“Barkuak monumentu izendatzearekin bide bat zabaldu zitzaigun”

“Barkuak monumentu izendatzearekin bide bat zabaldu zitzaigun”

Nekane Zinkunegi Barandiaran

Hiru urte pasatu zituen Socorro Romanok (Donostia, 1956), beste hainbat lagunekin, Donostiako Untzi Museoko proiektua egiten. Bertako zuzendaria da orain. “Denetik egitea tokatzen zait, zuzendari izan arren: bitrinak mugitu, aldundikoekin kontuak koordinatu, prentsarekin hitz egin…”. Datorren urtean 25 urte beteko ditu museoak, eta ilusioz ari dira urtemuga berezia prestatzen.

Proiektuko lana egiten aritu zirenetatik Joxe Mari Unsain eta Romano bera geratzen dira museoaren bueltan oraindik ere. Donostiako Aquariumetik etorri zen Untzi Museoa martxan jartzeko asmoa: “Elkarte Ozeanografikoek zerbait egitea nahi zuten; diputazioari planteatu zioten, eta hark erabaki zuen hutsik egon zen eraikina horretarako baliatzea”. Ordutik, garapen dezentea izan du museoko jardunak: “Inauguratu genuenean, bitrina batzuk hutsik geneuzkan. Orain, berriz, 4.000 piezatik gora ditugu, eta 30 ontziri baino gehiagori egin dizkiegu berreskuratze lanak”.

Ia bere historia osoan itsasoari lotuta egon den eraikina da gaur egun Untzi Museoa dena. “XVIII. mende erdiko eraikina da, itsasoko kontsulatuaren dorretxea izan zen garai hartan, eta han bizi zen moilako tenientea”. Hark kontrolatzen zuen kaira zein barku iristen ziren, eta zergak kobratzeaz ere arduratzen zen. Gerora, nautika eskola ere izan zen, eta 36ko gerran Donostiako kaiko bizilagunek babesgune gisa baliatu zuten. “Eraikin oso xumea da, baina bere historia eta balioa ditu; gure lagun batek esaten du etxe honek bere mamu propioa ere baduela”.

Euskal itsas ondarearen historia zaindu eta zabaltzea da Untzi Museoaren helburua, eta, erakusketez gain, hezkuntza nahiz ikerketa arloko dinamikak martxan dituzte. “Hamabost urtez erakusketa iraunkor bat eduki genuen ikusgai, baina 2007an aldatu egin genuen; erakusketak egiteko modua aldatu beharrean geundela ikusi genuen”. Ordutik, planteamendua bestelakoa da. Hiru solairu ditu museoak, eta lehen eta bigarren solairuetan jartzen dituzte orain zortzi eta hamabi hilabete artean erakusketak; goiko solairua, berriz, tailerrak egiteko baliatzen dute.

Orain ikusgai dutena “oso erakusketa berezia da”, Romanoren hitzetan: “Bakailaoaren arrantzaren ingurukoa da, eta ez badakigu ere, oso garrantzitsua izan zen gurean arrantza hori. Euskaldunak Ternuara joan zirenean, ez ziren balea harrapatzera joan; bakailao bila joan ziren, eta han ohartu ziren balea zegoela”. Euskal ekonomian eta historian bakailaoaren arrantzak izan zuen garrantzia ikusarazi nahi dute erakusketa horrekin, baita horretan emakumeek izan zuten funtzioa ere.

Meritu handienetako bat museoan ikusgai jarritako guztia “produkzio propioa” izan dela iruditzen zaio Romanori. Itsasoan ibili eta urperatzear ziren barkuak berreskuratzeko lan dezentea egin dute urteotan: “Ea egunen batean horiek erakusteko aukera daukagun”.

Hala ere, lan horretan hasterako legezko hainbat tramite egin behar izan zituzten: “Errege dekretu bat aldatu behar izan zen; gu hasi ginen horretan, eta gero gurekin estatu mailako beste hainbat museok eta erakundek egin zuten lana”. Ondarea ulertzeko moduarekin lotzen du lan hori Romanok; eliza edo liburu bat bezain baliotsuak iruditzen zaizkio itsasontziak: “Guk bagenekien berezienak ziren barkuak errekuperatu behar zirela, baina legeak ez zuen aukera hori ematen. Aldaketari esker, barkuak monumentu izendatzea ere lortu genuen, eta bide bat zabaldu zitzaigun”.

Euskal gizartea baserri munduarekin edo lehorreko jarduerekin lotu izan da, eta hala jaso da historia liburuetan ere. Baina itsasoak euskal historian izandako garrantzia azaleratu beharra ikusten du Romanok: “Julio Caro Barojak esaten zuen eran, badirudi euskal gizartea nekazaritza eta abeltzaintzara mugatu dela, baina hark zioen euskalduna ezin dela ulertu itsasoarekin izan duen harremana ulertu gabe”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.