Oraingoz, txapela publikoari

Oraingoz, txapela publikoari

Aitziber Arzallus

Zortzi egun besterik ez dira falta Gipuzkoako bertsolari onenari txapela janzteko. Zortzi egun, duela zortzi hilabete hasi zuten ibilbidea bukatzeko. Prest dute agertokia: Donostiako Ilunbe zezen plaza. Eta prest da txapelagatik lehiatuko duen zortzikotea ere: Jon Maia, Unai Agirre, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Oihana Iguaran, hain zuzen. Egun handiaren ostean aterako dituzte txapelketaren inguruko ondorioak eta egingo balioespenak. Baina, finalaren atarian eta irabazle ofizialaren faltan, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak dagoeneko badu bere txapeldun partikularra: publikoa.

“Zerbait nabarmendu beharko banuke, saioetan izan den giroa izango litzateke: harrigarria izan da, luxu bat, publikoari dagokionean”, Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzetan. “Eibarren, finalaurreko azken saioan, egundoko giroa egon zen, finaleko saio bat zirudien. Eta zaleek ez ezik, bertsolariek ere gustura zeudela ematen zuten, nahikoa eroso ari zirela kantatzen”. Bataren jarrerak bestearena elikatzen baitu, eta alderantziz.

Orain aste batzuk halaxe zioen Aitor Mendiluze bertsolari eta Bertsozale Elkarteko langileak ere: “Ni izan naizen saioetan bertsotarako oso giro aproposa sortu da. Aurreko zenbait txapelketetan baino lasaiago ikusi dut jendea, errespetu aldetik. Bertsoak entzuten ari diren bitartean txorakeria gutxi. Beti izaten da norbait zarata pixka bat handiagoa egiten duena, baina, oro har, entzule ona doa, bertso onak entzuteko eta txalotzeko gogoz, eta plaza beroak”.

Plazen beroan, erabat ados Jauregi ere. “Gogoratzen naiz, Zarauzko saioan, aurkezle nintzela, momentu batean isilik egoteko eta guzti eskatu behar izan niola publikoari, Agin [Laburu] kartzelatik etorri eta jertsea kentzen hasi zenean, batzuk txistu joka hasi zitzaizkiolako”, dio, barrez. “Horrelako zerbait izan da, baina normala ere bada, ezta? Zarata pixka bat ere egon behar du. Bakarrik, momentu horietan nahiko trantzea izaten dela bertsolarientzat, erabat kontzentratuta datozelako”. Baina, gainontzean, jendea errespetuz aritu dela nabarmendu du, komunera joan- etorrietan, ez dela inolako gorabeherarik izan.

Kopuruei dagokionean ere, “bikain” erantzun dute zaleek, Jauregiren irudiko. 500 bat lagun bildu ditu saio bakoitzak. “Beasainen uste dut, aurreneko saioan, kanpoan geratu behar izan zuen jendeak, eta Zestoan ere komeriak izan genituen denak sartzeko. Gainontzekoetan ez da horrelako jende olderik izan, baina gustura egoteko moduan gaude. Jende asko mugitu du txapelketak”.

Beste horrenbeste espero du finalerako ere, kopuruari zein jarrerari dagokionean. “Egia da, normalean, zarata arazo gehienak finaletan izaten direla. Azkenean, jende gehiago izaten da, jendea gehiago mugitzen da eta bertso saioetan-eta gutxixeago ibilitako jendea izaten da”. Bertsozale asko bilduko diren arren, ez da aparteko arazoen beldur.

Dagoeneko 5.000 sarrera inguru saldu dituzte eta egunotan besteren batzuk saltzea espero dute. “Duela lau urte, 8.000 pasatxo izan zirela uste dut, aurten ez dakit horretaraino ailegatuko garen ala ez, baina egia esan ez gaude kopuruekin itsututa ere”, Jauregiren arabera. “Saio on bat ateratzea eta bertsolariak eta bertsozaleak gustura geratzea da guk nahi duguna”. Eta horretarako osagaiak badaudela uste du. “Zortzikote polita osatu da finalerako: beteranoak daude, gazteak ere bai, neskak, mutilak… denetarik dago. Ziur naiz guztien artean finaleko saio oso polita egingo dutela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.