Maite Alustiza
Komikigileak, eskultoreak, literaturan adituak, arte feministari buruz gogoeta egin duten emakumeak, dantzariak, idazleak… Emanaldiak, tailerrak, hitzaldiak, performanceak, mahai inguruak… “Feministaldi oso ezberdinak egon dira urte hauetan, eta jaialdia erreferentzi bat da dagoeneko”. Hamar urte igaro dira Plazandreok plataforma feministak lehen Feministaldia antolatu zuenetik. Juana Aranguren ordezkariak begiratua egin dio kultura feministaren jaialdiaren ibilbideari.
Aurretik egina zegoen lan bati eutsi zion duela hamar urte Plazandreok-ek. “Donostian egon zen Emakumeen Asanbladak eta Emakume Independenteen Taldeak emakume artisten erakusketak-eta antolatzen zituzten, eta haiek egindako lana jaso genuen”. Arangurenek dioenez, beste hainbat arlotan bezala, feminismoak kontsideratzen du artearen munduan ere emakumeek zailtasunak dauzkatela ikusgarri egiteko, bai beraiek eta baita haien ekarpen artistikoak ere. “Feministaldiak nahi du lehenik eta behin elkargune bat izan, esperientziak parteka ditzatela esparru ezberdinetako emakumeek, eta elkarrekin eragin”. Alde ludikoa ere badu; “jai bat” da, musika dago, kontzertuak…
Arteleku izan da urte luzez Feministaldiaren erreferentziazko gunea, Loiolan. Itxi eta gero, iaz Santa Teresako Artelekun egin zuten, Parte Zaharrean, eta duela bi urte, Donostia 2016 gunean. Badira hiru urte Feministaldiak babesa jasotzen duela Donostiako kultur hiriburutzaren aldetik: “Donostia 2016k momentu batean bere programan txertatu zuen Feministaldia. Babestu egin behar ditu martxan dauden egitasmoak eta hiriburutza urtea bukatzen denean ere jarraipena izango dutenak”. Aurten, gustura daude Feministaldia Tabakaleran egiten ari direlako: “Tabakalera lot dakioke emakumeen mugimenduari eta mugimendu feministari”. Arangurenek dioenez, Plazandreok-en eta Emakumeak eta Hiria foroaren aldetik mugimendu ugari egon zen Donostiako Emakumeen Etxea han jartzeko. “Zigarreta egileak oso garrantzitsuak izan ziren Donostiako langile klasearen artean, aitzindari izan ziren emakumeen lan eskubideak eta sindikalak aldarrikatzen”. Orduan ez zuten lortu Emakumeen Etxea han kokatzea, baina, orain, Feministaldia han egiteak “zentzu handia” du Arangurenen arabera: “Zigarreta egileek egindako lan horrekin konektatzea da, lan paralelo bat da artearen munduan. Aurtengo leloak dioen bezala —Kontra—, arte feministak beti zalantzan jartzen du ordena patriarkala; aldarrikatzen du ordena patriarkalari desobedientzia egitea, eta zalantzan jartzen du dominazio sistema bat”.
Donostiako beste zenbait gunetara ere iritsiko da Feministaldia. Guardetxean egingo dute amaierako jaia, bihar, 22:00etan. Emakumeen Etxean, berriz, Emakume donostiarrak 1870-2015, emakumeen emanzipazioa lortzeko bide luzea erakusketa inauguratu dute aste honetan. Urtarrilaren 15era bitarte ikusi ahal izango da.
Leave a Reply