“Urbanismoan kontziente izan behar dugu emakumeen garrantziaz”

Gaxuxa emakume taldeak bultzatuta, Lezoko leku arazotsuak identifikatu dituzte lehen aldiz, Lezo emakumeen ikuspegitik izenburupean. Lehen esperientzia horretan Emakunderen laguntza eta Murgibe erakundeko teknikarien aholkularitza izan dute, eta herriko erdialdeko zein hainbat auzotako toki arazotsuak identifikatu dituzte.

Oraingoan, hori guztia osatuko dute, eta Altamira eta beste auzo bat aztertuko dituzte. Miren Ormazabal Gaxuxako kideak (Lezo, 1958) oso garrantzitsutzat jo du leku arazotsuak identifikatzea, eta beharrezkoa iruditzen zaio emakumeek horrelako tailerretan parte hartzea.

Hainbat leku arriskutsu identifikatu dituzue. Zein arazo dituzte toki horiek?

Hamar puntu ilun identifikatu genituen. Hamar horietatik gehienetan argi gutxi dagoela ikusi genuen, eta gehienek konponbide erraza dute. Beste kasu batzuetan, ikuspena oso murritza da; etxebizitza batzuen azpiko aldean zutabe batzuk daude, eta gune ilun gisa identifikatu ditugu, ez baituzu ikusten zutabe horien atzean norbait egon daitekeen. Horrek konponbide zaila du, baina argiztapen egokiarekin segurtasun handiagoa ematen du. Tunelak ere badaude, eta horiek ere puntu ilunak dira. Hortik ez pasatzeagatik edozer gauza egiten dugu. Behin ordu batetik aurrera emakumeek ez ditugu toki horiek erabiltzen, saihestu egiten ditugu.

Arazo horiei konponbidea eman zaie?

Tunelen kasuan udalak esan zigun konponbidea ez dela erraza, aldundia ere sartzen delako honetan. Konponbidea zaila izango da, baina oso garrantzitsua.

Leku arriskutsuak identifikatzeak zertan laguntzen du edo lagun dezake?

Konponduz gero, emakumeak beldur gutxiagorekin pasatuko dira leku horietatik; behintzat aukera eman hortik pasatzeko.

Horrelako zerbait egiten duzuen lehen aldia da; zer moduzko esperientzia izan da?

Oso interesgarria izan da, baina, beti bezala, jendearengana iristea oso zaila da. Jendeak oso interesgarri ikusten ditu horrelako tailerrak, baina gero ez da azaltzen. Beraz, jendearen parte hartzea eskatuko nuke, oso garrantzitsua eta beharrezkoa baita emakumeak azaltzea horrelako tailerretara.

Emakumeok kontziente izan behar dugu urbanismoan emakumeek duten garrantziaz; hau da, zein garrantzi duen emakumeak hor egoteak edo ez egoteak, desberdina baita ikuspegia. Guk hainbat puntu ikusiko ditugu, agian gizon batek ikusiko ez dituenak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.