Sakabanaketa amaitzeko, indarrak batzeko eskatu dute herri kirolariek

Iñigo Terradillos

Aiztondo bailara osatzen duten sei herriak txandakatzen doaz urtero, eta, aurtengoan, Villabonak hartuko du Aiztondora Eguna. Bihar izango da, eta egitarauari begiratu bat ematearekin, nabaria da herri kirolak izango direla protagonista. Izan ere, “euskal preso eta iheslariek pairatzen duten egoerak kezkatuta”, herri kirolen munduari lotutako herritar talde batek bat egin du egunarekin, eta eurekin batera sakabanaketa bukatzeko indarrak batzeko deia egin diete herritarrei.

Egitasmoan parte hartzen duten herri kirolariek azaldu dutenez, “bakoitzaren ideologia atzean utzita”, giza eskubideen urraketak bildu dituzte ekinbide horretan. Hala adierazi du Olatz Mitxelenak, parte hartuko duten kirolarien izenean: “Sakabanaketarekin jarraitzeak eta larriki gaixo dauden presoak espetxean izateak sufrimendu handia eragiten du, Euskal Herrian gaur egungo garai hauetan inongo zentzurik ez duen sufrimendua”.

Egoera “krudel” horrek konponbidearen “nahia eta beharra” azaleratzen duela uste du Mitxelenak: “Zinez sinisten badugu giza eskubideak konponbidearen zutabe direla, eta biak, eskubideak eta konponbidea, benetako bakearen osagai nagusiak, ezin gara geldirik geratu”. Horren aurrean, norbanakotik hasita, ekinbide kolektibora salto egiteko garaia iritsi da, herri kirolariz osaturiko taldearen arabera.

Era berean, argi dute preso eta iheslarien giza eskubideak errespetatzeko eta “benetako konponbidea” erdiesteko sare herritar sendoa ezinbestekoa dela: “Bakoitzak bere eremutik eta bakoitzaren neurrira, guztiok osatu behar dugun sare sendo, zabal eta herritarra”.

Norbanakoen konpromisoan oinarritutako herri aktibazioa, beraz, ezinbestekoa da haien ustez, eta, bide horretan, euren ekarpena egin nahi dute kirolariek. Ekarpena, hain justu, Aiztondora Egunerako antolatu duten erakustaldia izango da, eta hara joateko eskatu diete herritarrei.

Aiztondora Eguna

Euskal preso eta iheslariak herri kiroletara! lelopean, ekitaldi instituzionalarekin hasiko da eguna, Villabonako udaletxearen parean. Ondoren, pilota partida izango da, herritarren arteko desafioa, eta ekitaldi nagusia gero. Arratsaldean, askotariko herri kirol probak izango dira ikusgai. Batetik, giza proban 550 kiloko harriarekin lehiatuko dira Wuitxu (Villabonako taldea) eta Emarri (Oiartzualdekoa). Probalekuan izango da hori, eta ondoren, herriko plazan, trontzalariak, lokotx biltzaileak, 5 metroko alturako egur moztailea, aizkolariak eta lasto altxatzaileak ariko dira. Eguna borobiltzeko, proben ondoren herri afaria egingo dute, Berdura plazan.

Udalen elkartasuna

2010. urtean antolatu zuten lehendabizikoz Aiztondora Eguna. Villabonan egin zuten estreinako aldi hartan, eta aurten berriro egokitu da han egitea. Aiztondo bailarako sei herriek bat egiten dute; hau da, Adunak, Alkizak, Amasa-Villabonak, Asteasuk, Larraulek eta Zizurkilek.

Hala, bertako herritarrek ez ezik, udalek ere, beste urte batez, bat egingo dute. Eta hori da, hain justu, antolatzaileek nabarmentzen duten beste puntuetako bat, “ez izatea alderdi politiko bakarrari lotutako ekitaldia”. Eguerdiko ekitaldian ikusi ahalko da udalen elkartasuna, Villabonako alkateak, bailarako beste udaletako ordezkariak alboan dituela, Aiztondora Egunarekin bat egiten duten mezua zabaltzen duenean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.