” Babes arkeologikoa eman behar zaio urpeko ondareari”

” Babes arkeologikoa eman behar zaio urpeko ondareari”

Eider Goenaga

Ander Arrese (Beasain, 1977) Islandian izan berri da, irailean, Beñat Iturrioz bere bazkidearekin. Dokumental baterako materiala biltzen aritu dira, orain dela 400 urte hildako 32 euskal baleazaleen aztarnen bila. Arresek azaldu duenez, “pozik” itzuli dira: “Ez dizut gehiago esango, gainerakoa dokumentalean ikusiko duzue. Baina bai, topatu ditugu arrastoak”.

Arkeologoa da Arrese, ikasketaz eta lanbidez. Iturriozekin batera arkeologia enpresa bat jarri zuen martxan, duela sei bat urte: Suhar Arkeologia. Ondo joan zitzaien hasieran. “Baina gure lana oso lotuta zegoen eraikuntzarekin, obrak abiatu aurreko indusketa arkeologikoak egiten genituen maiz, eta krisia etorri zenean… Bide berrien bila abiatu ginen”.

Arresek ez zuen ordu arte urpekaritzarekin harremanik izan. Baina, krisiari irtenbide bat emateko modua urpeko arkeologian topa zezakeela pentsatuta, pausoak ematen hasi zen. “Islandiako proiektu honekin lotuta hasi nintzen, duela urte eta erdi inguru”. Aisialdirako urpekaritza ikastaroa egin zuen lehenbizi, eta horretan urpekaritzarako oinarriak ikasi zituen: “Segurtasun arauak, ekipazioa nola zaindu, nola ekipatu…”. Hurrengo pausoa titulazio profesionala eskuratzea izan zen, urpeko lanak egiteko eskatzen dutena.

“Eta behin titulazioa esku artean, arkeologia ur azpira nola moldatu ikasi behar izan nuen”. Oinarrian, kontzeptua bera dela dio, lur gainean eta urpean egon. Aztarnategi arkeologiko bat erregistratzeko sistema bat da arkeologia, eta gauza bera egin behar da uretan ere. “Baina, noski, ez da gauza bera aztarnategian gainean zutik ibiltzea, edo aztarnak urpean etzanda zaudela topatzea; lurrean kuadrikula bat zehaztea ere erraza da, urpean ez hainbeste; lurrazalean nahi adina denbora duzu, urpean denbora oso mugatuta dago…”.

Tarragonan (Katalunia) ibili zen arkeologia lanetan Arrese, han urperatutako itsasontzi batean. Eta Mediterraneoko ur epeletatik Islandiara, fiordoetara, euskal baleazaleen aztarna bila joan zen irailean. Duela 400 urte, Donostiatik irtendako hiru baleontziak Norvegian ibili ondoren iritsi ziren Islandia ipar-ekialdeko fiordoetara. “Han ekaitza sartu zen, eta izotzak itsasontziak harkaitzaren kontra bota eta txikitu zituen”. Laurogeitik gora baleazale ziren, eta haietako 32 hil egin zituzten, bertakoekin liskarrak izan ostean. “Sarraskia izan zen; oso modu basatian hil zituzten”.

Sarraskian hildako 32 baleazaleen bidea berregin nahi izan dute Arresek eta Iturriozek: “Haiek txalupatan eginiko bidea guk kayaketan egin dugu; haiek urperatu ziren tokian urpekaritza egin dugu, eta haiek ihes egin zuten tokietatik egin ditugu guk mendi ibilbideak”.

Urpean kosta ingurua miatu dute batik bat. Itsasontziak harkaitzen kontra txikitu zirenez, hor behar dutelako aztarnek. “Baina ez pentsa itsasontziak topatzeko asmoz urperatu garenik. Izan ere, itsasontziak egurrezkoak ziren, eta Islandian ia basorik ez dagoenez, egurra oso preziatua zen, urrea bezala. Baleontziak hondartzaren kontra suntsitu zirenez, hangoek ez zuten ezpalik ere utziko”. Ontzian zeuden objektuen bila ibili da Arrese urpean: “Badakigu kanoi bat bazegoela, material zeramikoak eta metalikoak, iltzeak, arpoiak eta balea arrantzatzeko tresnak…”.

Fiordoetan 7 graduko ur hotzetan murgilduta egindako lanarekin gustura dago Arrese, han bildutakoarekin dokumentala osatzeko gogotsu —marrazki bizidunekin osatuko dute baleazaleen istorioa—. Baina urpeko arkeologia etxean ere egin nahiko luke Arresek. “Hemen, Euskal Herrian, ez zaio ematen beste toki batzuetan ematen zaion garrantzia. Adibidez, Katalunian eta Cadizen, portuetan edo kostan egiten diren obra guztietan, aplikatzen da lurrazaleko kontzeptu bera”. Alegia, obra handi bat egin behar denean, egin behar dela azterketa arkeologiko bat, obrak bertan egon daitekeena uki eta suntsi ez dezan. “Hori beste toki batzuetan ur azpira ere aplikatzen da. Hemen ez”.

Arrese, ordea, ziur da komenigarria litzatekeela. “Hemen badugu ondare bat, kostako herria garelako, eta hemen ere egon direlako hondoratutako itsasontziak, itsas gatazkak, itsasoari begira bizi izan garelako beti, eta ziur nago ondare arkeologiko handia dagoela urpean. Eta ondare hori ez da potentziatu eta ez zaio behar duen babesa eman. Kontrol, interbentzio eta babes arkeologikoa eman behar zaio urpeko ondare horri ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.