“Portuan marea arrosa ikustean ohartu ginen lortutakoaz”

Iaz San Juanek lehenengo bandera irabazi zuenean, ez zen taldean izan Arantza Arregi (Pasai Donibane, 1977); ez zuen arraunean egin joan den denboraldian. Aurten, berriro bueltatu da, neguan gogotik lan egin eta gero, eta bigarrena lortu du San Juanek. Orain, erretiratzeko asmoa du.

Nolakoak izan ziren Kontxa irabazi ondorengo orduak?

Izugarria izan zen. Astea luzea egin zitzaigun, eta bi segundoren abantaila edukitzea ondo dago, baina badakizu berriro hutsetik hasi behar zarela. Estropada bukatu bezain pronto ez ginen hasi garrasika, baizik eta denbora pasatuz joan zenean hasi ginen sinisten zer egin genuen. Gero, bai, izugarrizko poza.

Arranpara jaitsi zinetenean, zaleek ez ezik, gizonen traineru osoak hartu zizueten txaloka. Zer iruditu zitzaizuen?

Poz handia ematen du gure lana aitortzeak, eta eskertzen da beste kirolariek ere hori adieraztea. Egia esan, estropada bukatutakoan, poz handia genuen, zarata handia zegoen… baina portura sartu ginenean eta dena arrosez ikusi genuenean, marea arrosa, orduan ohartu ginen lortutakoaz.

Gero, berriro herrian egokitu zitzaizuen, ezta?

Autobusetik jaitsi, eta hori dena topatu genuen. Gainera, gero, ezagunak ikusten dituzu: ama, alaba… Berriro emozionatuta.

Igandean nola sartu zineten uretara?

Hasteko, kaleen zozketa egin eta gero, bagenekien txarrena tokatu zitzaigula. Entrenatzailearen lana izan zen sinetsaraztea ez zela txarra. Bestalde, bagenekien Zumaia eta Hibaika estropada puskatzera irtengo zirela. Abantaila genuen, baina helburua mantentzea zen, eta ziabogara beraiekin iristea. Bi segundo atzetik iritsi ginen, baina gero buelta oso ona izan zen.

Nola sentitu zineten estropadan, eta bueltan batik bat?

Patroia denbora ematen ari zen une oro, eta egon zen momentu bat lau edo bost atzetik jarri ginela, baina ia ez ginen konturatu; gurera ari ginen. Gero, behin segundo bat aurretik gindoazela esan zigunean abantailaz ohartu ginen; segi eta segi egin genuen, eta azken 400 metroak gehiegi pentsatu gabe egin genituen, arraunean ondo, baina buruan bandera eskuan duzula dakizula.

Dagoeneko bigarrena lortu duzue. Horrek jada zer esan nahi du?

Lan handia egiten dugula eta ondo gabiltzala. Baina, bestalde, atzetik, negu oso gogorrak daudela; bi jarraian irabazteko lan asko egin behar duzula.

Askotan lan hori ikusezina da.

Hori da. Urrian hasten gara prestatzen, eta aurten, gainera, oso gogorra izan da. Negua oso txarra egin du. Niri, gainera, gehiago kostatu zait. Lehengo urtean ez nuen arraunean egin: ama izan nintzen, eta kanpotik ikustea egokitu zitzaidan. Aurten berriro hor egotea… ez dakit nola esan… erronka handi bat izan da. Justu Kontxaren hurrengo egunean hasi nintzen entrenatzen. Gainera, ez nekien arraunean egingo nuen, aukera izango nuen taldean sartzeko. Eta, azkenean, lortu dut.

Duela bospasei urte imajinatzen al zenuen taldea maila honetara iritsiko zenik?

San Juanen beti aritu dira neskak arraunean, eta beti goi mailan, bakarrik ez genuela banku finkoa inoiz egin. Urte gutxitan maila handia lortu dugu, eta espero dugu horrela jarraitzea.

Zer gertatu da urte horietan maila hobetzeko?

Gauzak agian serioago hartu dira. Batetik, neskek trainerua ateratzea zaila da: hamahiru neska biltzea erraza da urte batean, baina zailena da jarraitzea. Jarraipena izaten baduzu, bloke bera izaten urtero, horrek ematen du goi mailan ibiltzea.

Datorren urteko Kontxa zortzikoa izango da emakumeetan. Horrek zer esan nahi du?

Beste pauso handi bat. Badirudi datorren urtean Donostiako neskek parte hartuko dutela, eta besteek jokatu beharko dugu sailkapena. Ondo iruditzen zait. Beste gauza bat da donostiarrak sailkatuta egotea; nik ez dakit jokatuko nukeen besteen mailan egongo ez banintz.

Gizonen eta emakumeen estropadak parekatuta egoteko zer falta da?

Egia da azken urteetan jende gehiagok jarraitzen duela emakumeen estropada. Kontxak, esaterako, gizonetan, ehundik gora urte daramatza, eta guretzat zortzigarrena izan da. Beraz, ezin da zortzi urtetan egin ehun urtetan egin dena. Baina pixkana ikusten da aldatuz doazela gauzak: duela urte batzuk oso gutxi izaten ziren emakumeen estropada ikusten Kontxan. Azken urteetan jendeak interes handiagoa du.

Datorren urteari begira, beraz, taldeari eutsiko diozue?

Urrira arte ez dugu jakingo nork segituko duen eta nork ez, baina blokea mantenduko dela uste dut.

Zuk jarraituko duzu?

Ez. Azkenekoa egin dut. Lanarekin eta haurrarekin zaila egiten zait. Neguan entrena zaitezke etxean, nire kasuan, Hernaniko kiroldegian, baina ekainetik aurrera egunero joan behar izaten da Donibanera, 22:00ak arte. Gainera, urte batzuk ere baditut. Nire helburua lortu dut, Kontxa irabaztea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.