OME-REN ADIERAZPENA

Osasunaren Mundu Erakundeak adierazpen bat onartu zuen iaz, emakumeek erditzean pairatzen duten tratuaz. Indarkeria obstetrikoa terminoa aipatu gabe, honela dio adierazpenaren tituluak: “Osasun etxeetan izaten diren erditzeetan errespetu faltari eta tratu txarrei aurre hartzea eta erauztea”.

Sarrera

Egoera larria. “Haurdunaldian eta, batik bat, erditzean emakumeek izandako esperientziei buruzko gero eta ikerketa gehiagok egoera asaldagarria dela diote. Mundu osoan emakume askok sufritzen dute tratu irangarri, axolagabe eta errespeturik gabea osasun zentroetan erditzen direnean”.

Ondorioak. “Emakumeak modu iraingarrian eta errespeturik gabean tratatzea haurdunaldian, erditzean eta erditze ondoan gerta litekeen zerbait den arren, kontuan izan behar da haiek bereziki zaurgarriak direla erditzeko garaian. Praktika horien zuzeneko ondorio kaltegarriek amari zein umeari eragin diezaieke”.

Tratu txar motak. “Osasun etxeetan izaten diren erditzeetan gertatutako tratu iraingarri eta errespetu gabekoen inguruko txostenetan honako hauei egiten zaie aipamena: tratu txar fisiko agerikoa; umiliazioa eta ahozko tratu txarra; baimenik gabeko prozedura medikoen erabilera; konfidentzialtasunik eza; informatutako onespena lortzeko beharra ez betetzea; analgesikoak emateari uko egitea; pribatutasunaren urraketa larriak; osasun etxeetan harrera ukatzea; erditze garaian axolagabe aritzea ?hilgarriak izan litezkeen ondorioekin, haiek ekidin zitezkeenean?; emakumeak eta ume jaioberriak osasun etxeetan atxikitzea, ordaindu ezin dutelako.

Giza eskubideen urraketa. “Emakume guztiek dute osasun zaintza gorena jasotzeko eskubidea, eta bertan sartzen da baita haurdunaldian eta erditzean tratamandu errespetuzkoa eta duina izateko eskubidea ere, eta indarkeriarik zein diskriminaziorik ez sufritzekoa. Erditzean tratu txar, axolagabe eta errespetu gabea sufritzea emakumeen oinarrizko giza eskubideen urraketa da”.

Prebentziorako neurriak

Erditzeetan gertatzen diren tratu txar eta errespetu gabekoen prebentziorako honako bost proposamen hauek egiten ditu OMEk:

1. Ikerketa eta defizioa. “Gobernuen eta bazkideen babes handiagoa behar da mundu osoko osasun etxeetan ?publiko zein pribatuetan? gertatzen diren tratu txarrak eta errespetu gabeko tratuak definitu eta neurtzeko; eta baita emakumeen esperientzietan eta haien osasun aukeretan halako tratuak duen eragina ulertzeko ere”.

2. Aldaketa. “Osasun arloko profesionalen, ingurune klinikoen eta osasun sistemen portaeraren aldaketa sustatzeko ekinbideak behar dira, emakumeak amatasunerako artatze errespetuzkoa, kualifikatua eta ulerbera izan dezala bermatzeko. Besteak beste, honako ekinbide hauek aipa daitezke: babes soziala, emakumeak aukeratu duen laguna bere ondoan edukita lortzen duena; mugikortasuna; elikagaiak eta likidoak hartzeko aukera; konfidentzialtasuna; pribatutasuna; erabaki informatua; emakumeari bere eskubideen berri ematea; eskubide urraketak izaten direnerako erreparaziorako mekanismoak ezartzea; eta artatze kliniko profesionala bermatzea. Pertsonengan oinarritutako artatze segurua eta kalitatezkoa lehenesteak ere lagunduko luke ekinbide berriak planteatzen.

3. Eskubideei azpimarra. “Giza eskubideen inguruko nazioarteko araudiek nabarmentzen dute erditzearen inguruko tratu txarrak eta errespetu gabekoak arazo inportantea direla. Emakumeen osasun eskubideen defendatzaileek erreferentzia gisa erabil dezakete hori, kontzientzia areagotzeko eta amatasunaren artatze errespetuzkoari begira ekinbide politikoak lantzeko.

4. Ardura eta bermea. “Osasun sistemak bere gain hartu behar du erditu den emakumeari emandako tratuaren erantzukizuna, eta bermatu behar du eskubideen eta arau etikoen inguruko politika argiak gauzatzen direla”.

5. Denon arteko ahalegina. “Erditze garaian ematen diren tratu txarren eta errespeturik ezaren desagertzea soilik prozesu parte hartzaile zabal baten bidez lortuko da. Bertan partaide izan behar dute emakumeek, komunitateek, osasun arloko profesionalek, administratzaileek, gaitze erakundeek, osasun arloko profesionalen hezkuntza zentroek, gobernuek, ikerlariek, gizarte zibilak eta nazioarteko erakundeek. Erakunde horiei indarrak batzeko eskaera egiten diegu, erditzeetan ematen diren tratu txar eta errespetu gabekoak identifikatu eta sistematikoki jakinarazteko, eta tokian-tokian prenbentzio neurriak eta neurri terapeutiko egokiak indarrean jartzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.