Gipuzkoako bertsolaritzaren festa, bihar

Unai Agirre, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa eseriko dira bihar, 17:00etan, Donostiako Illunbeko oholtzan. Saroi Jauregi eta Ion Zaldua ariko dira aurkezle lanetan. Bertsolarien lana epaitzeaz, berriz, Eneritz Azkue, Elisa Iztueta, Maite Sukia, Zigor Leunda, Bakarne Urreaga eta Mikel Lersundi arduratuko dira.

Inaxi Etxabe bertsolari zumaiarrak jantziko dio txapela irabazleari. Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsolari Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, “plaza ukatu zaion emakume bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari gisa”.

Finalerako sarrerak Internet bidez eros daitezke www.bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek merkeago izango dute sarrera, 15 euroan; 16 urtetik beherakoek 10 euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek 20 euro. Internetez erositako sarrera guztietan agertzen da aretora zein atetatik sartu behar den (3 edo 10 A ateak). Salmenta guneetan sarrera erosi dutenek, berriz, 1. atetik sartu beharko dute. Hala ere, behin aretoan sartuta, bertsozaleek batetik bestera mugitzeko eta nahi duten lekuan esertzeko aukera izango dute.

Illunbera iristeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu du antolakuntzak. 15:30ean irekiko dituzte Illunbeko ateak.

Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrak behar bezala kudeatu ahal izateko (aparkalekua, aretoan kokapena…), antolakuntzari aurrez joango direla abisatzeko eskatu dute: gipuzkoa@bertsozale.eus.

Leave a Reply

Your email address will not be published.