Dozenaka taldek salatu dute “izaera desarrollista nabarmeneko” plana dela

Donostia aldea eta Bidasoa Beheko Lurralde Plan Partzialak eragiten duen herrietan mugimendu handia sortu da, planean jasotako azpiegitura handien kontra. Joan den larunbatean, adierazpen bateratua aurkeztu eta dozenaka sinatzaileren ordezkariek agerraldia egin zuten, Donostian. Bertan, LPPren “izaera desarrollista nabarmena” salatu zuten, “lurraldearekiko eraso larria izateaz gain, zalantzan dagoen garapen eredu bati bultzada eman nahi diolako”. Planari ezezkoa eman eta atzera botatzeko eskatu dute.

Planak jasotako azpiegiturak eraikitzeko 1.300 hektarea baino gehiago suntsituko direla arbuiatu dute, “hazkundekeriaz jotako” ikuspegia emanez hurrengo urteetako bilakaerari. Adierazpena sinatu duten elkarte eta norbanakoek oroitarazi dute herritarren “oposizio garrantzitsua piztu duten egitasmoak” daudela tartean: Lezo-Gaintxurizketako eta Zubietako poligono erraldoiak, errauste planta, AHTa, Donostiako metroa, Auditz-Akularreko egitasmo urbanistikoa…

Azpiegitura horiek aurrera ateratzeko Eusko Jaurlaritzak “izaera estrategikoko gune” izendatzen dituela salatu dute sinatzaileek, eta “oinarri juridikorik gabeko” izendapen horrekin “udalei orain arte lurraldea antolatzeko aitortu zaizkien eskumenak” ezabatu nahi zaizkiela. “Izendapen horren pean, gune horiek zehaztu gabeko ekintzetarako erreserbatzen dira, bertan zer egingo den zehaztu gabe”. Horrela “eskuak libre” dituztela, “euren interes desarrollista eta espekulatzaileak” garatzeko.

2010ean, LPP informazio publikora atera zutenean, 20.000 alegazio baino gehiago aurkeztu zirela oroitarazi dute, halaber, sinatzaileek, eta horiek guztiak erantzunik gabe gelditu zirela; “Arartekoak argi eta garbi ebatzi duen arren administrazioa behartuta dagoela hala egitera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.