Beharrezkoa ez dela esatera aterako dira

Beharrezkoa ez dela esatera aterako dira

Maite Alustiza

Satorralaiak mugimenduak argi du: Donostia aldeko metroaren proiektua ez da beharrezkoa. Hori horrela, egitasmoa geldiarazteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta, horrekin batera, prozesu parte hartzaile bat hasteko. Asmo horrekin antolatu du manifestazioa biharko: 12:00etan, Easo plazatik Bulebarrera arteko bidea egingo dute, Beharrezkoa ez delako, metroari ez leloarekin.

Metroa gelditzeko Donostiako bizilagunen eta elkarteen batzarra da Satorralaiak. Azken asteetan, etxez etxe aritu dira ohar informatiboak banatzen, haien ikuspuntua zabaltzeko. Kolektiboak uste du garraio publikoko alternatiba “malguagoak eta kostu ekonomiko txikiagokoak” badaudela, eta metroa egiteak ez duela justifikaziorik, “ez hiriaren tamainagatik, ez biztanle kopuruagatik, ezta eskaera sozialagatik ere”. Haien ustetan, gainera, hiriak autobus zerbitzu ona dauka, eta metroak egungo autobus lineen jaitsiera ekarriko luke. DBusek emandako datu bat hartu dute oinarri: urtean 5,9 milioi bidaiari galduko lituzkete, erabiltzaileen %20.

Metroaren pasabideak ekarriko lituzkeen kostuak ere kritikatu dituzte. Diotenez, kalkulatu den aurrekontua 173 milioi izan arren, “benetako kostua 200 milioitik gora” helduko da, gainkostuak eta ustekabeak aintzat hartuta. Horrez gain, mugimenduak salatu du urtero 30 milioi euroren finantzaketa publikoa beharko lukeela, eta horrek baliabide publikoak “alferrik gastatzea” ekarriko lukeela.

Kostuez gain, ingurumenari eragingo lizkiokeen kalteez ere mintzatu dira. Kolektiboaren arabera, “arrisku nabarmenak” ditu erdialdetik Amararaino doazen hareatza eta ibai-marea lurren gainean zimendatuta dauden eraikinentzat. “Hiriaren baldintza fisikoak ez dira egokiak horrelako eskakizunak dituen azpiegitura eta obra handi baterako”.

Zein da alternatiba, baina, Satorralaiak mugimenduaren ustez? Egungo garraio publiko sarearen hobekuntza. Funtsean, honako hau proposatzen dute: ahalmen handiko autobus linea zentral bat ezartzea, maiztasun handikoa, eta horri Topoaren egungo linea gehituta, bi sistemen artean aldatzeko puntuak sortzea. “Garraiobide batetik besterako aldaketak libre eta azkarra izan behar du, eta erabiltzaileentzat kostu gehigarririk ekarri gabe”.

Proiektua, aurrera

Donostiako udal gobernuak lehentasunezkoen artean du metroa 2015-2019ko programan. Garraio “publiko metropolitano kolektiboa” sustatu nahi du, metroa eraikitzeari lehentasuna emanez, eta hiria zeharkatzen duten garraio publiko kolektiboak txertatuz. Azaro bukaeran, maiatzeko udal eta foru hauteskundeak izan ondorengo lehen bilera egin zuten udalak, Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Metroaren eraikuntza “era koordinatuan eta adostuan” bultzatzeko borondate eta konpromisoa adierazi zuten hiru erakundeek, “epe ertainean, Gipuzkoako herritarrei kalitatezko garraio publiko eskaintza segurua eta iraunkorra eskaini ahal izateko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.