Robotika eta zientzia jolasa ere badira

Robotika eta zientzia jolasa ere badira

Asier Perez-Karkamo

Dena ongi konpostatu, etxe bat bota eta balio duten materialak jaso; auto zahar bati motor berria jarri eta berrerabili; bi teknikari sailkatze plantara eraman, ekosistema garbitu eta animaliak bertaratu; eta sailkatutako materiala garraiatu. Hori guztia egingo du bihar Hondarribiko lagun talde baten robotak, Zamudioko (Bizkaia) Parke Teknologikoan. Den-dena, Lego piezak baliatuta. First Lego League (FLL) lehiaketako kanporaketa egingo dute, eta han parte hartuko du Hondarribiko taldeak. Aurten, hondakinen gaia lantzen ari dira FLLn.

Lego jostailu enpresak antolatutako mundu txapelketa da, eta 10 eta 16 urte artekoek eman dezakete izena. Gehienetan, DBHko ikasleak aritzen dira, eskola barruko ekintza bezala. Hortik beherakoak salbuespena dira, eta horietako bat da Hondarribiko taldea: 10 eta 11 urte dituzte, eta irailera arte ezer gutxi zekiten zientziaz eta robotez. Hori bai: ordutik hona asko aurreratu dute.

Guraso batek bota zuen amua, Jokin Lopetegik. “Kasualitatez enteratu nintzen lehiaketaz; zientziazaletasuna eta balio batzuk bultzatzen dituela ikusi nuen”. Hala, bere alaba Norari proposatu zion. Alabak lagunei galdetu, eta berandu gabe heldu zioten erronkari. Irailean jaso zuten arauen berri, eta ordutik buru-belarri ari dira. Lopetegi harrituta dago haurrekin: “Lan handia egin behar da, lau hilabetez astebururo hemen sartuta [bere etxean, mahaia muntatu duten gelan] egon dira, eta ez dira nekatu”.

FLL lehiaketan izena ematen dutenek bi atal landu behar dituzte: robotika eta zientzia. Lopetegik robotika proba prestatzen lagundu die, eta Junkal Amunarriz Talaia eskola publikoko irakasleak zientzia proiektuko entrenatzailea izan da. Munduko lehiaketa da FLL, eta arauak berberak dira mundu osorako. Robotika probarako, homologatutako mahaia nola muntatu, zein neurri dituen, eta kokatu behar diren piezen azalpenak Interneten daude eskuragarri, baita robotak ere. Hortik aurrerakoa talde bakoitzak garatu behar du.

Diseinatu eta programatu

Antolatzaileek hamahiru sekuentzia proposatu dituzte, eta taldeek estrategia bat diseinatu behar dute, ahalik eta sekuentzia gehien egiteko.

Aukeratutako estrategiaren arabera, robota diseinatu behar dute, beharko dituen osagarriak aldatuz. Izan ere, sekuentzia bakoitzaren ondoren robotak etxera itzuli behar du, eta bertan piezak aldatzeko aukera dago, Lopetegik dioenez: “Programatzen ikasi behar izan dute, eta konturatu gabe egin dute. Programazioa oso intuitiboa da, baina ikusgarria izan da prozesua, 10-11 urterekin nolabait algoritmoak egiten hasi direlako”.

Txapelketan bi minutu eta erdi izango dituzte proba bukatzeko, eta hondarribiarrek zazpi sekuentzia burutzeko gai izango direla uste dute.

Robota muntatu eta programatzeaz gain, proiektu zientifiko bat landu behar izan dute txapelketan izena eman dutenek. Hainbat hondakin aztertu eta gero, latexezko eskularruen gainean egin dute ikerketa. Eta bihar aurkeztu behar dute. “Power Point-a da zailena, gehien kostatzen ari zaiguna”, onartu du Lier Gallo haurretako batek. Azken asteak biharko lana prestatzen eman dituzte. Aurretik bosteko bi taldetan banatu ziren, bakoitzak atal bat lantzeko.

Euskal Herrian, latexezko eskularruak ez dira berrerabiltzen, eta zientzia taldeak gai hori ikertu du. Amunarrizek kontatu duenez, egindako ikerketaren ondoren haurrek jakin izan dute %100 organikoak direla, eta AEBetan konposterako baliatzen dituztela. Horregatik, Irun-Hondarribian hondakinen bilketaz arduratzen den mankomunitateari proposamena egin zioten, Bidasoa eskualdeko zaharren egoitza publikoetan erabiltzen ziren latexeko eskularruak edukiontzi marroian jasotzeko. Ezetz esan zieten, bilatzen duten konposta sortzeko ez direlako egokiak; halaber, erakunde publikoen funtzionamenduaz ere ikasi dute prozesuan. Baina burugogorrak izaki, beste ate bat jo zuten, Caritas erakundearena, eta arropa zaharren kudeaketaz arduratzen den Koopera taldean haien proposamena aztertzen ari dira.

Horretarako guztirako, ordu asko sartu dituzte. “Bi hortz klinika eta beste bi erresidentzia bisitatu dituzte, eta mediku batekin egon dira. Elkarrizketak egin, informazioa bildu… Adituak egin dira latexean”, esan du irakasleak. Gainera, ohartu dira eskularruak ez direla beti ondo erabiltzen, eta, horregatik, latexezko eskularruen erabilera egokiaz ohartarazten dituzten kartelak jarri dituzte Irun eta Hondarribiko zaharren egoitzetan. “Autonomia behar da horrelako proiektu bat lantzeko, eta euren autonomia izugarri garatu dute. Oso polita izan da duten adinarekin lortu dutena”, gaineratu du Didaka Gallok, Lierren aitak.

Bihar txikienak izango dira kanporaketan, eta zaila dute lehiaketan aurrera egitea. Baina azken lau hilabeteetan lagunago egin dira, eta asko ikasi dute. Argi dute; datorren urtean berriro aurkeztuko dira: “Ez gara hain txikiak izango”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.