“Gure ondarea oro har ukatua izan bada, itsas ondarea are gehiago”

“Gure ondarea oro har ukatua izan bada, itsas ondarea are gehiago”

Eider Goenaga

Joan den igandean, Galdutako itsas historia berreskuratzeko saiakera bat hitzaldi ibiltaria eskaini zuen Xabier Alberdi Lonbide historialariak (Zarautz, 1969), Zarautzen; aurreko igandean, Itsas hiribildu baten ezaugarriak ezagutu ditzagun izenekoarekin egin zuten ibilbidea, Orion. Hurrengo hiru igandeetan gauza bera egingo du, hurrenez hurren, Getarian, Zumaian eta Aian. Itsas Ondarea Ezagutzeko Hitzaldi Ibiltariak izenburupean egingo dira bost ibilaldiak. “Iaz gauza bera egin genuen; lehenengoan hamabi lagun elkartu ginen, eta azkenekoan, berriz, 80”.

Urola Kostako Mankomunitatean sortutako ideia izan zen hitzaldi ibiltariena. “Itsas ondarearen gaia baztertu samar egon den arlo bat da, eta horri balioa emateko ahalegina egitea pentsatu zuen mankomunitateak”. Eta sentsibilizazioa hitzaldi ibiltarien bidez egitea erabaki zuten iaz.

Alberdiren arabera, Euskal Herriko historian itsasoak duen garrantzia eta pisua ez da behar bezala kontuan hartu. “Azken hamarkadetan Euskal Herriaren historiak, oro har, ukazioa bizi izan du; eta Euskal Herriko historia eta ondarea ukatua izan bada, itsas ondarea are gehiago”. Lurreko ondarearen eta itsasokoaren artean ezberdintasun bat dagoela dio: “Lehorreko ondarea ukitu eta ikusi egin daiteke, dela baserri bat, dela dorre bat edo burdinola bat; baina itsas ondarea gehienetan ukiezina da —jada desagertuta dauden itsasontziak, ofizioak, erremintak…— eta horregatik egon da ezkutuago”.

Itsas ondare hori ikusgarri egin nahi dute, bazterretik atera eta erdigunean jarri. “Beste ikuspegi batekin begiratzen hasi behar dugu. Maiz iruditzen zaigu hainbat gauzak ez dutela itsasoarekin zerikusirik, eta lotura erabatekoa da”. Baserria du horren adibide. “Guregana iritsitako baserria, sagardo ekoizpenari zuzendutako baserria, adibidez; baserri mota hori ekoizpen horretan espezializatu zen sagardoa itsas bidaietarako erabiltzen zelako”. Burdingintzaren garrantzia ere itsasoari zor zaiola azpimarratu du Alberdik. “Hori posible izan zen, ez bakarrik minerala eta erregaia genituelako, baizik eta itsasoz aterabidea emateko modua genuelako”.

Bost herri, adibide

Bost herri hautatu eta bost ibilbide antolatu ditu Alberdik, eta bakoitzean gai bat landuko du. Oriokoa izan zen lehena, azaroaren 1ean. “Itsas hiribilduen gaia lantzeko aukera paregabea ematen du Oriok. Urola Kostan lau itsas hiribildu ditugu —Getaria, Zumaia, Orio eta Zarautz—, baina horien artean Orio da ezaugarriak ondoen gordetzen dituena, eta, gainera, Euskal Herri guztian bakarra da XVI. mendekoa”.

Alberdiren esanetan, Zarautz da galdutako itsas historiaren adibide argienetako bat. “Ezaugarri guztiak ditu. Itsasbazterrean dago, hondartza du, surfa… baina, askotan, badirudi Zarautzek itsasoarekin duen harremana berria dela, toldoak jarri zituzten arte itsasoari bizkar emanda egon balitz bezala. Nonbaiten itsas ondarea ezkutatua badago, Zarautzen dago, eta ondare hori bilatzera atera gara”.

Getarian, igande honetan, San Anton mendiko sekretuak hitzaldi ibiltaria eskainiko du Alberdik. Portu baten ezaugarriak azaldu nahi ditu historialariak. “Eta portu natural ederrena, dudarik gabe, Getariakoa da. San Anton mendiak sortzen du portua, eta bertan hainbat elementu eta ezaugarri daude: itsasargia, fortifikazioak, talaia…”.

Euskal itsas balentrien antzinako monumentuak hitzaldi ibiltariak Zumaia izango du kokaleku, hilaren 22an. “Itsas ondarea isilpean pasatzearen arrazoietako bat da gure itsas balentrietako askoren aztarnak elizetan jasota daudela. Hobeto gordeko zirelakoan, ahaztuko ez zirelakoan jaso zituzten elizetan, eta elizetan daudelako ez ditugu orain ezagutzen”. Herriko parrokia, komentu bat eta San Telmo ermita bisitatuko dituzte, Zumaian, itsas balentria horien aztarnen bila.

Hilaren 29an, Aian, Gure itsas paisaia zaharrean zehar hitzaldi ibiltaria eskainiko du Alberdik. “Beste lau ibilbideak berriak dira, baina hau iaz ere egin genuen. Lehena izan zenez, jende gutxi etorri zen, eta gerora jendeak errepikatzeko eskatu digu”. Nekazaritza giroko paisaian itsasoak izandako eragina aztertuko du Alberdik ibilbide horretan: baserriak, basoak, burdinolak, errotak…

Alberdi pozik dago ordu eta erdiko hitzaldi ibiltari hauek harrera ona izaten ari direlako. “Askotan historia lotzen dugu txapa luze batekin, eta modu honetan historia modu praktikoan ezagutzeko aukera ematen dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.