Finalaren atarikoen begirada

Finalaren atarikoen begirada

Loinaz Agirre

Lau urtean behingo egun handia iritsi da: Gipuzkoako bertso txapelketaren finala. Bihar, 17:00etan hasita, zortzi bertsolari izango dira Donostiako protagonista nagusiak. Bi bertsolariren arteko azken buruz burukoaren aurretik, hamabosna bertso osatu beharko dituzte.

Illunbera arteko ibilbidea luzea izan da, ordea, eta maiatzaren 9tik abenduaren 6ra bitartean, protagonista ugari gelditu da bidean; 79 guztira.

Bertsolari bakoitza helburu desberdinekin aurkeztu da txapelketara. Baina txapelketak berarekin dakarrenez, batzuek lortu dute helburua, eta beste batzuk lortu gabe geratu dira. Bi urte barru jokatuko den Euskal Herriko txapelketara begira jarri dira dagoeneko txapelketako lehenengo hamazazpi bertsolariak.

Ohi bezala, egindako lanarekin batzuk besteak baino gusturago geratu dira. Finalaren atariraino iritsi diren bost bertsolariren iritziak jaso ditu Hitza-k.

 

1. Zein balorazio egiten duzu Gipuzkoako bertso txapelketan egindako lanaz?

2. Oro har, nola ikusi duzu txapelketako partaideen maila?

3. Finalari begira, zer espero duzu?

 

MIKEL ARTOLA

Hamaikagarren, txapelketan

“Txapelketan, beste askotan bezala, tentsioa nabarmendu da”
1

“Pertsonalki, helburuak beteta gelditu zaizkit. Behin final-erdietara iritsitakoan beti ahalik eta goien geratu nahi izaten da, baina Oihana [Iguaran] finalera iritsita helburuak ondo beteta gelditu zaizkigu. Maiatzean hasi nintzen txapelketan, eta, egia esanda, luze samar egin zait. Sailkapen fasea pasatzea, txapelketan sartzea eta ahal bazen final-laurdenetara ailegatzea zen helburua. Behin fase horretara iritsitakoan gehixeago nahi izaten da. Orain Euskal Herriko txapelketa ondo prestatzeko bi urte dauzkagu. Bide bat hasi dugu aurten. Gure belaunaldikoen txapelketa zen, eta Oihana da gure belaunaldikoen artean urrutiena iritsi dena”.

2

“Bertsoaldi batzuetan oso maila ona egon dela iruditzen zait, baina beste saio batzuk izan dira epel samar joan direnak. Neronek kantatukoren bat ere tokatu zait hala moduz joan dena, neroni barne. Txapelketan, beste askotan bezala, tentsioa nabarmendu da. Tentsio gehitxo egon da saio batzuetan, eta plazako askatasun horri ez diogu utzi ateratzen. Bertsolariez gain, gai-jartzaileak oso ondo aritu dira, gai-jartzaile taldeak lan izugarria egin du. Antolakuntzak ere zer esanik ez. Askotan bertsolarien maila bakarrik neurtzen da; gainontzean, jendea bere tokian ondo egon da”.

3

“Batzuk txapelaren bila joango dira, eta beste batzuk publikoa irabaztera joango direla iruditzen zait. Baina txapela irabazi behar duenak publikoa ere irabazi beharko du. Txapelaren bila joateko Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Jon Maia eta Agin Laburu ikusten ditut. Gero, edozer gauza gerta liteke. Edozein ikusten dut gai buruz burukoan sartzeko”.

BEÑAT LIZASO

Hamabigarren, txapelketan

“Helburua finalerdietara iristea jarri genuen, eta ailegatu gara”
1

“Balorazioa ona dela esango nuke. Urtean lau saio eginda, gero txapelketan finalerdietara ailegatzea nahiko lorpen bada. Helburua finalerdietara iristea jarri genuen, eta ailegatu gara. Martxan jarri ezinda bezala ibili naizela esango nuke, baina erori gabe. Neurerik eman gabe, baina konforme egindakoarekin. Euskal Herrikorako sailkatzea nahi nuen, eta hori lortu dut. Duela bi urte Euskal Herrikoan kantatu nuen, baina familia eduki nuen, eta batere prestatu gabe harrapatu ninduen. Berriz ere sailkatu nahi nuen, eta gustura. Orain beste bi urte ditut prestatzeko”.

2

“Uste dut nerbio asko egon dela aurten. Saioa ez dela lehertu esango nuke. Justu geure saioa, Tolosakoa, izan zen puntuaziorik handiena izan duena. Jendea nerbioso, hoztuta edo bererik eman gabe aritu da. Ez da saio oso onik izan. Inork ez du nabarmen koskarik atera. Jendea lotuta ibili da”.

3

“Final on bat izango dela uste dut. Orain dela lau urteko finalistek finalera iristeko helburua izango zuten, lotu samar ibili dira asko. Finalean askatuko direla uste dut. Finala irekia da, gainera. Orain arte ez da inor nabarmendu. Berdintsu joango da, eta edozeinek irabaz dezake. Txapeldun berria izango da”.

NEREA ELUSTONDO

Bederatzigarren, txapelketan

“Konbentzimendu handirik gabe hasi nuen txapelketa”
1

“Konbentzimendu handiegirik gabe hasi nuen txapelketa, eta daukadan sentimendua da ez naizela benetan txapelketan egon. Saio txar-txarrik ez dut uste egin dudanik, baina on-onik ere ez. Sentsazio arraroarekin nago: lortu dut tenplea mantentzea eta ez erortzea, baina bertsotan sentsazio grisekin aritu naiz, kokatu ezinda bezala. Balorazio positiboan utziko dugu, baina perla batzuk ez uztearen penarekin. Oso janda neukan ez nintzela finalean sartuko, eta, gainera, txapelketara aurkezteko helburua ere ez zen finala. Alde horretatik, jakin nuenean kalean geratu nintzela, ez nuen pena berezirik hartu. Baina gero jende asko etorri zait pena izan dela esanez. Egia da, pasatu eta gero, penatxo bat sortu zait finalean ez sartuta. Euskal Herriko txapelketarako sailkatzea nuen helburua, eta, alde horretatik, gustura”.

