[Donostia 2016] Komikilariak kalera aterako ditu Zapart-ek

[Donostia 2016] Komikilariak kalera aterako ditu Zapart-ek

Aitziber Arzallus

Errotuladoreak hartu eta marrazteari ekin zioten Antton Olariaga, Ainara Aspiazu, Dani Fano, Iñaki Holgado, Patxi Huarte Zaldieroa eta Joseba Larratxe marrazkilariek Zapart komiki jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan, orain dela zenbait hilabete. Ez da kasualitatea. Izan ere, komikia atera nahi dute kalera. Eta, horregatik, ekainaren 10etik 12ra Donostian izango den jaialdiaren atarikoa eskaini zuten. Komikilariek beteko dituzte orduan kaleak; pertsonaiek eta binetek konkistatuko dute ingurua.

Donostiako Xabiroijaleak elkarteen ekimenetik sortuta, eta hiriburutza kulturalak sostengatuta, 2016an egiteaz gain komikiaren kultura urteroko ohitura bihurtu nahi dute; are gehiago, Europako komikiaren erreferente izatea gustatuko litzaieke.

Egitaraua ez dute oraindik guztiz zehaztua; etorriko denaren zertzelada batzuk baino ez dituzte eman. Ardatzak, ordea, aski finkatuta dauzkate: zuzeneko marrazketa eta herritarren parte hartzea. Dena dela, iragarri dituzte jada zenbait ekintza. Hala, karikaturagile ibiltariak eta bertsolari eta marrazkilarien arteko saioak eskainiko dituztela aurreratu dute. Tailerrei dagokienez, ipuin kontalaritzak izango du bertan tartetxoa, bai eta gidoigintzak ere. Ildo beretik, kamishibai-a jorratuko dute, ipuinak kontatzeko ohiturazko japoniar era, istorioak eta antzerkia nahasten dituena.

Bestalde, erakusketak ere prestatuko dituzte, bai bertako egileenak, bai kanpokoenak ere. Izenak, baina, ez dituzte jakinarazi oraindik. Horrez gain, hitzaldiak, proiekzioak eta mahai inguruak izango dira protagonista. Eta komikia oinarria izanda, ezinbestean, eskuratzeko aukera egongo da. Batetik, salgai jarriko dituzte; eta, bestetik, bookcrosssing-a sustatu nahi dute —alegia, liburuak kalean uztea—, bai eta trukea ere.

Komikilariak, erdigunean

Marrazkilariak. Horiexek dira jaialdiaren ernamuin eta sostengatzaile. “Sekulako pagotxa da proiektua, zoragarria da. Asmoa sortu da nekatuta gaudelako betiko komiki azokez. Uste dugu gure lana hori baino gehiago izan daitekeela… Erakarri egin nahi dugu jendea. Beti bizi gara kobazulo batean, eta lankidetza egotea gozagarria da beti”, esan zuen Dani Fanok aurkezpenean.

Zaparten ekoiztutako ondare nagusia Donostiako Komikigunean gordeko dute. Leku garrantzitsua izango da jaialdirako.

Donostia 2016ko egitarauaren barruan, Ahotsen itsasargia-ren baitan antolatuko dute Zapart jaialdia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.