“Denborarekin, euskal kostalde osoa lotu nahi dugu”

“Denborarekin, euskal kostalde osoa lotu nahi dugu”

Nekane Zinkunegi Barandiaran

Inoiz arraunean egin gabe sartu zen Edu Mugertza (Eibar, 1957) Zarauzko Badok 13 elkartean, izatez arraunlari beteranoen taldea bada ere. Egunotan, buru-belarri dabil bihar egingo den Gipuzkoa Kostalde Baleadaren antolaketan. “Orain dela bospasei urte hasi zen kontua. Lehentxeago, semea Zarautz arraun elkarteko klubean sartu zen, eta nik ere halaxe egin nuen. Laguntzeko asmoz sartu nintzen, eta presidente amaitu nuen”. Presidentetza utzi aurretik, beteranoen talde bat sortu zuten, nahiz eta beterano gutxi zeuden tartean: “Gehienak inoiz arraun egin gabekoak ginen. Trainerua sortu genuen 2013an, eta hamahiru kide ginen geu ere; Badok 13 izendatu genuen trainerua”.

Ordurako bazuen harremana Angeluko Ibaialde elkartekoekin, eta haiek hasi ziren duela lau urte Lapurdiko Kostalde Baleada antolatzen. “Haiek Hendaiatik Angeluraino egiten dute, eta esan ziguten interesgarria izango litzatekeela hori Hegoaldera ekartzea”. Hala, iaz antolatu zuten lehen aldiz Badok 13koek, eta Zumaia eta Zarautz arteko ibilbidea egin zuten. “Nahiko ongi atera zen; Iparraldeko jendeak asko lagundu zigun: 500 lagun batu baginen, eta 400 baino gehiago ziren Iparraldekoak”. Ibaialdekoen ideia balearen historia azaltzea da, Euskal Herria bere garaian “potentzia bat” izan baitzen mundu mailan. Mugertzaren ustez, jende gehienak ez daki ezer horretaz, edo oso gutxi daki. “Haien asmoa hori herriratzea da, batetik; eta euskarari bultzada ematea ere nahi zuten, bestetik”. Horri guztiari hirugarren helburua ere gehitu zaio jada: “Denborarekin, euskal kostalde osoa lotu nahi dugu”.

Gipuzkoako kostaldeko ibilaldiarekin ere ikusarazi nahi dute balearen bueltako kultura hori, baina oso garrantzitsua iruditzen zaie Iparraldeko eta Hegoaldeko jendearen arteko harremana modu naturalean sustatzea ere. “Nahi duguna da Iparraldeko jendea etortzea, noski, baina Hegoaldeko jende gehiago animatzea. Iparraldeko zatian, aurten, 1.600 lagunek parte hartu dute, eta hemen bihar 400era heltzen bagara, poztuko gara”.

BERRIA, laguntzaile

BERRIA egunkariak ekimenean lagundu, eta ekitaldi nagusian, Ipar Euskal Herriko Hitza eta BERRIA banatuko dituzte, Zarautzen. Zozketa bat egingo dute parte hartzaileen artean.

Kontuak soka luzeagoa ere ekarri du, eta ibilaldiaz gain, bateko eta besteko ikastolen arteko harremana sustatzeko balio izan du: “Eurek aipatu ziguten gustatuko litzaiekeela Angeluko eta Zarauzko ikastolen artean erlazioa sortzea. Horregatik, larunbatekoa aprobetxatu egingo dugu; Angeluko ikastolako zenbait haur etorriko dira Baleadaren amaierara, eta Zarauzkoekin elkartuko dira jolasetan-eta parte hartzeko”. Mugertzari garrantzitsua iruditzen zaio Angeluko eta Zarauzko haurrek elkarren arteko harremana izatea, errealitate ezberdinak dituztelako.

Lapurdiko Baleada itsasertzetik egiten dute. Hendaiatik hasita 35-36 kilometroko ibilbidea egin ohi dute urtero, Angeluraino. Gipuzkoan zailxeagoa da hori, eta apur bat sartu behar izaten dute barrualdera. “Baina beharrezkoa da ahal den neurrian itsasoa ikusiz egitea, balearen historia azaldu nahi dugulako”. Lapurdin mareen araberako eguna hautatzen dute, ibilbidearen zati handia delako hondartzatik egin beharrekoa. “Lapurdiko kostalde osoa egun bakarrean egiten duten bezala, gurean ezinezkoa da, ez baita horren laua”.

Horregatik, aurten Donostiatik Zarautzera egingo dute. Datorren urtean Zarautzen hasi eta Donostian amaitzea dute buruan, 2016an kultur hiriburutza urtea dutelako. “Baina oraindik ez dakigu zer egingo dugun, Albaolakoak ere badabiltzalako gurekin, eta handik pasatzea ere nahi dutelako. Horrez gain, Orioko balearen urtea ere datorren urtea da, eta aukera asko ditugu”.

Balearen, itsasoaren, arraunaren, hizkuntzaren eta Ternuaren historian oinarritutako ibilbidea da, izatez, eta kultura gastronomiarekin batuko du biharkoak. Donostian hasiko dira gosariarekin eta hitzartze batekin. Hortik Igeldora joango dira, eta han hamarretakoa egingo dute. Handik Kukuerri mendira, Oriora, eta amaitzeko, Zarauzko Talaimendira. Hango sagardotegian sagardoa eta gazta dastatzeko aukera izango dute. Munoa plazan, berriz, bazkaria egingo dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.