Ia 9.000 gipuzkoar, igandean Behobiatik ateratzeko prest

Ia 9.000 gipuzkoar, igandean Behobiatik ateratzeko prest

Maite Alustiza

“Ez da markak hausteko eguna izango”. Iganderako hego haizea iragarrita dagoela eta, mezu hori helarazi du Fortuna elkarteak, Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileak. Beroari aurre egiteko, hidratatzearen garrantziaz ohartarazi die parte hartzaileei. Aurten ere marka hautsi du izena eman duten korrikalari kopuruak: 33.947 lagun, iaz baino 4.000 gehiago. Horien artean, 8.805 gipuzkoarrak izango dira. Gorantz doa emakumezkoen parte hartzea ere: 1999an 859 emakumek egin zuten korrika, eta iganderako 7.703k eman dute izena. Maila handiko lasterketa izatea espero da, azken hamar urteetako irabazleek parte hartuko baitute proban.

Iaz aldaketa batzuk izan ziren ibilbidean, eta aurten ere bide horri eutsi diote. Antolakuntzak egindako inkesta baten arabera, elkarrizketatuen %70 bide berriaren alde agertu dira, eta %8k bakarrik lehenetsi dute ibilbide zaharra. Irteera orduei dagokienez ere, ez da aldaketarik izango: aulkian doazen atletak 09:30ean aterako dira —48k eman dute izena—; patinatzaileak, bost minutu geroago —233—; eta lehenengo korrikalariak 10:00etan irtengo dira. Hemeretzi txandatan mailakatuta aterako dira Behobiatik; azkenak, 11:35ean.

Hazten eta hazten doan lasterketa da Behobia-Donostia. Lehen urtean, 1979an, 1.021 lagunek parte hartu zuten, eta geroztik urtero igotzen joan da kopurua. Azken zazpi urteetan ia bikoiztu egin da: 2008an 18.000 lagun baino gehiago izan ziren. Parte hartzaileen jatorriari dagokionez, gipuzkoarren atzetik katalanak izango dira gehiengoa (5.400). Bizkaitik 2.780 korrikalarik eman dute izena, Nafarroatik 2.512k eta Arabatik 1.049k.

Behobia-Donostiaren aurretik, haurren eta gazteen txanda izango da. Bihar Behobia Txikia izango da, 15:00etan, Anoetako miniestadioan. Ia 3.000 haurrek eman dute izena. Behobia Gaztean, berriz, 14 eta 18 urte bitarteko 220 korrikalarik parte hartuko dute —igandean, 09:30ean, Herrerako biribilgunetik—.

Leave a Reply

Your email address will not be published.