Errefuxiatuak gogoan, “oihu solidarioa” Errenteriatik

Olatz Mitxelena

Mundu osoan altxatutako hamaika harresitan pitzadurak eragiteko asmoz sortu zuten Mikelazulo elkartekoek Herrien Astea, orain 21 urte. Ordutik, temati aritu dira urtero-urtero elkarteko kideak, harresiak suntsitzeko ahaleginean ez ezik, baita harremanak eratzeko lanean ere, kulturartekotasuna sustatuz eta praktikatuz.

Hastapenetako helburu berberekin antolatu dute aurtengo Herrien Astea ere. Asteburuan egingo dituzte jarduera gehienak; tartean, abuztuan Lampedusara (Italia) bidean desagertutako ehunka migratzaileak gogoan antolatu duten elkarretaratzea. 19:00etan izango da, Agirre Lehendakariaren plazan, Gerrarik ez! Desegin hesiak, Aske herriak lelopean, Mediterraneoan desagertutakoen alde egin duten mosaiko koloretsuaren ondoan.

Mosaikoa “herriko oihu solidarioaren monumentu” bihurtu nahi dute Mikelazuloko kideek, “gerrari aurre egiteko, harresiak desegiteko eta harremanak eraikitzeko borondatearen lekuko”. Errefuxiatuen aldeko adierazpen bat ere zabaldu dute, eta egunotan atxikimenduak biltzen ari dira. 50etik gora bildu dituzte jada.

Aldarriari kultura eta festa batzen zaio urtero Herrien Astean, eta egitarauan bada beti tokiko kulturartekotasunari bultzada eman nahia. Aurten ere, hala izango da. Bihar goizean, esaterako, bigarren eskuko liburuak salduko dituzte, lortutako diruarekin Kolonbiako Arahuaco herriko haurrei bizikletak bidaltzeko. Gauean, berriz, armeniar herri afaria izango da, eta, igandean, jatorri askotako emakumeen arteko futbol partidak izango dira, zumardian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.