Ihesean atxikiak akorduan

Ihesean atxikiak akorduan

Maite Alustiza

Aitortzak eta justiziak beste urrats bat egingo dute bihar Villabonan. Kontzentrazio esparruetan egon ziren herritarrak omenduko dituzte herrian, memoria jorratzen diharduten bi elkarteren eskutik: Villabonako Aritza Kultur Elkarteak eta Errenteriako La Ilusion elkarteak antolatu dute Akordatzen garelako bizirik daude omenaldia. 12:00etan izango da, Errebote plazan. Zehazki, La Ilusion elkarteak martxan duen proiektuaren barruan kokatzen da ekitaldia: Mauthausenen (Austria) egondako gipuzkoarren etxe atarietan plakak jartzeko ekinbidea gauzatzen ari da. “Historiak ez die inoiz aitortzarik egin pertsona horiei. Kontakizunaz hitz egiten da, baina noiz hasten da kontakizun hori? 1960. urtean? Hori da, esaterako, arlo horretan Jaurlaritzari egin diezaiokegun kritika”, dio Esti Amenabarro Iraolak, Aritza Kultur Elkarteko kideak.

Mauthausen, Argeles (Herrialde Katalanak) eta Gurseko (Frantzia) kontzentrazio esparruetan egon ziren billabonatarrak preso. Bederatzi herritar ditu dokumentatuak Aritza elkarteak, eta bihar bi gogoratuko dituzte bereziki: Adolfo Lozano Olazabal II.Errepublikan armadako teniente izana eta Alberto Beafourt Mauthausen kontzentrazio esparruan egondakoa —1940ko udatik Mauthausen-Gusen deitua—.

Biharko ekitaldian egongo direnetako bat da Concepcion Lozano Bengoa, Lozanoren alaba. Ez zuten elkar ezagutu: “Oso gutxi genekien Adolforen kasuari buruz. Arakatzen aritu gara, eta alabarekin egin dugu topo. 90 urte ditu. Honela esan zidan: ‘Zuk nire aitaz nik baino gehiago dakizu’. Berarentzat ilusioa sekulakoa da”. Aita gerran zela geratu zen haurdun Concepcion ama, senarrari egindako bisita batean.

Irakaslea zen ogibidez Lozano Olabazal, Hernanin, eta ofizio hori utzita, armadan egin zuen bere ibilbide profesionala. 36ko gerraren lehen lerroan borrokan aritu zen. Artilleriako teniente izan zen 1937an, 137. Brigada Mistoan, eta kapitain urtebete geroago. Herrialde Katalanetan jardun zuen nagusiki.

Gerra galdu zuten errepublikano askok bezala, ihesari ekin zion, Frantziarantz. Alemanek lurraldea okupatu zutenean, ordea, ihesean zihoazen errepublikanoak atxilotzen hasi zen Gestapo, nazien polizia. Hark atzeman zuen Lozano ere. Hainbat kontzentrazio esparrutatik igaro zen: Saint Cyprien, Gurs, Treves, Mauthausen-Gusen… Azken horretan hil zen, 1941eko azaroaren 7an. Aritza elkarteak dokumentu bakarra topatu du haren heriotzaren inguruan, Mauthausenetik bertatik jasoa: biriketako pneumoniak jota hil zen, idatzi horren arabera. “Kasu askotan ageri da arrazoi hori, eta artxiboan lan egiten dutenek ere esaten dute, ez dela oso fidagarria”.

Lozanoz gain, Alberto Beafourt billabonatarra ere Mauthausenen eduki zuten. Herrikideak ez bezala, hura libre geratu zen, 1945eko maiatzean. Europan III. graduko eremu izendatzen zituzten kontzentrazio esparruetako bat zen Mauthausenekoa, eremu gogorrenetariko bat. “Auschwitz modukoa zen; han gehiago zeuden errusiarrak-eta; Mauthausenen, berriz, Espainiatik ihes egindakoak gehienbat”. Alemania nazian sortutako lehen eremu jendetsuetako bat izan zen, eta heriotza tasarik handienetakoa zuen. Guztia legez babestutako esparru batean gertatzen zen: “Biolentzia erabiltzeko egiturak ziren, estatu baten aparatuak, legez onartuta zeudenak”.

Informazio gehiagorako, bisitatu webgune hau:

www.amasavillabonaoroitzen.net

Leave a Reply

Your email address will not be published.