Indarkeria obstetrikoa. Testigantzak

Virginia Basurko.

“Asko kostatzen da indarkeria obstetrikoa sufritu duzula onartzea”

2011n erditu zen Virginia Basurko (Eibar, 1982), Mendaroko ospitalean. Erditzea, oro har, ondo joan zela dio. “Baina, prozesu horretan, tartean badago ordu erdi bat edo, ez nintzena ni izan, eta errudun sentitu nintzen lehenago erreakzionatu ez izanaz, ginekologoari nire tripa gainetik altxatzeko esan ez izanaz, poltsa hautsi ondoren mugitzen uzteko eta erditzeko jarrera egokiena bilatzen uzteko eskatu ez izanaz. Indarkeria obstetrikoa sufritu nuen. Jo, asko kostatzen da lotsarik gabe hori onartzea! Baina hala izan zen, eta denbora luzean ez nintzen gai izan onartzeko”. Jendeak gauzak neurriz kanpo ateratzen ari zela egozteak beldurra ematen zion; bere buruari esaten zion ez zela hainbesterako. “Baina bai, izan zen hainbesterako, nik hala bizi izan nuelako”.

Erditzearen lehen zatia arazorik gabe joan zela azaldu dio Basurkok Hitza-ri, lasaitasunez eta giro onean eraman zutela erditze lana bai berak eta baita bikotekideak eta emaginak ere. “Baina txanda aldaketa iritsi zen, eta emagina joan egin zen”. Erditzea hiru emakumerekin egin zuen Basurkok ?emagina, erizaina eta ginekologoa?, baina ez du uste emakume gisa dituen eskubideak errespetatu zizkiotenik. “Atzerapauso handia sentitu nuen une horretan, beste norbaiten esku egotearen sentimendua, ahultasunarena; hain indartsu eta hain boteretsu sentitu nintzen hasieran, eta bat-batean…”.

Bestalde, erditzean informaziorik eman gabe eta baimenik eskatu gabe “aholkatzen ez diren” bi maniobra egin zizkioten: Hamiltonena ?esplorazio baginal mingarri baten bidez poltsa amniotikoaren mintzak uteroaren lepotik askatzea? eta Kristellerrena ?pertsona batek emakumearen tripa gainean presioa egitea, bere gainean jarriz, umeari irteten laguntzeko?. Emakumearen baimena derrigorrezkoa da bi maniobretarako, eta bigarrena arriskutsua izan liteke umearentzat zein amarentzat. Gogorrena Kristellerrena egin zitzaion Basurkori. “Sekulako mina egin zidan ginekologoa tripa gainean jarri eta estutzen hasteak. Min handiagoa zen presioarena, kontrakzioena baino”.

Orain dela lau hilabete, bigarren umea izan zuen Basurkok, Mendaron berriro ere. “Erditu aurretik, nire txikiari hitz egiten nion, eta merezi genuen erditzea izango genuela esaten nion”. Hala izan zen, bere erditzearen protagonista sentitu zela dio.

Samanta Txabarria.

“Oraindik barruak min egiten dit une hura oroitzen dudanean”

“Nire erditzea ostu zidaten, edukiontzi bat izango banintz bezala tratatuta, ugaztun bat izan beharrean”. Horrela oroitzen du Samanta Txabarriak (Bartzelona, 1980) alabaz erditu zen eguna, 2013ko apirilean. Donostia ospitalean erditu zen. “Nire ilusioa etxean erditzea zen, baina garai hartan ezin genuen halako gasturik egin. Sinistu nahi izan nuen ospitalean ere posible zela erditze naturala izatea”.

Kontrakzioekin joan zen ospitalera, eta emakume ginekologo batek artatu zuen. “Ez dut bere aurpegia oroitzen, baina bai bere harrokeria”. Ospitalean entzuna ez izatearen sentipena du Txabarriak. Erditze naturala nahi zuela esan arren, poltsa hautsi zioten. Baina horrela ere erditzea azkartzen ez zenez, oxitozina artifiziala sartu zioten, eta, horrek eragindako oinazeen ondorioz, epidurala eskatu zuen. Horren ostean, “joanda bezala” gelditu zen.

Umearen sufrimendua neurtzeko, ordu oro ziztatzen zion burua emaginak. “Bizpahiru ikaslerekin etortzen zen, eta txandak egiten zituzten alabaren burua ziztatzeko, hura oraindik barruan zela. Ikasleei ez zitzaien ondo ateratzen, eta behin eta berriro errepikatzen zuten”.

Umea jaio zenean, ez zioten besoetan hartzen utzi. “Pisatu, garbitu eta orraztera eraman zuten. Orraztera! Eta denek besoetan hartzen zuten, eta zein polita zen esaten zuten. Nik ikusi ere ez nuen egin oraindik, eta negarrez garrasika entzuten nuen alaba. Oraindik barruak min egiten dit une hura oroitzen dudanean”.

Txabarriak dio ez zuela zertan hura guztia pasatu, ez zela inoiz alabaren bizia arriskuan egon. “Hala balitz, urgentziazko zesarea egingo zidaten, eta ez ninduten hamalau orduz zain edukiko, dilatatu arte”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.