“Jakin egin behar da une bakoitzeko premiei erantzuten”

“Jakin egin behar da une bakoitzeko premiei erantzuten”

Tere Madinabeitia

Zumarragako Udalak eta Gurutze Gorriak omenaldia egin diote Enrique Samaniegori (Donostia, 1934), hamasei urtez Gipuzkoako lehendakari izandakoari. Bertaratutakoen hitzak, oroigarri trukeak, argazkiak, txaloak eta zorion agurrak amaitutakoan, tarte bat hartu du Hitza-rekin berriketalditxo bat egiteko.

Omenaldia jaso duzu. Gustura?

Bai. Omenaldiak beti dira gustukoak. Ilusioa egiten dute. Duela gutxi, Espainiako Gurutze Gorriak urrezko domina eman zidan, eta hura ere oso gustura hartu nuen.

Ia bizitza osoa eman diozu Gurutze Gorriari.

Lehendakaritzan hamasei urte besterik ez dut egin. Ez da hainbesterako. Baina Gurutze Gorrira 1954an iritsi nintzen. Madrilen ikasi nuen medikuntza, eta oporretan etxera etortzen nintzenean, Gurutze Gorriko ospitaleko larrialdietara joaten nintzen laguntzera, baita kirofanora ere. Beste garai batzuk ziren, eta orduan posible zen puntu batzuk ematea edo zauri bat jostea titulurik eduki gabe. Gurutze Gorrian hainbeste urtetan egon eta gero, Gurutze Gorria ez da uzten bizi artean: beti zaude laguntzeko.

Gurutze Gorriak beste boluntario mota bat izan du urteetan.

Errepideko anbulantzietan egiten zuten lan boluntario askok. Soldadutza egiten ari ziren gazteak joaten ziren; sanitario boluntarioak ziren. Ni, berriz, ikasitakoa praktikan jarri nahi nuen ikaslea nintzen. Espezialitatea egin eta gero, Onkologikoan zirujau gisa lan egiten nuenean, Matia kaleko ospitalean ere ibili nintzen zirujau boluntario gisa. Gero, zuzendari ere izan nintzen. Hura ere boluntario lana zen, soldatarik gabekoa.

Gipuzkoako lehendakari izatera iritsi zinen.

Boluntarioek eta herri batzarretako bozeramaileek proposatu zuten nire izena. Nik ondo ezagutzen nuen erakundea, eta baiezkoa esan nion karguari. Une korapilatsua zen hura: Gipuzkoako Gurutze Gorria oso zorpetuta zegoen; bazkide gutxi zegoen, arazo asko… Orain, hamasei urteren ostean, jende gazteagori lekua egiteko kargua utzi dudanean, ekonomia onbideratua du, eta bazkide gehiago ere bai: duela hamasei urte 1.800 ziren, eta orain 16.700.

Egin da zerbait, orduan.

Bai, bai. Baina meritua ez da nirea bakarrik. Zortea izan dut, eta idazkari bikaina izan dut ondoan, Alvaro Bergarajauregi. Erretiroa hartu zuen duela hiru urte, eta orain beste idazkari bat dugu, Juan Mari Urruzuno; hori ere oso ondo ari da, Alvaroren bide beretik. Nire ondorengoak, Pedro Perezek, laguntzaile onak ditu.

Zein funtzio ditu lurralde mailako lehendakari batek?

Jakin egin behar da une bakoitzean agertzen diren premiei erantzuten eta horiek behar dituzten baliabideak jartzen. Azken urteotan landutako bi proiektu aipatuko ditut adibide gisa. Eskolako errekuperazio edo errefortzu zerbitzua dugu, irakasle boluntario batzuek eskainia. Klaseak emateaz gain, haur eta gazteei askaria ere ematen zaie. Bestalde, Intxaurrondon kalean bizi direnei laguntzeko lokal bat dugu. Goizetan gosaria ematen diegu, eta higiene produktuak banatu ere bai.

Horrelako gauzak normalean boluntarioek proposatutakoak dira. Behetik datoz ideiak, eta lehendakariak horiek jaso eta gauzatzeko bideak jarri behar ditu.

Beheko boluntario horien profila ere aldatu egingo zen.

Lehengo boluntarioa, soldadutza egitera etortzen zena edo gero kontzientzia objektore zena, hura desagertu egin da. Orain boluntarioak laguntzeko prest daudenak dira, besterik gabe. Aldaketa horren adibide dira duela urte batzuk Haitiko lurrikarara Gipuzkoako Gurutze Gorritik joan ziren hiru boluntarioak. Bata arkitektoa zen; bestea, ekonomialaria, eta hirugarrena, ingeniaria.

Azken hilabeteotan anbulantzien auzia pil-pilean ibili da.

Gipuzkoa, ni lehendakari izan naizenean, oso indartsu ibili da anbulantzien zerbitzua ematerakoan. Baina azkenaldian enpresa pribatuak sartu dira jokoan, eta Gurutze Gorriak ezin die inolaz ere lehiarik egin. Gurutze Gorriak badu lekua, baina zerbitzu hori emateaz bizi daitezkeen horiek hutsik utzitako lekua bakarrik. Guk laguntzen jarraitu behar dugu enpresa pribatuari lehia egiten ez diogun horretan. Baina arazo bat dago, arazo larria. Lurralde osoan bost anbulantzia postu baldin badituzu eta postu bakoitzean 20 boluntario, guztira 100 boluntario dituzu larrialdirako prest. Inoiz hondamendiren bat gertatzen bada, deia egin eta pertsona talde handi bat duzu gertu laguntzera joateko. Orain, anbulantziak utzi berritan, prestatutako boluntarioak izango dira urte batzuetan, baina galdu egingo dira. Enpresa pribatutakoak txofer, kopilotu eta sanitario profesionalak dira. Eta horiek beren lan ordutegia, jai gunak, oporrak dituzte. Ezin duzu haiekin kontatu hondamendiren bat gertatzen denean; besteak beste, beren lanetan egon behar dutelako horrelakoetan.

Baina Gurutze Gorriko anbulantziak ez dira desagertuko.

Ez. Lanean jarraituko dute, baina ez larrialdi sarean, baizik eta beste arloetan: Behobia-Donostia, Kilometroak, Korrika eta horrelako beste jai eta ekitalditan… Eguneko zentroetako garraioan ere ari dira, baina gutxi, hor ere enpresa pribatua sartu delako.

Zein erronka du orain Gurutze Gorriak?

Egokitzen jarraitu beharko du. Orain errefuxiatuen gaia da erronka nagusia; lan asko egin beharko da. Gipuzkoako Gurutze Gorriak badu gaitasuna pertsona batzuk hartu eta horien egonaldiak kudeatzeko. Baina beste batzuen esku dago errefuxiatu horiek nola eta zein kopurutan iritsiko diren erabakitzea. Etortzen direnean, etortzen badira, Gurutze Gorriak badu talde batez arduratzeko gaitasuna.

Leave a Reply

Your email address will not be published.