatik irten, eta lanera joaten nintzen hasieran. Gerora, alderantziz, goizez lana egin eta arratsaldez joaten nintzen eskolara. Dena egur lana izaten zen orduan; dena eskuz egiten genuen”.

1977an izan zen lehen belaunaldi eta material aldaketa. Itsasorako ontziak egiteko prozesuan izaten ari ziren aldaketak ikusita, Ignaciok eta anaiak material berriekin lanean hastea erabaki zuten, eta hala sortu zuten Ignacio Olaziregi ontziola. Orduan utzi zioten egurra erabiltzeari, eta poliesterra edo beira zuntza erabiltzen hasi ziren. “Egurretik poliesterrera pasatzea izan zen aldaketarik handiena. Baita egiten ziren barkuen tamaina ere. Aita bote txikiak egiten hasi zen, lauzpabost metrokoak; eta, gaur egun, arrantzarako 21 metro bueltakoak egiten ditugu”. Urte indartsuenetan, 1977tik 1991ra arte, 800 itsasontzi baino gehiago ere egin zituzten.

Urte haiek igaro ziren, ordea, krisiak eragin egin baitie olaziregitarrei ere. Krisiak, eta Europako Batasuneko diru laguntzak bertan behera geratu izanak: “Garai batean, ontziak egiteak zuen kostuaren erdia-edo diruz laguntzen zuten Europatik, baina orain ez, eta antzeman dugu guk hori”. Kalte handia igarri dute azken bost bat urtean. Lehen urtean, yate mordoxka egiten zituzten, eta azken urteotan bi edo hiru soilik egin dituzte. “Mallorcarako eta Frantziarako egin ditugu yateak, baina bertako bezeroentzako ere egiten ditugu”.

Enkargu bidez

Era askotako ontziak egitea tokatu zaie: aisialdirako txalupa motordunak, katamaranak, itsas salbamendurako ontziak, urpekariak, arrantzarakoak eta kirola egitekoak… “Enkargu bidez egiten dugu lana, aldian-aldian agertzen diren bezeroek egindako eskaeraren arabera. Txikiak hilabetean bederatzi eta hamar egin izan ditugu; euskal kosta guztirako geuk egin ditugu txipiroitarako ontziak. Txalupak ere egin izan ditugu, denetariko ontziak”. Ez omen diete lan berezirik enkargatu inoiz, baina bat nabarmenduko luke Olaziregik: “Kontxako estropadetan-eta ateratzen duten Donostia Hiria katamarana geuk egina da. Bi kasko zabaleko ontzia izaten da; oso egonkorra da, eta azkarra ere bai”.

Ontziak egiteaz gain, behar bezala irten zaizkiela probatzea ere badagokie: “Geuk probatzen ditugu egindako ontziak uretan, eta ingeniariak ere bai. Izan ere, itsasoan gidatzea erraza da; motorraren kanbioak jakitea nahikoa da, hor ez baitago semafororik”. Orain, Frantziarako barku bat konpontzen ari dira: motorra aldatu, berrikuntzak egin, pintatu… “Konponketa lanak ere tokatzen zaizkigu sarri: kolpeak-eta izan dituzten barkuak ekartzen dizkigute”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.