Lau elkarte, arazoari erantzun nahian

Aldundiko ikerketaren datuak emanda egin dituzte bosgarren Energia Jardunaldiak, Koldo Mitxelena Kulturunean. Pobrezia energetikoak Gipuzkoan duen eragina zenbatekoa den azaldu ostean, hura murrizteko proposamenak aurkeztu dituzte Egia-Kareaga, Caritas, Tinko STS eta Goiener elkarteetako kideek. Elkarte bakoitzak bere lan alorrarekin zerikusia duten neurriak aurkeztu ditu; haietako asko “uztargarriak” direla azpimarratu du Fatima Otegi Caritaseko ordezkariak.

EGIA-KAREAGA
Estrategiaren beharra

Ikerketak egiten aritzen da Egia-Kareaga fundazioa, eta elkarte hori izan da pobrezia energetikoari buruzko ikerketa egiteko arduraduna. Ondorio zehatzetara iritsi dira fundaziokoak: pobrezia energetikoa murrizteko, kontsumo eraginkorragoa izan behar du gizarteak. Energiarekiko mendekotasuna jaisteko estrategia baten beharra azpimarratu du Joseba Zalakain kideak. Bi zatitan banatu du bere proposamena: diru laguntzak eta prebentziorako neurriak sortzea.

Diru laguntzei dagokienez, beste herrialdeetako laguntzak ezartzea proposatu du, batez ere zailtasun gehien duten taldeei zuzenduta: Gizarte Larrialdietako Laguntzez gain, Belgikan, Erresuma Batuan eta Irlandan ematen diren moduko laguntza espezifikoak ematearen alde azaldu da.

Arretagunea, baina, prebentziorako neurrietan jarri du. Estrategia multidimentsional baten beharra azpimarratu du, prezioak jaistean, ohiturak aldatzean eta efizientzia hobetzean oinarritua. Horrez gain, irismena biztanleria osoari bermatuko dion eredu energetiko iraunkor batean lanean hasteko ordua dela azaldu du, gaur egungo egoera jasangaitza bihurtu zaiolako gizartearen zati handi bati. Estrategia multidimentsional hori gehien kaltetutako gizarte taldeetan oinarritu beharko litzatekeela gaineratu du.

CARITAS
Doako zerbitzuak

Kaltetuekin zuzenean aritzen da Caritas, eta pobrezia energetikoak sortzen dituen ondorioez aritu da Fatima Otegi eleduna. Kaltetuak berogailurik gabe, aurrez prestatutako jakiak jaten edo kiroldegietan dutxatzen ibili behar izaten dutela azaldu du. Ez dira ondorio bakarrak: bizikidetza tentsioak eta gaixotasun fisiko nahiz mentalak ere ohikoak dira.

Caritasek bere kabuz hartzen dituen neurriak aipatu ditu: hornidurak eta mozketak ordaintzea eta informazio nahiz kontzientziazio lana, besteak beste. Erakunde publikoek pobrezia energetikoa saihesteko dituzten neurriak aztertu ditu Otegik: efizientzia energetikoa lortzeko asmoz etxebizitzak birgaitzeko plana txalotu du, baina haratago joateko beharra azpimarratu. Caritasen izenean, neguan energia mozketak debekatzea eskatu du, baita kontagailuen doako azterketak egitea ere.

TINKO STS
Hirien birsortzearen alde

Etxebizitzetan energia beharrak minimizatzeko formulak aurkeztu ditu Nerea Sudupek, Tinko STS enpresako arkitektoak. Azpeitiko enpresak behar horiek minimizatu eta ingurumenarekiko duen eragina positiboa izan dadin lan egiten du, eta Sudupek azpimarratu du efizientzia energetikoa lortzea dela pobrezia energetikoa murrizteko gakoa. Alde horretatik, alferrikako gastuak saihesteko moduak aurkeztu ditu Energia Jardunaldietan.

Zaragozako (Espainia) adibide batzuekin, etxean ahalik eta energia gutxien xahutzeko egin beharreko obra batzuk aurkeztu ditu. Isolamenduek luzera kalteak sortzen dituztela azaldu du, kondentsazioak eta hezetasunak azaleratzen baitira. Auzo osoak barne hartuko lituzkeen birgaitzeak defendatu ditu Sudupek, horrek bizi-kalitatea hobetu eta gastua murriztu dezakeelako.

Pobrezia energetikoan dauden familien diru arazoak kontuan hartuta, erakunde publikoen esku hartzea eskatu du. Bestalde, eragile ezberdinen arteko jokabide transbertsala defendatu du familia kaltetuen egoera alda dadin.

GOIENER
Konpromisoa ardatz

Kontsumo energetiko arduratsuaren aldeko kooperatiba da Goiener. Ehun boluntario inguru dira, eta energia kontuetan jendea informatzea dute helburu, doan. Olatz Azurzak azaldu duenez, jendeak maiz okerreko hautua egiten du energia kontuetan. Goienerrek aholkuak ematen dizkie familiei: behar duten potentzia eta tarifa zein den esaten diete, adibidez. Etxeko energiaren fakturak ere gainbegiratzen dituzte.

Euren ustetan, pobrezia energetikoa murrizteko gakoa “energiaren demokratizazioa” da, eta hori lortzeko beharrezkotzat dute gizartea formatu eta alor horretan konprometitzea. Energia demokratizatzeko zenbait puntu garatzea “beharrezko” ikusten dute: taldeka erostea, energia berriztagarriak salerostea eta autokontsumoa babestea. Tokian tokiko sortzea ere defendatzen dute; Azurzak azaldu zuenez, “energia garraiatzean galdu egiten da”.

Eskasiari aurre egiteko beste gakoetako bat berriztagarrien erabilera da, autokontsumoarekin oso lotuta doana. Azurzak azpimarratu du Gipuzkoan baliabideak badaudela halako proiektuak aurrera eramateko, eta “haizea, ura eta eguzkia doan izaki, ahalegina egin beharra” dagoela. Egun energia fosilek garrantzi handiegia dutela gaineratu du, eta Goienerren apustua haiek berriztagarriengatik aldatzea dela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.