“Gizartea oro har asko ari da egiten, baina ez da nahikoa”

Maite Alustiza

Aktibatzeko deia egin die eragileei Miren Elgarresta aldundiko Berdintasun zuzendariak, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira egindako Tabakalerako ekitaldian: “Erakundeok asko egin dezakegu, eta egiten ari gara jada, baina ez da nahikoa. Gizartea oro har asko ari da egiten, baina ez da nahikoa”. Indarkeriarik gabeko Gipuzkoa irudikatu zuen, gizon eta emakumeak berdin babestuta egongo diren Gipuzkoa bat: “Ez bakarrik legearen aurrean, baita gizarte usadioen aurrean ere”.

Elgarrestaren arabera, lanketa “izugarria” geratzen da aurretik, baina hori egitea ez dagokie soilik erakunde publiko edo pribatuei; “denon lana da”. Uste du guztiena dela gehiago egiteko obligazio moral, publiko eta soziala: “Inor ez da jaiotzen gorrotoa zainetan daramala, tratu txarrak emanez; mespretxatzen ikasi egiten da, eta, beraz, maitatzen, errespetatzen eta baloratzen ere ikas daiteke”.

Indarkeria matxista jasan duten emakumeez hitz egiterakoan, kopuruak “gordinak” dira Elgarrestarentzat, baina ohartarazi du zenbakiok kopuru huts bat baino gehiago direla: “Amaitzen diren bizitzei buruz ari gara, joaten zaizkigun ama, alaba, arreba, ahizpa, lagunei buruz. Erregistro horietako bakoitza porrot kolektibo bat da. Indarkeria da ezberdintasunaren adierazpenik arbuiagarriena”.

Aldundiko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten asteazkenean, Donostian, eta adierazpen bat plazaratu zuten azaroaren 25aren harira. Horretan, konpromisoa hartu dute Gipuzkoa “emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko lurraldea” izan dadin. Helburua “luzea eta arnasa luzekoa” izan arren “inoiz baino beharrezkoagoa” dela sinetsita daude diputazioko ordezkariak: “Hori da aldarrikatzen dugun bidea, gure gizartea eraldatzeko bidea, emakumeen aurkako indarkeriatik libre egingo gaituen bidea”. Era berean, herritarrei berdintasunaren aldeko konpromisoak hartzeko deia egin diete.

Leave a Reply

Your email address will not be published.