[Donostia 2016] ‘Oskara’ ikuskizuna estreinatzear dira Kukai eta La Veronal

[Donostia 2016] ‘Oskara’ ikuskizuna estreinatzear dira Kukai eta La Veronal

Aitziber Arzallus

Sorkuntza prozesuaren azken unean daude Kukai eta La Veronal dantza konpainiak. Hilabetetako lanaren emaitza taularatzeko puntuan. Izan ere, hilaren 30ean estreinatuko baitute Oskara, bi konpainiek elkarlanean sortu duten lana. Donostia 2016ko Elkarrizketak ildoaren barnean egingo dute aurkezpena.

Euskal Herriko konpainiak eta Valentziakoak (Herrialde Katalanak), berez, ez dute elkarren artean zer ikusteko handirik, dantza esparruari dagokionez mundu oso ezberdinetatik datozen bi talde direlako. Horrenbestez, eskuartean duten lana bi mundu koreografikoren batura gisako bat izango da, bi begirada ezberdinen topagune bat: Euskal Herriko kultura tradizionalean du oinarria eta sormenerako abiapuntua; baina, era berean, gaur egungo artisten ikuspegitik sortutako lana izango da.

Kukai konpainia azken urteotan egiten ari den ibilbidean beste urrats bat da Oskara. Izan ere, konpainiako kideak nazioarteko hainbat koreograforekin elkarlanean aritu dira, dantzarekiko duten ikuspegia beste ikuspegi bat duen jendearekin trukatzeko. Horri tiraka, hilabete dezente daramatzate Oskara egitasmoa lantzen La Veronal konpainiarekin. Kukaiko zuzendari Jon Maiak du ikuskizunaren gidaritza, eta La Veronaleko Marcos Morau arduratu da koreografiaz. Dantzan, berriz, Kukaiko lantaldea ariko da: Eneko Gil, Alain Maia, Urko Mitxelena, Ibon Huarte eta Martxel Rodriguez, hain zuzen. Erramun Martikorena kantariak ere parte hartuko du ikuskizunean.

La Veronal konpainiak hastapenetik ardatz nagusi bat du: munduko hainbat lekutatik abiatuz sortu dituzte ikuskizunak. Besteak beste, Islandia, Siena (Italia)… Maiak konpainiaren ildoa ezagutzen zuen, eta asko erakartzen zuen horrek, leku desberdinetako elementuak hartu eta egiten zuten irakurketa estetikoak. Hala, Euskal Herriarekin gauza bera egin zitekeela otu zitzaion, eta ideia Morauri proposatu zion. Horrelaxe jarri zuten abian egitasmoa.

Baina Morauk egiten dituen lanak ez dira dokumentalak, eta Oskara ere ez da izango. Euskal Herriko tradizioan eta mitologian arakatu eta testuingurutik atera ditu elementuak, 2015. urtean kokatuz. Horrek euskal herritarren jatorriaren berri ematen lagun dezakeela uste du, jatorria ikertzeari garrantzi handia ematen diolako.

Koreografoak Euskal Herria ezagutzen ez zuenez, iazko martxoan astebetez izan zen Maiarekin han eta hemen bidaiatzen. Jende askorekin egoteko aukera izan zuen valentziarrak; besteak beste, musika esparruan, jantzien esparruan eta mitologia esparruan.

‘Uda-gau bateko ametsa’

Horrez gain, Uda-gau bateko ametsa antzezlanean ere parte hartuko du Kukai dantza konpainiak, edo behintzat konpainiako zenbait dantzarik. Antzerkia, dantza eta musika elkartzen dituen ikuskizun bat da. Ekainaren 21ean estreinatuko dute lana, udako solstizioaren hasierarekin batera. Hain zuzen ere, lana garatzen den urte sasoian, hilabetez, gauero —euria egiten duen egunetan izan ezik— antzeztuko dute Kristinaenea parkean, 300 bat lagunentzat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.