Lan baldintzak babesteko greba deitu dute papergintza sektorean

Lan baldintzak babesteko greba deitu dute papergintza sektorean

Loinaz Agirre

Gipuzkoako papergintza sektorea langileen lan baldintzak babesteko borrokan murgilduta dabil azken hilabeteetan. Urte hasieratik hona, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako kideak Adegi patronalarekin lan hitzarmena negoziatzen saiatzen ari dira, baina “patronalak hitzarmena sinatzeko eta adostasunera iristeko jarrerarik ez duela ikusten denez”, sei eguneko greba egingo dute Gipuzkoako sei enpresetako 1.200 langile inguruk.

Sindikatuek argitu dutenez, “behartuta” egingo dute greba: “Hamar hilabete daramatzagu negoziatzen saiatzen, eta akordio batera iristeko ahaleginak egiten, baina patronalaren jarrera oso gogorra da eta ez du fitxarik mugitzen”.

Sindikatuek proposatutako greba deialdiak babes zabala lortu du: Gipuzkoako papergintzako sei enpresetako langileen %75 greba egitearen alde azaldu da. LAB sindikatuko Alberto Cristobalek nabarmendu duenez, “inoizko emaitzarik onenak eta babesik handiena lortu du grebak batzarretan”. Cristobalen ustez, langileek ulertu dute sindikatuen mezua zein den: “herrialdeko hitzarmenean adostutakoa eta itunetan adostutako Non-Stop-a blindatzea nahi ditugula”.

Langilea babestea

Azkeneko lan erreformatik babesteko klausulak hitzarmenean sartzeari garrantzia berezia ematen diote sindikatuek. Izan ere, ELAko Josu Olazabalek nabarmendu duenez, egun enpresek, alde bakarreko erabakiz, erreforma laboralari esker, aukera izango lukete Non-Stop ituna ez aplikatzeko”. Non-Stop asteko zazpi egunetan 24 orduz lan egiten den sistema da; Gipuzkoako papergintzako enpresa gehienetan sistema horretan lan egiten dute. “Jai eta aste 24 orduan makinak lanean edukitzeagatik plus bat daukagu adostuta itun batean”, argitu du Olazabalek.

Baina, Zizurkilgo Oria papertegian gertatu den bezala, ikusi dute itun hori enpresa batzuetan bertan behera gelditu dela enpresak hartutako erabakiarekin eta langileekin adostu gabe. “Langileen estatutuko 44. artikuluari helduta enpresak neurri horiek unilateralki” har ditzakeela dio Olazabalek. Beraz, hitzarmen berrian puntu hori ondo zehaztu eta bermatu nahi dute. “Patronalari eskatzen dioguna da adosten duguna bete dadila, eta arrazoiren batengatik aldatu behar baldin bada langileen adostasunarekin izan dadila”, gaineratu du Cristobalek.

Horretarako formula badute sindikatuek: “Formula berri bat landu dugu, soilik Gipuzkoako papergintzan aplika daitekeena: enpresa bakoitzaren sinadura eskatzen du, hitzarmen probintzialeko negoziazio mahaian, gure baldintzak benetan blindatuta gera daitezen, eta ez enpresa bakoitzaren nahieran”. Adegik gai horretaz ez duela hitz egin nahi diote sindikatuek.

Soldataren gaian ere oraindik ez dira adostasunera iritsi Adegirekin. Adegik soldatak %0,5 igotzea proposatu du. Sindikatuek KPI-aren gainetik %2,3ko igoera eskatzen zuten hasieran, baina “jarrerak hurbiltzeko asmoarekin”, KPIren gainetik %2ko igoera eskatzen dute orain. Cristobalek esan duenez, patronalak KPIari ez dio erreferentziarik egiten, KPIa erreferentzia bezala “desagertu” nahi du: “Guk erreferentzia mantentzea eskatzen diogu”.

Hitzarmen berezia

Sindikatuen arabera, papergintzako hitzarmena “berezia” da. “Gehiengoen hitzarmena deritzaiona da”, zehaztu du Olazabalek. Hau da, “hitzarmen horrek ez du uzten enpresetan ez taularik ez eta kondiziorik negoziatzen. Non-Stoparen plusa bakarrik uzten du enpresetan negoziatzen”. Egoera horretan, patronalak anexoak (urteko lanaldia, soldata…) bakarrik negoziatu nahi dituela zehaztu du Cristobalek: “Guk hitzarmen osoa ere egokitu beharra dagoela ikusten dugu. Soldataz eta oporraldiez gain, mutualitatea, antzinatasuna, eta erreformaren aurkako klausulak, adibidez”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.