Bertsolariak baino gehiago

Aitziber Arzallus Gipuzkoako Bertsozale Elkartea 1993an sortu zuten, irabazi asmorik gabe, bertsolaritza ahalik eta gehien zabaltzeko helburuarekin. Lau urtean behin herrialdeko bertsolari txapelketa antolatzea ez da nolanahiko erronka elkartearentzat. Horregatik, txapelketa urteetan, batzuetan, gainezka egiten dute, eta ez dute nahi luketen dena egiterik izaten. Baina, badira sekula bazter uzten ez dituzten egitekoak. Bertsolaritzaren transmisioa, sustapena eta ikerkuntza dira elkartearen lan ildo nagusiak.
TRANSMISIOA
Azken urteetan, transmisioaren arloan Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak gehien landu duen eremua hezkuntza arautuarena izan da, Ahozkotasuna eta Bertsolaritza proiektuaren bitartez. Euskal Herri osoan martxan dagoen proiektua da, zazpi herrialdeetan, eta denera 22.000 haurrek parte hartzen dute. Gipuzkoan, berriz, 52 herritako 132 ikastetxetan lantzen dute proiektua, 10.000 gaztek; D ereduko Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleen %80k, hain zuzen. Ikastetxeen eta udalen aldetik, oso harrera ona duen proiektua da, elkartearen arabera. Horretarako, 15 pertsonaz osatutako lantaldea du elkarteak. Irakasle horietako bat bi astean behin joaten da ikasgela bakoitzera, bi asterako materiala hartuta. Aste batean, haurrek elkarteko irakaslearekin lantzen dute material hori, ikastetxeko irakaslea ere ikasgelan bertan dela. Hurrengo astean, berriz, ikastetxeko irakaslearekin lantzen dute materiala. Bi astean behin joaten da elkarteko irakaslea, baina ikastetxeetan astero lantzen dute gaia. Elkarteko 15 langile horietatik 13, tokiko eragileak ere badira, bertso eskoletan eta hezkuntza arautuan eskolak ematez gain, bailaretako eragile lanak egiten dituztela, alegia. Bailaretako bertso eskolak koordinatzeaz, haien arteko harremanak sustatzeaz eta haiei sostengua emateaz arduratzen dira. Bertso eskola asko erabat autonomoak dira eta eurak moldatzen dira egunerokoan, baina laguntza behar dutenean hor daude elkarteko kideak, paper kontuetarako, momenturen batean irakaslea behar dutelako eta abar. Beste zenbaitetan alderantziz izaten da: Txapelketa antolatzeko garaian-eta haiek jotzen dute bertso eskoletara, eskoletako laguntza ezinbestekoa baitzaie. Adibidez, abenduaren 19ko finalean bertan, ehundik gora lagun ariko ei dira lanean bolondres moduan, gehien-gehienak bertso eskoletako kideak, elkarteko langileetatik aparte.
SUSTAPENA
Txapelketez arduratzen den atala. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa antolatzeaz arduratzen den lan taldea eta baita Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa antolatzeaz arduratzen dena ere, Ikastolen Elkartearekin batera. Duela bizpahiru urtera arte, Ikastolen Elkarteak antolatzen zuen txapelketa hori eta laguntzaile bezala aritzen ziren, baina azken urteotan elkarlanean antolatzen dute. Gipuzkoako Bertsolari Elkarteak esku bat botatzen ei dio Ikastolen Elkarteari, batez ere, antolakuntzan, epailetzan eta gaiak jartzen. Hortik aparte, gai jartzaile eta epaile berriak trebatzeaz ere sustapen arloa arduratzen da. Aurtengo Gipuzkoako txapelketari dagokionez, gai jartzaileak trebatzeko ez dute ikastaro berezirik egin, iazko urrian Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak gai-jartzaile eskola martxan jarri zuelako, Euskal Herri osoko jendearentzat. Epaileekin, ordea, bai, lanketa berezia egin dute aurtengo txapelketara begira. Txapelketaren aurretik epaileekin mintegi batzuk antolatu zituzten herritarrek epailetza probatu zezaten, eta oso erantzun ona izan zuten, jende askok eman baitzuen izena. Ikastaro horietan ibili ziren aurrena; trebatzeko, gazte sariketetan eta eskolartekoan ibili ziren gero; udaberrian, Gipuzkoa Bertsotanen aritu ziren; eta haietako batzuk udazkeneko saioetan ibili dira azkenik. Aurten, txapelketako epaile taldean 19 lagun jardun dira, haietako asko berriak, horien beharra handia baita. Bertso eskolek eta hezkuntza arautuak bertsolariak bakarrik ez baitituzte ematen, epaile eta gai-jartzaileak ere bai, eta baita bertso entzuleak ere, denetik behar dira eta.
IKERKUNTZA
Gipuzkoako Bertsolari Elkartearen hirugarren lan ildoa, ikerkuntza da. Besteak beste, herrietako bertso saioak grabatzen dituzte, interesgarriak izan daitezkeen bertsolari zaharrei elkarrizketak egiten dizkiete edota haien inguruko erreportajeak egiten dituzte, bertso zaharrak biltzearekin batera. Aurten, baina, ikerkuntza arloa apur bat alboratuta izan dute, txapelketa urteetan gainezka egiten baitute, eta aurten, beraz, ez dira horretan asko jardun, baina grabazio sarea hedatzen saiatu dira, hemendik aurrera lan horri heltzeko. Sare hori bertso eskoletako jendearekin eta herrietan bertso saioak grabatzeko joera duen jendearekin osatzen dute. Hor bildutako materiala Xenpelar Dokumentazio Zentroko artxiboa osatzera bideratzen dute.