2

“Nik kantatu dudan saioez gain, pare bat saio bakarrik ikusi ditut zuzenean, ez diot jarraipen handirik egin. Maila txukuna egon dela esango nuke. Oso parekatua dago maila Gipuzkoan. Egon naizen saioetan lehenengotik azkenera ez da alde ikaragarririk egon. Ezustekoak egon dira, onerako eta txarrerako”.

3

“Oso irekia ikusten dut finala, esan dudan parekidetasun horregatik. Batzuek oso izen ukaezinak ikusten dituzte, baina nik ez nuke baserria jokatuko inoren alde. Zortzikote horretan edozeinek eman lezake sustoa. Egun bakarrean hamabost bertsotara jokatuko da finala, eta oso irekia ikusten dut”.

JON MARTIN

Hamalaugarren, txapelketan

“Egindako prestakuntza lanarekin gustura nago, emaitzarekin ez”
1

“Egindako prestakuntza lanarekin gustura nago, emaitzarekin ez. Azkeneko hiru txapelketetan finalera iritsi naiz, eta oraingoan finalerdietara. Noizbait iritsi behar zen finaletik kanpo geratzeko unea, baina finalean egotea ere polita zen, eta gustatuko litzaidake. Txapelketan parte hartzeko zalantza handia izan nuen, eta oraindik ez dakit asmatu nuen ala ez. Kontua da nik ikaragarri gustura egingo nukeela txapelketa bat Jon Martin izan gabe. Lehenengo aldiz parte hartzen duen bertsolari batek dena dauka irabazteko, eta jendea oso identifikatuta sentitzen da. Aldiz, noizbait zerbait irabazi edo arrimatu izan dena, galtzeko beldurrarekin aritzen da. Eta beldurra eta bertsoa ez dira ondo eramaten. Bertsoak arriskatzeko tarte bat behar du, eta, beste txapelketetan hobeto eraman dudan moduan, oraingoan ez da horrela izan”.

2

“Maila polita izan da. Txapelketa honek, gainera, indartuta ekarri digu orain arte itzalita egon den belaunaldi bat. 2003an oso ondo sartu zen 1981. urtean jaiotakoen belaunaldia, eta geroztik ez du mailarik jaitsi. Bestalde, 2007an indarrez agertu zen 1987. urtean jaiotakoen belaunaldia. Aurreko txapelketan ere hala erakutsi zuten. Tartean, gelditu dira, historikoki, bai txapelketa nagusietan, eta bai eskolartekoetan, itzal samarrean gelditutako belaunaldi bat. Txapelketa honetan poztu nau tarteko belaunaldi hori dela, besteek behera egin dugunean, erreleboa hartu duena”.

3

“Nire bi lagun onenetako, [Iñaki] Apalategi eta Xamoa, buruz buru hortxe egongo dira; arreba [Alaia Martin] dago tartean, bertso eskolan entrenamenduetan jardun garen guztiak hor daude… Finalista guztiak oso-oso gertukoak dira.

Ondo pasatzera joango naiz ni finalera. Egia esan, neurri batean, baneukan gogoa finaletik kanpo gelditu eta finala beste begi batzuekin ikusteko. Denek ondo kantatuko dutela badakit, oso bertsolari onak direlako. Ea nork daukan zortea. Zozketa izango da gakoetako bat, zein lekutan esertzea egokitzen zaien, gaiek ere asko eragingo dute, sozialak edo emozionalak diren… Irekia izango da”.

FELIX ZUBIA

Hemezortzigarren, txapelketan

“Gazitasun bat badut, Eibarren ez nuelako neure onena eman”
1

“Neure txapelketarekin oso gustura gelditu naiz, oso. Geuretzat, elkarrekin prestatzeko aukera on bat izan delako. Pello Esnal eta Nikolas Zendoia maisu hartuta ibili gara Mantxi [Iñigo Mantzizidor], Nahikari Gabilondo, Beñat Lizaso eta laurok. Aurreneko saioa oso ona egin genuen, final-laurdenetan ere gustura, —Mantxi gelditu zen kanpoan—, eta beste hirurak finalerdietan aritu gara. Ondo, beraz. Nik neuk gazitasun puntu bat badut, Eibarren ez nuelako neure onena eman. Baina, hala ere, oso gustura. Euskal Herriko txapelketarako sailkatu gabe gelditu naiz, baina pentsatzen jarrita, bakarren bat gelditu beharrean zegoen. Berdinduta finalerdietara sartu ez denik ere bada… Txapelketek beti dituzte horrelako gauzak. Pena horrekin bai, bi urteko Euskal Herrikoan ez dudalako kantatuko, eta plaza ederrak izaten dira. Baina gainerakoan oso ondo”.

2

“Maila tekniko oso ona egon da. Beti bezala, gazte asko ateratzen dira, eta zaharrago batzuk atzean gelditzen dira. Hori betiko legea da. Gazte oso interesgarriak ateratzen ari dira, eta hori oso seinale ona.

3

“Egun polita ateratzea eta jende guztia gustura ateratzea espero dut. Askotan, horrelakoetan, nerbioak izaten dira, eta bertsolariek ez dute ematen daukaten onena. Ez dut izenik emango, baina sorpresa egongo da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.