[Urtekaria] Errauste plantaren itzalpean berriz

[Urtekaria] Errauste plantaren itzalpean berriz

Eider Goenaga

Errauste plantaren egitasmoa izan zen EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundira iritsi eta bertan behera utzitako lehen egitasmo handietako bat, handiena ez esatearren. 2011 bitartean errauste plantaren kontrako mugimendua indartsu ibili zen, eta mobilizazio handiak egin ziren Gipuzkoan. 2011n, foru aldundia eskuz aldatuta, errauste plantaren proiektua bazter utzi eta kontrako mugimendua ere itzali egin zen. Aurten, hauteskundeak irabazita, EAJk hasiera-hasieratik iragarri zuen errauste plantaren egitasmoarekin aurrera egingo zuela, eta urtearen azken hiruhilekoan, hainbat mugimendu berpiztu dira, eta haiekin, baita mobilizazioak ere.

Ekainean, kargua hartu berritan, iragarri zuen Markel Olano ahaldun nagusiak Zubietako errauste planta eraikiko dutela. Irailean Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak Olanok esandakoa berretsi zuen. Hondakinen plana egokitu, eta Europako irizpideen arabera eraikiko dutela azaldu zuen, birziklagarria den hondakinik ez dutela erraustuko, eta erraustegiaren tamaina ere egokitu egingo dutela. Edonola ere, Zubietako errauste planta 2019rako martxan egongo dela ziurtatu zuen Asensiok. Urte horretan izango dira berriro udal eta foru hauteskundeak.

Plantaren tamaina

Birziklagarria den ezer erraustuko ez bada, gaikako bilketaren emaitzen arabera erabaki beharko litzateke errauste plantak izango duen tamaina. “Sumatzen dugu ez dela izango aurreko agintaldian diseinatu zenaren oso ezberdina”, adierazi zion Asensiok Diario Vasco-ri elkarrizketa batean. 260.000 tona kudeatzeko diseinatu zuten errauste planta hasieran, baina gaikako bilketan egindako urratsek —tartean, hainbat herritan atez ateko sistema jartzeak— birziklatze tasaren igoera nabarmena eta errefusaren jaitsiera eragin dute. 2014an, esaterako, 170.000 tona errefus besterik ez zen sortu. EAJk eta PSE-EEk gobernatzen duten foru aldundiak, ordea, kopuru horietan ez duela sinisten adierazi du, eta ikusteko dago zer gertatuko den. Kontuan izan behar da zenbat eta txikiagoa izan errauste planta, orduan eta garestiago dela eraikuntza eta kudeaketa.

Hain zuzen ere, BERRIAk hilabete honetan kaleratu du 2012an IBH ingeniaritza aholkularitza belgikarrak Gipuzkoako hondakinen bilakaerari buruz egindako prognosi bat. EAJren eta PSE-EEren konfiantzazko aholkularitza da IBH, eta GHKren zuzendaritzak, eta ondorioz Bilduk, jakin gabe egin zuen prognosia orain dela hiru urte. Bertan jasotakoaren arabera, 2020an Gipuzkoan 2010ean baino %10 hondakin gutxiago sortuko da, gaikako bilketa handituko delako eta demografiaren beherakada bat gertatuko delako; ondorioz, errefusa kopuruetan ere jaitsiera nabarmena aurreikusten du IBHk, 80.000-120.000 tona artean geldituko lirateke, gaikako bilketa %80koa izanez gero.

Errauste planta kopuru horiek kontuan hartuz eraikiko balitz, hasierako proiektuan aurreikusitakoa baino hiru aldiz txikiagoa izan beharko luke.

GHK-ko aurreko zuzendaritzak —Bilduk— ezer jakin gabe egindako prognosiaz ez da ezer jakin orain gutxi arte. Izan ere, Zubietako proiektuko arduradun ohi batek ordenagailu batetik desagerrarazitako agirien artean topatu dute. Ordenagailu horretatik 70.000 dokumentu inguru ezabatu zituzten, eta dozenaka batzuk baino ezin izan dituzte berreskuratu; horien artean zegoen IBHren txostena.

Tamaina gorabehera, aurreikuspen guztien arabera, errauste planta egin egingo dute EAJk eta PSE-EEk. 2016ko aurrekontuetan diputazioak dagoeneko onartu du horretarako lehen diru saila. GHKrentzat 6,2 milioi euroko diru saila jaso du foru gobernuak aurrekontuetan, “aurreikusten diren azpiegiturak egiteko”. Eta 2019ra bitarteko “kredituak” ere jaso ditu —26 milioi pasatxo 2017an, 40 milioi 2018an eta 12 milioi 2019an—. Orotara, 84,4 milioi euroko inbertsio batera iritsi arte. Kopuru hori foru aldundiak GHKn duen pisuaren araberakoa da, eta obra osoaren herena finantzatuko luke.

Aire Garbia eta kontsulta

Errauste plantaren proiektu berpiztearekin, kontrako hainbat mugimendu ere berpiztu dira. Oraingoz, Zubieta inguruko herrietan hasi da mugimendua, batik bat Lasarte-Orian eta Usurbilen. Urriaren amaieran, Zubietan eta Usurbilen Erraustegia Erabakia taldea aurkeztu zuten. Aurreko legealdian EAJ eta PSE-EE ingurutik Bilduri behin eta berriro egindako eskaera bere egin dute, eta errauste plantaren gaia galdeketara eraman dezala eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari; herritarrek erabaki dezatela errauste planta nahi duten ala ez.

Bestalde, Lasarten, Aire Garbia plataformak egin ditu lehen urratsak. Urriaren 27an egin zuten herri plataformaren lehen agerraldia. “Beste herri batzuetan nahi ez dutena ez dugu nahi hemen”, adierazi zuten prentsaurrekoan, gaiak Lasarte-Oriako herritarrengan eragiten duen kezkaren lekuko.

Azaroaren 20an manifestazioa egin zuten, Erraustegirik ez. Aire garbia zioen pankarta buru hartuta. Horrez gain, Lasarte-Oriako udalbatzara mozio bat eraman zuen plataformak azaroaren 10ean. Osoko bilkuran PSE-EEk mozio alternatibo bat aurkeztu zuen, eta hori atera zen aurrera EH Bildu eta Ahal Du Lasarte-Oriaren aldeko botoekin. PSE-EEren jokabideak hautsak harrotu zituen, errausketaren aldeko agertu arren errauste plantaren kokalekuaren kontra bozkatu zuelako. “Norberak bere etxean nahi ez duena besteenean nahi izatea” egotzi zieten sozialistei.

Bestalde, hauteskundeek aldaketa eragin zuten, foru aldundian ez ezik, hainbat udaletan ere. EH Bildurenak ziren hainbat udal EAJren esku gelditu ziren, eta, ondorioz, hainbat herritan atez ateko sistema kentzeko prozesuan dira egun. Eskoriatzan eta Bergaran egin zituzten galdeketak azaroan, eta bosgarren edukiontziaren aldeko jarrerak irabazi zuen bietan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.