Erreparaziorako bidea egiten

Erreparaziorako bidea egiten

Eider Goenaga

Mikel Zabalzaren heriotzaren 30. urteurrenaren atarian, gaurkotasuna hartu du berriro Guardia Zibilak atxilotuta zeukala hildako gazte orbaizetarraren kasuak. Memoriaren Eguna igaro berritan, eta indarkeriaren biktima guztien aitortza ahotik ahora dabilen garaiotan, horixe da Altzan (Donostia) sortu berria den Mikel Zabalza Herri Ekimenaren helburua: Zabalza biktima gisa aitortzea eta haren familiak sufritutakoaren erreparazioa lortzea.

Sortzez nafarra izan arren, Altzan bizi zen Zabalza Guardia Zibilak atxilotu zuenean. Donostian egiten zuen lan, garai hartako Tranbia Konpainian. Altzan ez dute inoiz ahaztu bizilagun izandakoaren patua, eta urtero-urtero antolatu dituzte hura oroitzeko ekitaldiak: manifestazioak, lore eskaintzak, hitzaldiak… “Altzan bizirik dago haren memoria, denok dakigu nor zen Mikel, lanketa handia egin da. Ni neroni naiz horren lekuko”, azaldu dio Gipuzkoako Hitza-ri Garazi Castañok, Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak. 20 urte ditu, Zabalza hil eta hamar urtera jaio zen.

Haatik, Altzan orain arte ez da egitura finkorik izan gaiari jarraipena egiteko. “Orbaizetan bada talde bat, baina Altzan ez zegoen”. Aurten sortu dute, eta 30 urte igaro diren arren, egia, justizia eta erreparazioa lortu arte geratzen den bidea luzea izango dela uste dute. “Bide luzeko lasterketa da, pausoz pauso joango gara”.

Biktima izaera onartu

Taldearen helburu behinena da Zabalzari ofizialki inoiz aitortu ez zaion biktima izaera aitortzea, eta horrek dakarren erreparazioa lortzea. “Bertsio ofiziala hasieratik kolokan dagoen arren, auzitegietan kasua itxita dago, eta horren ondorioa da Mikeli ez zaiola biktima izaera onartzen, eta haren familiari ere ukatu egiten zaiola merezi duen erreparazioa; izan ere, biktima gisa onartzeak hainbat eskubide aitortzen dizkie senideei, laguntza batzuk zehazten dira, eta Mikelek eta haren familiak ez dute halakorik”, dio Castañok.

Lehen pausoak ematen ari dira. “Aztertzen ari gara horra iristeko nolako bidea egin behar dugun”. Hala, euskal instituzioetako ateak jotzen ari dira, haien lankidetza bilatzen, bideak nora eramaten dituen ikusteko. “Uste dugu erreparazioaren bidea ezin dela izan herri ekimenak eta senideek bakarka egin beharrekoa, uste dugu instituzioekin batera egin behar dugula bide hori; eta Donostiako Udalean egin dugun moduan, beste erakundeetan ere egingo dugu, ea posible den bidea batera egitea”. Bestetik, hainbat kriminologia eta zuzenbide irakaslerekin harremanetan jarri dira, gai horretan aholkua jaso eta sakontzeko.

Epe motzera, Donostiako Udalean dute hurrengo hitzordua Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideek. Izan ere, hurrengo ostegunean, hilaren 26an, aztertuko du beraiek aurkeztutako mozioa udalbatzak. Castañok azaldutakoaren arabera, aurretiaz udaleko alderdi politiko guztiekin landu dute gaia, eta baita Dbuseko sindikatu guztiekin —ELA, LAB eta Kurpil sindikatuen babesa eskuratu dute— eta udaleko langile batzordearekin ere —ELA eta LABeko ordezkariek babestu dute mozioa—.

Mozioa EAJ, EH Bildu eta Irabazi udal taldeen babesarekin aurkeztu dutenez, aurrera egingo duela uste du Castañok, “nahiz eta gerta litekeen beste talderen batek zuzenketaren bat edo aldaketaren bat proposatzea”. Mikel Zabalza Herri Ekimenaren mozioa onartzen duenean, Donostiako Udalak konpromisoa hartuko du Zabalza “biktima gisa onartua izan dadin eragiteko”.

Donostiako Udalaren esku hartzea lortuta, erakunde gehiagoaren inplikazio bila jarraituko dutela iragarri du Castañok. Euskal erakundeek hainbat adierazpen onartu izan dituzte Zabalzaren heriotzari buruz, eta indarkeria politikoaren biktimen zerrendan ere sartu zuen Eusko Jaurlaritzak. “Baina bidea hor mozten da, ez dakigu zeintzuk diren mugak, zeintzuk diren oztopoak, baina hortik aurrera ezin dela egin ematen du, eta hori egiten saiatuko gara gu. Keinuetatik haratago joan behar da, paperetik jauzi bat eman behar da, eta horretara goaz”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.